Vanka

 

A. Chejov

 

euskaratzailea: D' de l'A

 

Vanka Chukov, bederatzi urteko mutikoa, duela hiru hilabete Alojin zapatariaren etxean lanbidea ikasteko jarri zutena, Gabon gauean ez zen oheratu. Ugazaba eta ofizialak, hamabiak inguruan, gauerdiko meza entzutera eleizara joan zirenean, armairutik tinta potea eta mutur herdoildun luma bat hartu zituen, eta, bere aurrean orri zimur zimur bat jarriz, idazteko gertatu zen.

        Hasi orduko begirada bat jaurti zuen ateruntz, begiradan ustegabe harrapatua izan ote beldurra nabari, zoko iluneko ikonora begiratu eta hasparen luzea egin zuen.

        Papera aulki baten gainean zegoen, bera aurrean bere belauniko.

        «Konstatin Makarich aitona maitea —idatzi zuen—: Neu naiz. Eguberriagatik zoriontzen zaitut eta Jainkoari zu zorionez bete zaitzala eskatzen diot. Ez daukat aitarik ez amarik; inor ez, zeu izan ezik.

        Vankak leiho ilunera begiratu zuen, bere kristaletan kandela isladatzen zen, eta bere aitona Konstantin Makarich imaginatu zuen, Chivarev-tarren etxean gauzain, sasoi hartan. Aguretxo zimel eta bizia zen, beti irrika eta edale begiz. Hirurogeita bost urte zeuzkan. Egunez sukaldean lo egiten zuen sukaldariekin berriketan ez bazebilen. Gauez, pelliza haundi batetan baturik, finka inguruan pasiatzen zuen, eta noizbehinka makilatxo batez plantxa kuadratu txiki batetan joten zuen, lo ez zegoela jakin arazi eta lapurrak beldurtzeko. Zakur bik laguntzen zioten: «Kanelo» eta «Suge»k. Azken honek bere izena merezia zeukan: gorputz luzeduna eta oso maltzurra zen, eta beti asmo okerrak izkutatzen zituela zirudien; nahiz eta edozeini begi laztangarriz begiratu, inor ez zen fidatzen. Maitasun mozorrotu haren azpian jesuita fedegaiztoa suma zitekeen.

        Jendearengana astiro hurreratu, erreparatua izan gabe, eta iztarretatik heltzea gustatzen zitzaion. Sarritan laborarien etxeetatik oilaskoak ohosten zituen. Astinaldi galantak ematen zizkioten; bi aldiz urkatuta hiltzeko zorian egon zen; baina beti estualdietatik bizirik atera eta hiltzat zeukatenean berbiztu egiten zen.

        Momentu hartan, Vankaren aitona, atondoan, elizaren leiho argituak begira, sukaldariak eta neskameak txantxetan jartzen eta, berotzeko, eskuak igutzi baten izango zen, hainbaten. Agure-irrifarrez bromak egingo zizkien emakumeei. —Hautsik nahi duzu?— Galdegingo zien, tabakontzia sudurrera hurreratuz. Emakumeek doministikun egingo zuten. Agurea poz pozik, barrez lehertuko zen, eta esku biez esteak eutsiko zituen.

        Ondoren zakurrei eskeiniko zien hautsa. «Kanelo»k eztul egin, burua astindu eta bere dinitatea minduriko gizon baten keinu zaputzarekin alde egingo zuen. «Suge»k, azaltzuri, benetako sentimenduak beti izkutatzen, ez zuen eztulik egingo eta buztanari eragingo zion.

        Denbora hobe ezina egingo zuen. Atmosfera garbi eta freskuan lasaitasun handia egongo zen. Gauaren iluntasuna gorabehera, herrixka osoa ikusiko zen, bere teilatu zuriak, tximinien kea, ihintzak zilarreztaturiko zuhaitzak eta elur piloak ikusiko ziren. Zeruan milaka izarrek lurrari keinuak egiten irudituko zuten. Ostrailika ederto nabarituko zen, jaiagatik garbitu eta elurrez igurtzi balute legez...

        Vankak, guzti hau imaginatuz, hasperen egiten zuen.

        Berriz ere luma hartu eta idazten jarraitu zuen.

        «Atzo jo egin ninduten. Maisuak ileetatik heldu eta gerrikokada batzuk eman zizkidan bere haurra sehaskatzen nenbilenean loak hartu ninduelako. Beste egunean maistrak sardina bati tripak kentzeko agindu zidan, eta ni, burutik hasi beharrean, buztanetik hasi nintzelako maistra horrek sardina hartu eta aurpegira jaurti zidan. Beste aprendizak, ni baino nagusiagoak direnez, mortifikatu egiten naute, tabernara vodka bila bidaltzen naute eta maistrari pepinoak lapur erazten dizkidate, eta konturatzen denean hautsa astintzen dit. Ia beti gose naiz. Goizez ogikozkor bat ematen didate. Beste gauzarik sekula, ezta katilu bete te ere. Atarian lo egiten dut eta hotz handia jasatzen dut; eta gainera, haurtxoari lo eragin behar izaten diot, eta berak ez dit lorik egiten uzten bere txilioekin... Aittona: ona izan zaitez, atera nazazu hemendik, bizi modu hau ezin dut jasan eta. Errespetu handiz agurtzen zaitut eta Jainkoari beti zure alde eskatuko diodala agintzen dizut. Hemendik ez banauzu ateratzen hil egingo naiz.

