HITZAURREA

 

Anton Garikano

 

        Katherine Mansfield 1888an jaio zen Wellingtonen, Zeelanda Berrian, baina bai berarentzat eta bai bertako askorentzat Britainia Handia zen benetako amets-etxe eta helmuga.

        Hamalau eta hamazazpi urte bitartean Londresen ikasi ondoren Zeelanda Berrira itzulirik, ez zuen etsi Ingalaterran bizitzen jarri zen arte, oraingoan betiko, 1908an. Bai hauetan eta bai ondorengo joan-etorrietan, ordea, badirudi ez zela inon pozik sentitu.

        Zorion bila, noraezean ibili zen urteetan eta urteetan, eta bere gorputz herratua sarri erori zen ostatu eta hotel gelatan, laguntza eskaini ziotenen besoetan, goxotasuna eman ziotenetan... Zeelanda Berriko familiak eta bizi izan zen garaiak ez zuen ulertu eta barkatu K.M.-en ibilera heterodoxoa. Maitasun beharrak bultzaturik, ugari izan ziren berarekin harremanak izandako gizon eta emakumeak.

        1909an George Bowdenen ezaguera egin —hark eman zion idazten hasteko modua The New Age aldizkarian—, eta harekin ezkondu zen, nahiz eta Garnet Trowellengandik haurdun egon. Laster bildu zen ostera Garnetekin, herriz herri ibili ohi zena musika jotzen orkestra batean.

        Amak Alemaniara lagundu ondoren hango bainu-etxe batean erditzeko, haurra galtzeak nahigabe handia sortu zion. Han zegoela maitemindu zen Floryan Sobieniowski itzultzaile poloniarrarekin. Nonbait, hark ezagutarazi zion Txejoven obra, baina baita gonorrea erantsi ere. Garai hartan eritasun sendaezin eta izen txarrekoa, ondorio larriak eragin zizkion heriotza bitartean: oinaze latzak, bihotzeko ezinak... Alemaniako egonaldi hark inspiratu zion bere lehen liburua, In a German Pension, 1911n argitaratua.

        Urte berean ezagutu bide zuen John Middleton Murry. Biak bat eginik maitasunari eta lanari esker —haren Rhythm aldizkarian hasi zen K.M. idazten—, aurrekotik bizi-alargundu eta Murry hartu zuen ondoan. Bere memorietan ageri denez, baina, beren harremana gorabehera askokoa izan zen. K.M.-ek askotan egozten zien gizonei baldarrak izatea sentimendu mailan, krudelak, handinahiak, engainatzaileak...

        Virginia Woolfekin ere tratu estua izan zuen 1916az gero, eta gertutik jarraitu zuten batak bestearen lana. Izan ere, biak ziren zutabe tinkoak orduko emakumeen borrokan, tradizioak agintzen zien zereginetik ihesi, gizonen maila berdina nondik iritsiko.

        D.H. Lawrencen lagun eginik, hark kutsatu zion, agi danean, tuberkulosia. Lehenez gain, orduan eta gehiago gaixotu zen, eta diru estuasunak ere kalterako izan ziren.

        Bere kontakizun laburrak, neurri handian, bere txikitako bizimodu viktoriarraren ispilu dira: dotoretasun eta fintasuna kapelu eta blusa berrien forma harturik, aldamenean mirabeak, hipokondriazko ukituak, festak, lore koloretsuak, afektazio itxurati bat... Azal horren azpitik, badirudi K.M.-ek benetako sentimenduak agertu nahi dituela, inguru hotz baten artetik distiratzen duten argiuneak, istant batez piztu eta berehala itzaltzen diren irudiak, hori dena hizkuntz ekonomia harrigarri batekin. Bertan balego bezala, irakurleak bat egiten du momentu horiekin. Izan ere, deskripzioak bikainak dira, zehatzak, bizitza darie. Hutsalak diruditen xehetasunek balio sinboliko indartsua hartzen dute, betiere inoren barrua errotik aztertu nahian. Hori da, azken batean, K.M.-en ardura: giza jokabidearen berri ematea, bere kontraesan eta gordintasunekin, modu poetikoan.

        1922an Lorategiko Festa argitaraturik, gehiago idazteko gauza ez eta osasun bila abiatu zen herriz herri. Frantziako Fontainebleaun hil zen, handik urtebetera, hogeita hamabost urte zituela.

 

 

© Anton Garikano

 

 

"Mansfield / Lorategiko festa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus