Tabakoak dakarren kalteaz

Bakarrizketa ekitaldi batean

 

Anton Txekhov

 

PERTSONAIAK:

 

Ivan Ivanovich Nujin, bere emaztearen, musika eskola baten eta neskentzako barnetegi baten zuzendariaren, senarra.

 

 

Eszenatokian probintzietako klub bateko oholtza ikusten da.

 

NIUJIN.— (Patila luzeekin eta biboterik gabe, frak zahar eta higatu bat jantzita, artez sartu, agurra egin eta txalekoa atondu du). Andere agurgarriok eta, neurri baten, jaun agurgarriok. (Patilak txukundu). Nire emazteari, onegintzarako, jendaurrean hitzaldia egiteko esan diote. Zer esango dizuet! Niri hitzaldiak, hitzaldiak berak, berdin dit. Ez naiz irakaslea eta ez daukat unibertsitate mailako graduaziorik, baina egia da azken hogeita hamar urteotan, atsedenik gabe, eta esan daiteke nire osasunaren kalterako eta abar, zientzia arloko gaiez arduratzen naizela, horien gainean gogoeta egiten dut eta idatzi ere batzuetan, artikulu zientifikoak, hala da, ez zehatz-mehatz zientifikoak, ezpada, parkatu esateko modua, itxura zientifikokoak. Beste gauza batzuen artean, azken egunotan artikulu oparoa idatzi dut izenburu honekin: «Intsektu batzuek dakarten kalteaz». Nire alabek oso gogokoa izan zuten, tximitxei buruzko zatia batez ere; irakurri eta gero nik neuk apurtu nuen. Izan ere, edozer idatzita ere, batek ezin ditu pertsiar hautsak baztertu. Pianoan ere tximitxak dauzkagu... Gaurko hitzaldirako gaitzat, zelanbait esatearren, gizadiari tabakoa erretzeak dakarkion kaltea aukeratu dut. Ni neu ere erretzailea naiz, baina emazteak tabakoaren kalteez hitz egiteko eskatu dit eta, beraz, ez dago beste esatekorik. Niri, berez, berdin-berdin dit tabakoaz hitz egitea. Hala ere, herritar agurgarriok, nire hitzaldia behar bezain serio entzuteko eskatzen dizuet, bestela gauza txarren bat gerta daiteke. Hitzaldi zientifikoaren zehaztasunak ikaratzen dituenak, nire hitzei muzin egin eta gelatik alde egin dezake. (Txalekoa atondu du). Arreta eskatzen dut bereziki gelan dauden medikuen aldetik, nire hitzalditik informazio erabilgarri asko atera dezaketelako, izan ere, tabakoak eragin kaltegarriak dauzka, baina horrez gainera medikuntzan ere erabiltzen da. Adibidez, euli bat tabakontzi batean erortzen bada, hil egingo da, kirioetako gorabeheraren batengatik segurutik. Tabakoa, berez, landare bat da... Hitzaldia egiten dudanean, normalean eskumako begian dardara izaten dut, baina zuek ez diozue horri begiratu behar: artegatasunagatik da. Pertsona urduria naiz, orokorrean hitz eginda; nire begia mila zortziehun eta larogeita bederatzian hasi zen dardarka, irailaren hamahiruan, nire emaztea, nolabait, laugarren alabaz, Varvaraz, erditu zen egunean. Nire alaba guztiak jaio dira