        Vankak nigarrez hasteko keinua egin zuen, begiak igurtzi zituen ikumilez eta ezin izan zuen nigarzotina izkutatu,

        «Ahalik eta gehien lagunduko dizut —jarraitu zuen pixkatera—. Zure alde erregutuko dut, eta nirekin pozik ez bazeunde jo nintzakezu nahi beste. Lana bilatuko dut, artaldea zainduko dut. Aittona, atera nazazu hemendik, bestela hil egingo naiz. Nik aldegingo nuke eta zurekin herrixkara joango nintzateke, baina botarik ez daukat eta joateko hotz handiegia egiten du. Nagusitzen naizenean neuk mantenduko zaitut eta ez dut onartuko zu inork min zaitzanik. Eta hiltzen zarenean, Jainkoari zure arimaren alde erregutuko diot, orain nire amaren arimagatik erregutzen diodan legez.

        «Mosku hiri oso handia da, jauregi eta zaldi asko dago, baina ardi bakar bat ere ez. Zakurrak ere badaude, baina ez dira herrikoak bezelakoak; heldu ez dute egiten zaunkarik ere ez ia. Denda batetan arrantzarako hamukaina bat hamu eder batekin ikusi dut, arrain handienak ere harrapa litzezke harekin. Dendetan eskopetak ere primerakoak saltzen dira, zure jabearenaren modukoak. Garestiak izango dira, gutxienez ehun rublo bakoitzak bai. Haragitegietan eperrak, erbiak, untxiak-eta saltzen dituzte, batek daki non harrapatzen dituzten.

        «Aittona: jabeen etxean Gabonetako zuhaitza piztean, hartu eta ondo izkuta urre koloreko intxaur bat. Gero, ni joaterakoan, emango didazu. Olga Ignatievna damatxoari eska diezaiozu; esan Vankarentzat dela eta emango dizu, bai.

        Vankak berriz ere hasperen egiten du eta leihora begira gelditzen da. Urtero, jai bezperan, nagusientzako zuhaitza ebaki behar zenean, aitonarekin basora joaten zela gogoratzen du. Hura bai xarmangarria! Hotzak masailak gorritzen zizkion, baina ez zitzaion axola. Zuhaitza amildu orduko, aitonak pipa piztu eta Vankaren sudur izoztuari buruz broma batzuk esaten zituen. Ihintzez estaliriko izei gazteek, beraien gelditasunean, beraietako baten bati zegozkion aizkorakaden zai ziruditen. Batbatean, elur piloen gainetik jauzika untxi bat lasterketa bizkorrean agertzen zen. Aitonak ikustean, urduritasun plantak erakutsi, eta makurtuz orroa egiten zuen: —Heldiok, heldiok! Ah, zatarra!

        Ondoren aitonak izei bat amilduz, bien artean jabeen etxera eramaten zuten. Han, zuhaitza jairako prestatua izaten zen. Olga Ignatievna damatxoak inoik baino adore handiagoa agertzen zuen lan honetan. Vankak asko maite zuen. Bere ama bizirik eta jaunen zerbitzura zegonean, Olga Ignatievnak bonboiak ematen zizkion, irakurtzen eta batetik ehunera zenbatzen erakusten zion, dantzan ere. Baina, ama hilik, Vanka umezurtza sukaldeko morroitzara sartu zen, bere aitonarekin batera, eta gero Moskura, Alojin zapatariaren etxera, lanbidea ikas zezan...

        «Zatoz, aittona zatoz!» —gogoeta labur baten ondoren, jarraitu zuen idazten mutikoak—. Jaungoiko jaunaren izenean otoi egiten dizut hemendik atera nazazun. Umezurtz gixajo baten erruki har ezazu. Denek iraindu, jo eta irri egiten didate. Eta, gainera, beti gose naiz. Eta gainera itzelean aspertzen naiz eta nigar besterik ez dut egiten. Herenegun, etxandereak lurrera erori eta tarte batez jaso ezinik eduki ninduen ainako lepondokoa eman zidan. Hau ez da bizitzea; zakurrak ni baino hobeto bizi dira... Alena sukaldariari, Egorka kotxemutilari eta gure herritxoko lagun guztiei gorantziak. Nire akordeoia ondo gorde eta ez inori utzi. Besterik gabe, badakizu zure bilobak maite zaituela.

Vanka Chukov

        Zatoz laister, aittona».

        Vankak orriari lau tolesdura eman eta aurreko egunean erosiriko kartazalean sartu zuen. Gero, pixkat gogoetaka ekin zion eta kartazalean ondoko zuzenbidea idatzi zuen:

        «Herritxoan, Nire aittonari».

        Beste gogoeta berri baten ondoren, zera erantsi zuen:

        «Konstantin Makarich».

        Inoren trabarik gabe gutuna idatzi ahal izanak pozturik, txapela jantzi eta beste beroki barik, kalera abiatu zen.

        Harakinak, zeini aurrez galdezka joan zitzaion, gutunak buzoietara bota behar zirela esan zion, handik batu eta mundu guztian zehar «troika»z banatuak izateko.

        Vankak bere eskutitz bikaina buzoi gertuenean jaurti zuen...

        Ordu bete beranduago lo zetzan, itxaropen goxoz sehaskatua.

        Baserriko berogailu beroa ikusi zuen ametsetan. Bertan jarria, bere aitona sukaldarisei Vankaren gutuna irakurtzen. «Suge» zakurra berogailuaren inguruan pasiatzen eta buztana mugitzen...

 

Txistu y Tamboliñ,

y Euskadi el país menos movido:

el que no está parado está detenido,

1986ko azaroa

 

 

© Anton Txekhov

© itzulpenarena: D' de l'A

 

 

Anton Txekhov euskaraz