Abe 23 04

Txekhoven Rothschild-en biolina euskaraz

Finitzen ari garen 2004 urte hau, Txekhoven heriotzaren mendeurrena bezala gogoratu dugu literaturan. Izan be, 1904ko uztailaren 15eko goizaldean hil zen Anton Txekhov idazle errusiarra. Ipuingintzako maisu, antzerkigile handia, bere heriotzaren mendeurrena dela-eta euskarara ekarri diren bere lan guztien bilduma egin genuen uztailean. Orain, berri bat gehitu gura genuke, Jose Morales itzultzaileak errusieratik euskarara ekarritako Rothschild-en biolina, Txekhhovek 1894an argitaratua.

Aza 04 04

Arthur Rimbaud jaio zela 150 urte

1854ko urriaren 20an, orain dela 150 urte, jaio zen Charlevillen Arthur Rimbaud. 20 urte betetzerako idatziak zituen literaturaren historian tokia egin dioten lanak, eta gerora bere beste lanek —Verlainerekiko harremanak, Afrikako bidaiek, arma trafikoak eta abarrek— puztu zuten mitoa. 37 urte zituen hil zenean, 1891ko azaroaren 10ean. Mikel Lasak ekarri du, batez ere, Rimbauden lana euskarara. 1991n Denboraldi bat infernuan liburu seinalatua plazaratu zuen, eta Poemak kaleratu 1993an, poetaren antologia bat. Liburu biak Erein argitaletxeak kaleratu zituen, biak ere edizio elebidunak.
Literatur aldizkarietan ere agertu izana zen, Mikel Lasaren beraren itzulpenak 1987ko Literatur Gazetan, eta Joakin Balentziak euskaratutako Egunsentia, Korrok-en kaleratua. Lasak berak bi liburuetako egindako hitzaurreetan autorearen berri zehatza ematen zaigu. Aste honetan Poemak eta Denboraldi bat infernuan eskaintzen dizkizuegu.

Urr 14 04

Oscar Wilderen jaiotzaren 150 urte

1854ko urriaren 16an, orain dela 150 urte, jaio zen Dublinen Oscar Wilde. Narradore, poeta, saiogile eta antzerkigilea, literaturaren historian tokia eginak dira bere obra eta haren oinarrian diren bere bizitza eta bizitzarekiko bere ikuspuntuak. Euskarara asko eta aspaldidanik ekarria izan da Oscar Wilde. 1927an Joseba Altunak Verdes Atxirika argitaletxearekin Ipuñak liburua plazaratu zuen (Literatur Emailuotan eskainia duguna 2002ko abenduan ), eta gerora asko argitaratu dira. Literatur Aldizkarien Gordailuan ere topa daitezke haren lanak, horien artean Reading baitegiko leloa, Bingen Ametzagak euskaratu eta Euzko Gogoa aldizkarian emana. Literatur Emailu honetan Oscar Wilderen bi antzerki lan eskaini nahi dizkizuegu: Salome, Inazio Mujikak euskaratu eta Baroja etxeak 1987an kaleratua, eta Fidel izan beharraz, Antton Olanok euskaratua, Ibaizabalekin Literatura Unibertsala bilduman 2000. urtean kaleratua.

Ira 16 04

Manuel Maria hil da

2004ko irailaren 8an hil da, 75 urte zituela, Manuel Maria idazle galiziarra. XX. mendeko literatura galegoaren zutabe nagusietako bat, “herriaren poeta” deitua, 50-60etako urteetan hasi zen ezaguna egiten hala poeta nola Galiziako kulturgile eta militante politikoa. Hainbat lanen egile, poema liburuak batez ere, euskarara lehenbiziko itzulitakoa bere bi antzerki-lan izan ziren, Koldo Izagirrek euskaratu eta Antzerti aldizkarian plazaratuak 1985ean: Maiatza zorabiatuaren pastorala (Auto do Maio esmaiolado) eta Berengela izeneko otarantza baten ibilketak eta biribilketak (Aventuras e desventuras dunha Espiña de Toxo chamada Berenguela). Gerora bi poema ere euskaratu zaizkio. Joseba Sarrionandiak Gure amari hitzak euskaratu zuen Susa aldizkariaren separata moduan banaturiko Poemas naufragos liburuan, 1991n, eta Itxaro Bordak Haur begiak, Maiatz aldizkariaren 30. alean, 1998an.

