Bobby Sands
H. block
Bobby Sands
euskaratzaileak:
Ruper Ordorika eta
Joseba Sarrionandia
Bobby Sands 1981eko maiatzaren 8ean hil zen, H. Block gartzelako ospitalean, hirurogeitasei egunetako gose greba ondoren. Hogeitazazpi urte zituen orduan eta bere bizitza laburraren azken bederatzi urteak ia osorik eman zituen preso IRAn volunteer bezala ekiteagatik.
Armada Britainiarrak etxe baten miaketan lau arma topatu eta Bobby Sands detenitu zuen kolaboratzaile bezala. 1973.eko apirilean bost urtetako kondena jaso eta hiru urtetan egon behar izan zuen Long Kesh-eko presondegian, preso politikoaren statusarekin. Denboraldi hartan Bobby Sands irakurle amorratua bilakatu zen eta Irlandako Errepublika Sozialistaren aldeko militante erabatekoa irten zen handik. Sei hilabete beranduago berriz atxilotu zuten eta zazpi egunetako interrogatorioen ostean hamalau urtetako kondena jaso zuen, arma bat edukitzearen salakuntza pean.
Preso politikoaren statusa galdurik, Bobby Sands-ek ez zuen eduki ez libururik, ez egunkaririk, ez irrati edo telebistarik, bere bizitzaren azken lau urtetan. "Prisons Poems" delako bilduma Bobby Sands hil eta bost hilabetetara argitaratu zen eta bertan "H. Block Trilogia" eta hamasei testu bereziak aurkitu ahal dira. Ezinbestean, poema haien orijinalak Gobernu Britainiarraren komuneko paper ofizialean idatziak daude edo erretzeko paperetan, idazleak berak gorputzaren barruan zeraman boligrafo errekanbio bategaz.
Ondoren irakurtzeko dituzuen lau poemak "Prisons Poems" bilduman topatu ahal dira. "Haro Modernoak" izenekoa Joseba Sarrionandiak euskaratu zuen eta "Izkiriaturik Aurkitu Ditudan Ene Poemak" liburuan irakurri ahal da (Pamiela, 1985). Beste hirurak argitalpen honetarako apailatu ditut.
Itzulpenetaz gauza bakarra esan beharko litzateke: kontutan izateko orijinalak errima eta neurritan tajuturiko egituretan direla, Irlandako tradizioan. Euskaratzerakoan baldintza horiek ezin bete eta heurekin ezabatuko da testuen xarma apur bat, jakina. Bobby Sands-ek berak, zigor zeldetan zarraturik zeudenean, poemak errezitatu eta kantatu egiten ei zizkien inguruetako zeldetan zeuden preso lagunei. Hauentzat, ilunkerako aldi hura izango zen eguneko hurkigarriena. Emozio haren oihartzuna baino ez zaigu gelditu. Eta testuok.
Pausa leku bat
Eguna astiro doalarik beste gau bat da poliki sartzen.
Denbora ez da ez aldatzen, ez hiltzen.
Larratxoriaren kantua da egunaren aldia,
Gauaren beltza txirrioaren karraxia.
Euririk badakar haizeak, izpirituaren malkoak.
Laster adituko dira burdinetan giltzaren hotsak.
Tren bat da trenbidetik iragan.
Gizonak badu Jainkoaz gain, zertaz beldur izan.
Arristiriko beleak hegaldatuko liratekeen alderantz ene gogoetak badoaz
Eta itsuki nabigatzen ari dira, itsasontziak gauez bezala,
Gogoeta batek kolpaturik bihotza hausten duenak
Arraigh presondegiko berrogei emakumerenak.
Ai! eta nahiago nuke lagun zintzoen artean egon,
Sutondoan, han non iratxoek dantzan egiten duten, ikustezinak,
Urrun H. Block infernuko deabru beltzetatik,
Ene bihotza torturatu eta ametsetan berenganatu egiten nautenak.
Pozik pausatuko nintzateke otea hazten den parajean,
Txokak kantuan egiten dueneko haitzen azpian,
Cormoney hilerrian, haren muinoaren azpian,
Egunak ekar dezakeenari beldurrik gabean.
Haize negartiak
Ai! Martxo hotzaren haizea, zure arrengura krudelak
Latzak dira presoen bihotzean,
Erregu oihuak ekartzen baidizkidazu ene amarengandik,
Aldendu behar dudan harengandik.
Bere negarminak aditzen ditut,
Bere tristurak zirraratu egiten nau,
Eta gartzelako zeldaren iluntasunean
Malko batek berotu dizkit begiak.
Ai! haize xistukaria, zergatik negarrez ari
Edonora joateko libre zarelarik.
Ai! ez da izango bihotza daukazula apurturik
Eta pusketak urruti urruti barreiaturik.
Edo jasaten dituzula askatasunik gabe
Jaiotakoen karraxiak,
Zure norabideak bezala kontrolik ez daukatenak,
Patu soberanorik gabekoak.
Ai! haize bakartia, bekatoren arima ehiztatzekotan
Gaua erabiltzen duena.
Erruki zaitez nitaz, mutil mixerable honetaz,
Zahartzarora sekula helduko ez dena.
Erruki zaitez oinazetan daudenetaz,
Gatibua eta esklabua,
Eta Jainkoaren hatsa eztiro zabaldu,
Ene hilobi umilaren gainean.
Ai! Martxo hotzaren haizea, iluntasuna trenkatzen duena,
Tonu zaharretan egiten duzu oihu,
Jainkoaren aurrera eraman dituzun lagunen arimengatik,
Nahiz haien arrengurak oraindik jasan.
Ai! haize negartia, gau bakarti honetan
Ene amaren bihotza minduta dago.
Ai! den guziaren Jainkoa, putz egizu askatasunaren arnasa
Amak ez dezan gehiago negarrik egin.
Kamaradak iluntasunean
Urrezko eguzki distiratsua heldu zen,
Ilundutako zeruetan zehar,
Gatibua ametsetatik iratzarriz,
Bere begien gainera jeistean.
Askatasunaren bidea zuen argitu,
Larratxori kantariari agindu,
Kimu negarti bat eraman zezan,
Ilunpeko loreengana.
Haik loratu ziren bide zidor eta herrietatik,
Askatasunaren usain lurrintsuaz,
Bihotza emanik lagun nekatuari,
Egun ilunen joan etorrian.
Indartsu eta eder hazi ziren haik,
Fortuna hotza eta gogorraren artean,
Heuren sailetako lorerik ederrenak,
Iluntasunaren arrosak.
Guda haizea gogor zetorren xahuketan,
Loreak ez zuen negarrik egin,
Ai! nola hausten duen askatasun zalearen bihotza,
Lehen arrosa hiltzen ikusteak.
Soldadu batzuek deserrotu dute baratzeko alaitasuna,
Erre aztarna bat utziaz
Orain iluntasunean kateaturik dagoen
Zilar petalodun lorearen baitan.
Lore horik negarrez ari dira zelda heze hotzetan,
Ilunbea argitzeko eguzkirik ez,
Torturaren mesprezio zitalena pairatzen,
Sasoi onenean zimel daitezen.
Baina ez dira inoiz errendituko lore maitagarri hauk,
Askatasunaren seinalea aditzen dute,
Behartsua gidatzeko argia dira
Lore horik iluntasunean.
Ez dit ardura gu askatasun zaleak hiltzeak,
Ikus dezagun baratzeko lorea,
Eta txilinbelar ixilak burua jasotzen,
Indar guziaz altxatzeko.
Malko bat ari naiz eusten, bihotzean minetan erditua,
Arc-eko Joana bat inoiz izan bada,
Ziega ilunean dagoen
Benedikaturiko lore horietako bakoitza izango da.
Haro modernoak
Haro modernoetan bizi omen gara
Mila bederatzirehun eta hainbestegarren
urte zibilizatuan
Baina ingurura begiratuez gero
Tortura eta hipokresia aurkitzen dut
Haro moderno hauetan hil egiten dira haurrak,
Gosez hiltzen dira, zergatia ez du
inork galdetzen,
Eta izuturik, biluzik, korrika doaz neskatilak
Beren oheak gauez bonbardeatu dituztelako.
Diktadore lodiak beren tronoetan eseri dira
Gazte askok gurasoen hezurrak
ehorzten dituen artean,
Eta ilunbetako polizia sekretuek norbait
Elektrokutatuko dute, populua esnatu orduko.
Burokratek, espekuladoreek eta lehendakariek
Beren masailetan irribarreak
eskegitzen artean
Preso bakartiak bere hobiaren sakonetik oihukatuko
Eta andereren batek
geroko gizagaisoa erdituko du nonbait.
|