hamahiruan. Dena den (erlojuari begiratuta), denbora eskas dugunez, hobe da hitzaldiko gaitik ez aldentzea. Esan behar dizuet nire emaztea musika eskola baten eta barnetegi pribatu baten zuzendaria dela, hau da, ez barnetegi batena, antzekoarena baizik. Gure artean esateko, nire emazteak gogoko du gure estuasunez kexatzea, baina berak badu dirutxo bat gordeta, berrogei edo berrogeita hamar mila errublo inguru, nik, ostera, sosik ere ez; baina, zertarako hitz egin! Barnetegian etxeko lanez arduratzen naiz. Jatekoa erosten dut, zerbitzariak zaindu, gastuak idatzi, koadernoak josi, tximitxak kendu, emaztearen txakurra ateratzen dut, arratoiak harrapatu... Atzo arratsaldean sukaldariari irina eta gurina eman nizkion blinisak prestatzeko. Eta ikusi zer gertatu zen: gaur, blinisak egosita zeudenean, nire emazteak agindua eman du sukaldean: hiru ikaslek ez dute jango, amigdalak handituta dituzte eta. Horrela, blinis batzuk gehiago geneuzkan egosita. Zer egiteko agindu du? Lehenengotan nire emazteak sotora eramateko agindu du; baina gero berriz pentsatu eta esan du: «Jan itzazu zeuk blinis horiek, txorimaloa». Umore onik ez daukanean hala esaten dit: txorimalo edo aspis edo satan. Baina nolako satan mota naiz ni? Bera beti dago umore txarrez. Eta nik ez nituen jan, irentsi egin nituen, beti nago gosez eta. Atzo, adibidez, ez zidan jaten eman: «Zuri, txorimalo —esan zidan—, ez daukat zertan jaten eman»... Baina, hala ere (erlojuari begira), hizketan hasi eta hitzaldiko gaitik aldendu egin gara nahikoa. Jarrai dezagun. Dena den, jakina, orain gustura entzungo zenukete tonadillaren bat edo sinfonia bat edo aria bat... (Abesten hasi da). «Borrokaren habarrotsean ez dugu zalantzarik egingo»... Ez dut gogoratzen zein lanetakoak diren hitz horiek... Beste aldetik, ahaztu egin dut esatea emaztearen musika-eskolan, etxeko lanez arduratzeaz gain, matematika, fisika, kimika, geografia, historia, solfeo, literatura eta beste gai batzuk irakasten ditudala. Dantza, kantu eta marrazkirako nire emazteak tarifa berezia hartzen du, dantza eta kantua neuk irakasten ditudan arren. Gure musika akademia Bost Txakurren kalexkan dago, hamahirugarren zenbakian. Segurutik hamahirugarren zenbakian bizi garelako da nire bizitza hain zoritxarrekoa. Nire alabak ere hamahirugarren egunez jaio ziren eta gure etxeak hamahiru leiho ditu... Tira, zertarako horretaz hitz egin! Nire emazteari kontsultarik egin nahi izanez gero edozein ordutan joan zaitezkete etxera, eta eskolako programa, nahi baduzue, atezainak saltzen du hogeita hamar kopekean bakoitza. (Poltsatik folleto batzuk atera ditu). Nik ere, nahi baduzue, emango dizuet. Hogeita hamar kopek aleko! Nork nahi du?

 

Etena

 

Inork ez du nahi? Tira, hogei kopek orduan!

 

Etena

 

Hau nazka. Bai, hamahirugarren zenbakia. Ez daukat zorterik ezertan, zahartu egin naiz, txotxolotu egin naiz... Hemen nago hitzaldia ematen; kanpotik itxura alaia daukat, baina egia esan indar guztiz oihu egiteko gogoa daukat, nonbait, munduaren beste muturrean galtzeko. Eta ez daukat nork entzun; negar egiteko gogoa ere badaukat... Zuek esango duzue: alabak dauzka... Baina zer alaba? Hitz egiten diedanean barre baino ez dute egiten... Nire emazteak zazpi alaba ditu... Ez, barkatu, sei, uste dut... (Tinko) Ez, zazpi! Anna, denetatik zaharrenak, hogeita zazpi urte ditu; gazteenak, hamazazpi. Jaun-andre agurgarriok! (Ingurura begira). Gizon zoritxarrekoa naiz, leloa bihurtu naiz, gauzeztana; baina zuen aurrean aitarik zoriontsuena ikusten duzue. Berez, horrela izan beharko litzateke, eta ez naiz besterik esatera ausartzen. Bazenekite! Hogeita hamahiru urte daramat emaztearekin bizitzen eta esan behar dizuet horiek izan direla nire bizitzako urterik onenak, beharbada ez onenak akaso, baina halako zerbait. Hitz batean esanda, une zoriontsu baten moduan igaro dira; nahiz eta, egia esan, deabruak eraman ditzala. (Ingurura begiratu). Antza, bera ez da oraindik heldu, ez dago gelan, beraz nahi dudan guztia esan dezaket... Begiratzen didanean, beldur ikaragarria sentitzen dut... beldur ikaragarria. Tira, esan dizuedanez, nire alabek ez dute hainbeste denboran senarrik aurkitu lotsatiak direlako eta gizonekin hitz egiten ez dutelako. Nire emazteak ez du nahi gau-ekitaldirik egin eta inoiz ez du inor bazkaltzera gonbidatzen; emakume zikoitza, haserrekorra eta marmartia da, horregatik inor ez da gu ikustera etortzen, baina... isilpean esango dizuet (Kriseilura hurreratuta). Nire emaztearen alabak izebaren jai handietan ikus daitezke, Natalia Semionovnarenean, erreuma daukana eta pikartadura belzdun jantzi horia erabiltzen duena, labezomorroz estalita dagoela dirudiena bera. Haren etxean aperitiboak ere egoten dira. Eta nire emaztea ez dagoenean, hau ere egin daiteke (Ukondoa altxatu du). Lehenengo kopa edanda mozkortzen naizela esan behar dizuet eta halakoetan ariman arintasun modukoa sentitzen dudala eta aldi berean hain tristura handia... gai ere ez naiz adierazteko; dena delakoagatik, gaztetako urteak gogoratzen hasten naiz eta nonbaitera ihes egiteko gogoa etortzen zait. A, bazenekite zelako gogoa etortzen zaidan! (Bero-bero). Ihes egin, dena utzi, atzera begiratu gabe alde egin... baina nora? Edonora bizitza zital, arrunt eta miserable honetatik ihes eginez gero, lelo zahar eta errukarria, txotxolo zahar eta errukarria bihurtu nau eta; zeken memela, doilor, gaizto, gaizto, gaizto honengandik ihes egin; nire emaztearengandik, orain dela hogeita hamahiru urtetik hona nahigabetu nau eta, emaztearen musikatik, emaztearen sukaldetik, emaztearen dirutik ihes egin, huskeria eta txikikeria honetatik guztietatik... leku urrunen batean geratu, basoan, eta zutik geratu zuhaitz baten antzera, poste baten moduan, txorimalo bat bezala, zeru zabalaren azpian, eta gau osoan zeruan ilargi isil eta argiari begiratu, eta ahaztu, ahaztu... O, nahiago nuke ezer ez gogoratzea!... Orain dela hogeita hamar urte ezkontzeko eraman nuen frak zahar higuingarri han... (fraka erantsi du) etengabe onegintzarako hitzaldiak emateko darabildan hau kendu ahal izango banu! ... Tori! (Zapaldu egiten du). Tori! Bizkarra gastatuta eta apurtuta daukan txaleko hau bezain zahar, pobre eta penagarria naiz... (Bizkarra erakusten du). Ez dut ezer behar! Hori baino garbiago eta jasoagoa naiz; garai batean gaztea, argia izan nintzen, unibertsitatean ikasi nuen, ametsak nituen, pertsonatzat neukan neure burua... Orain ez dut ezer behar! Ezer ere ez, lasaitasun apur bat baino... Lasaitasun apur bat! (Alde batera begiratu eta arin-arin fraka jantzi du). Baina emaztea ikusten dut bastidore atzean... Heldu da eta han daukat zain... (Erlojuari begira). Denbora bete da. Galdetzen badizue, mesedez eskatzen dizuet: esan hitzaldia izan dela... txorimaloa, hau da, ni, duin egon dela. (Albo batera begiratu du, eztarria garbitu du). Hona begira dago... (Ahotsa altxatuta). Horretatik ateratzen da tabakoak barruan pozoin izugarria daukala, orain aipatu dudana, beraz ez da inoiz erre behar. Eta, «tabakoak dakarren katearen gaineko» hitzaldi hau zuentzat, nolabait, baliogarria izango delakoan, amaitu egingo dut. Dixi et animam levavi! (Agur egin eta artez irten da).

 

Zubizabal, 1. zkia., 1999ko ekaina

 

 

© Anton Txekhov

 

 

Anton Txekhov euskaraz