Ira 09 04

Agostinho Netoren heriotzaren 25 urte

1979ko irailaren 10ean hil zen Agostinho Neto, Angolako idazle, iraultzaile eta estatu-gizona. Idazlea gaztetandik lotu zitzaion bere herriaren askapenaren aldeko borroka politikoari. MPLA taldeko sortzaile eta buru, 1975ean Angolak independentzia lortu zuenean Agostinho Neto hautatu zuten lehendakari. Hainbat hizkuntzatara itzulia, euskarara Urtzi Urrutikoetxeak ekarri berri du lehendabizi, Linterna Gorria aldizkariaren 3. zenbakirako euskaratu baitzuen Afrikako negarra poema. Orain, Literatur Emailu honetarako, Koldo Izagirrek, Bego Montoriok, Mikel Elorzak eta Iñigo Aranbarrik bere hainbat poema euskaratu dituzte. Hemen dituzu denak.

Ira 02 04

Celso Emilio Ferreiro

Orain 25 urte, 1979ko abuztuaren 31n zendu zen Celso Emilio Ferreiro, literatura galegoaren XX. mendeko ahotsik gorenetako bat. Bere garaiko seme, poesia sozial-errealistaren eremuan ezaguna baina beste hainbat alor jorratutakoa, euskarara 1984an ekarri zen estreinako aldiz, literatur aldizkarietan. 1984ko maiatzean Korrok aldizkarian, 3. zenbakian, Harrizko gau luzea bere poema ezaguna argitaratu zen, eta Kandela aldizkariaren 2.ean Jon Iñaki Lasak Neno orfo con cabalos ao fondo eta Credo itzuli zituen. 1988an, Euskal Idazleen Elkartearen ekimenez eta Galeuscaren baitan, Ferreiroren 14 poema euskaratu zituen Jesus Etxezarragak, Gabriel Aresti eta Salvador Espriuren antologia batekin batera hiru hikuntzatan prestaturiko edizio batean argitaratu zirenak, Ereinek argitaletxearekin. 1991n, azkenik, eta Galiziako Letren Egunaren karietara, Joseba Sarrionandiak itzulitako poemekin egindako Poemas naufragos elebiduna kaleratu zuen Susak —eta bertan Celso Emilio Ferreiroren Itsaso aurrean etzunik poema—, eta bere aldizkariaren 27. zenbakiaren separata gisa banatu. Poema guztiak jarri ditugu irakurgai, eta baita Ereinen Antologia libururako Xose Maria Alvarez Caccamok egindako hitzaurrea.

Abu 19 04

Czeslaw Milosz poetaren heriotza

1911n gaur egun Lituania den Szetejnien jaioa, 2004ko abuztuaren 14an hil da Cracovian Czeslaw Milosz idazle poloniarra. Poeta handia, 1980an Nobel saria jaso zuen. Euskarara gutxi ekarria izan da, baina apur bat bai. 1984an Pamielak karrikaratutako Alkohola poemak libururako haren bi poema euskaratu zituen Tere Irastortzak. Maiatz aldizkariaren 9. zenbakian, berriz, 1985ean, beste poema bat argitaratu zen. Eta Literatur Gazeta-k Nobel saria jaso zuenean eginiko hitzaldia plazaratu zuen, Eduardo Zabalak euskaratua. Testuok eskaintzen dizkizuegu. Hauez gain, Czeslaw Milosz-i buruz irakur daiteke Literatur Aldizkarien Gordailuan. Koldo Etxabek Literatur Gazeta-ko 6. zenbakian idatzitako artikulua, Poloniako Literatura izenekoa, edo gaztelaniaz argitaratutako poloniarraren poema liburu bati J.M.L.k eginiko kritika, Pamiela aldizkariaren 7. zenbakian plazaratua.

Uzt 15 04

Anton Txekhoven mendeurrena

1904ko uztailaren 15eko goizaldean hil zen Anton Txekhov idazle errusiarra. Ipuingintzako maisu, antzerkigile handia, bere heriotzaren mendeurrena dela-eta euskarara ekarri diren bere lan guztien bilduma egin nahi izan dugu. 1956an kaleratu zen lehena (Guraso zintzoa), Egan aldizkarian, Elizaldek euskaratua, eta gerora Egan-en bertan Pello Zabaletak bi ipuin (Ispilu okerra eta Atezain eskolatua) euskaratu ditu, D. de l’Ak bat (Vanka) Txistu & Tambolin-en eta bakarrizketa bat argitaratu da Zubizabal aldizkarian. Liburuak bi argitaratu dira. 1987an, Begoña Lasak euskaratuta, Bi antzerki labur plazaratu zuen Baroja etxeak. 1990ean, azkenik, eta Literatura Unibertsala bildumaren baitan, Xabier Mendigurenek itzulitako Ipuinak kaleratu zen. Denak dauzkazu hemen irakurgai.
Mendeurren honetarako azken ipuin bat ere ekarri nahi izan dugu, baina ez Txekhovena, Txekhovez baizik. Raymon Carverren Mandatua ipuina itzuli du Harkaitz Canok, non idazle estatubatuarrak Txekhoven bizitzako azken uneekin narrazioa osatu zuen.

Uzt 08 04

Neruda eta Otero Egan-en

1904ko uztailaren 12an jaioa, mendeurrena da Pablo Neruda poeta txiletarrarena. 2003ko iraileko 89. Literatur Emailuan, bere heriotzaren 30. urteurrena zela-eta, eskaini genituen euskarara ekarritako Nerudaren bost poema. Bada besterik: Egan aldizkarian, 1973ko zenbakian, Ibon Sarasolak Pablo Nerudaren poema baten itzulpen “polemikoa” kaleratu zuen. Eta bestalde, mendeurrena dela eta, Jose Luis Padronek oraintsu kaleratu du Amodiozko hogei poema eta kanta bat bakar-mindua poemarioa Gara egunkariarekin. Liburu honetako poemak Nerudaren beraren ahotsean entzun daitezke. Maskarada taldeak, bestalde, Antonio Skarmetak idatzitako Nerudaren postaria taularatu zuen 1997an, Patxo Telleriak euskaratua.
Egan aldizkarian bertan, bestalde, aurki daitezke orain 25 urte zendutako Blas de Oteroren hainbat poema, gaztelaniaz lehenak, eta euskaraz, Gabriel Arestik itzuliak, beste dozena bat. Olerti eta Korrok aldizkarietan ere euskaratu zuten Oteroren poemarik: Literatur Aldizkarien Gordailuan irakur daitezke denak.

maiatza 13 04

Kavafis eta Andolin Eguzkitza

Maiatzaren 6an omenaldia eskaini zioten hainbat lagunek Andolin Eguzkitzari, bera sustatzaile izandako Bilboko Kalderapekoko errezitaldi batean. Andolinen poemak ez ezik, berak euskaratutakoak ere errezitatu zituzten. Santurtziko idazleak Olga Omatos-ekin batera euskaratutako Konstantinos Kavafisen poema-antologia argitaratu zuen, Pamielarekin, 1995ean. Liburuko zenbait poema eskaini genizkizuen bere heriotza zela-eta egindako Emailu berezian. Aste honetan, maiatzaren 6ko errezitaldiaren osagarri, osorik eskaintzen dizugu liburua.

Api 01 04

Milan Kunderaren Jacques eta Nagusia

1929ko apirilaren 1ean, orain 75 urte, jaio zen Milan Kundera idazlea. Literatur aldizkarien bitartez iritsi zen euskarara bere lana. 1987an Literatur Gazetan bi artikulu euskaratu zituzten, eta urte berean Porrot-en Koldo Etxabek narrazio bat itzuli zuen. Beste testutxo bat, azkenik, Garziarena Berria-n kaleratu zen. 1993 ezkeroztik, Karlos Cidek euskaratua, bere “narrazio” bilduma bat irakur daiteke euskaraz: Amodio barregarriak, Ereinek plazaratua. Aste honetan osorik eskainiko dizuegun liburua txekiarraren antzezlan bat da: Jacques eta Nagusia, egileak berak hitzaurrean esaten duenez Txekoslovakiako 68ko udaberriaren ostean sortua. Beatriz Zabalondok eta J.L. Aranguren Txilikuk euskaratua, 1990eko urriaren 18an taularatu zuen, estreinakoz, Bederen-1 taldeak. Susa argitaletxeak argitaratu zuen testua 1990ean.

Mar 11 04

Bobby Sands-en Egun bat nire bizitzan

1954ko martxoaren 9an jaio zen Bobby Sands, oraintxe 50 urte. 27 urterekin hil zen, H Blokeetan burututako gose grebaren ondorioz. Mitxel Sarasketak —preso zela bera ere— euskaratu zuen Bobby Sandsek idatzitako Egun bat nire bizitzan (Txalaparta, 1991) eta orain guk osorik jarri dugu Interneten. Emailu honetarako Sarasketak berak Bobby Sandsi buruz egindako artikulua ere eskaintzen dizugu. Ruper Ordorikak eta Joseba Sarrionandiak ere euskaratu zituzten Bobby Sandsen poema zenbait, Susa aldizkariak Itzalpeko ahotsak izeneko zenbaki berezian argitaratuak. Eta berriki, beste euskal preso politiko batek ere, Jon Mintegiagak, Ama maitea poema euskaratu du, Ataramiñen’03 liburuan karrikaratua.

Urt 22 04

Louis Zukofsky: zazpi poema

Duela ehun urte jaio zen Louis Zukofsky poeta New Yorken, 1904ko urtarrilaren 23an. Objectivist taldearen sortzaileetarik izan zen, George Oppen eta Charles Reznikoff lagun zituela. Talde hartara batuko ziren William Carlos Williams, Lorine Niedecker, Carl Rakosi, Basil Bunting eta Kenneth Rexroth. Louis Zukofskyren zazpi poema euskaraturik ekarri dizkigu Anton Garikanok.

Abe 18 03

Fadwa Touqan poeta hil da

Joan den ostiralean hil zen, 86 urte zituela, Fadwa Touqan poeta palestinar handia. Nabulusen jaioa eta hantxe zendu dena, “pesimista, erromantikoa, oldartua”, definitzen du Itxaro Bordak. Poesia intimista batetik abiatua, bere herriaren eta bizitzaren ibilbideaz bat, erresistentzia kantatzera jo zuen, palestinarra eta emakumea zela beti ardatz izanez. Euskaraz Itxaro Bordak jarri zuen bere poema bat, Itsasora itzultzea, 1988ko udan kaleratu zen Maiatz aldizkariko 16. zenbakian, poeta palestinarrei eskaini zien atal batean. Hementxe duzue.

Aza 20 03

Juan San Martin eta Bertolt Brecht

Aste honetan omenaldia jaso du Juan San Martin idazle eta kultur-eragile eibartarrak, eta horrekin bat, haren jarduera bat ekarri nahi izan dugu webgunera: poesia itzulpena. Prosa liburuez gain, poesia asko idatzitakoa da Juan San Martin Otsalar, eta asko eta ona euskaratutakoa. EHUk kaleratutako Giro gori / Tiempo ardiente (1954-1977) liburuan bildu ziren 1998an Juan San Martinen poemak. Artikulu argigarria idatzi berri du Joxe Azurmendik eibartarrari buruz. Itzulpenak ere asko egina da; guk hona haren lanaren atal bat ekarri nahi izan dugu: Olerti aldizkarian Bertolt Brecht idazle alemanari itzuli zizkionak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak