Uzt
21
24
Nobela eta ipuingile gisa goia jotako idazlea izan zen Ernest Hemingway. Poesia ere idatzi zuen. Eta Josu Jimenez Maiak euskaratu eta Maiatz aldizkariaren 77. zenbakian argitaratu zituen 2023ko azaroan. Uztailaren 21ean, igandearekin ospatzen dira Ernest Hemingway jaio zela 125 urte, eta Euskal Herrian izan diren eta egitekoak diren ekitaldi ezberdinen karietara, euskarari ekarritako poemak sarean jarri ditugu.

Uzt
11
24
Poeta, eleberrigilea, aktibista, Espainiako gerran soldadu ibili eta Frantziara erbesteratua, han erresistentzia lanean jarraitu zuen Joaquim Amat-Piniella katalanak, alemanek atxilo hartu eta Mathausengo kontzentrazio-esparrura eraman zuten arte. Handik bizirik irtenda, esperientzia hura KL Reich liburuan jaso zuen (Amical Mathausen elkartearen sortzaileetakoa da berau), eta orain euskaraz irakur dezakegu, Jexuxmari Zalakainek euskaratu eta Booktegik argitaratua. Kontzentrazio-esparruei buruz idatzitako errelato gordina, ona. Ez da Zalakainek katalanetik ekarri digun obra bakarra, Booktegin bertan argitara eman baitu Avelli Artis-Gener Tisner idazlearen Opoton zaharraren hitzak. Idazle, kazetari eta komikigilea, gerratik erbestean Frantzian atxilotze-esparrua bizi izan zuen Tisnerrek ere. Mexikora desterruan joana, hango kulturaren ezagutzak eta sentiberatasun partikular batek eraman zuten Opoton zaharraren hitzak idaztera, umorez betetako istorioa non 3.000 eta gehiago gudari aztekek Iberiar penitsula “aurkitu” zutenekoa kontatzen den.
Uzt
04
24
Vascular izeneko liburuan June Cresporen artelanak, artistak euskaraz idatzitako eguneroko bat eta Miren Agur Meaberen poemak batu dituzte.
Caniche argitaletxeak eta Guggenheim Museoak argitaratuta, Miren Agur Meabek gurean sareratu eta irakurgai dituzue orain.

Eka
26
24
Mohammed el-Kurd idazle palestinarraren Rifqa poema liburua plazaratu du Katakrak argitaletxeak, Eider Beobidek ekarri ditu euskarara. Asteburuan EHZ festibalean, poemak jendaurrean irakurriko dituzte itzultzaileak berak eta Xalba Remirez kazetariak Arberatzen. Palestinako egoera latza dakarte poemok lerro artera, eta EHZ jaialdian irakurriko dituzten sei poemak paratu ditugu sarean, irakurgai.

Eka
18
24
Euskal idazle gutxi dira beren ibilbidea ia osorik teatroa idazteari eskaini diotenak, eta horietakoa dugu Pablo Barrio. Ganbila bildumaren baitan argitaratu berri, itxuraz galduta eta alderrai dabiltzan pertsonaiak batzen dira 2074 antzezlanean. Agertokiaren erdian itxuraz noraezean eta umezurtz, etengabe galderak pausatzen dizkigute pertsonaiok. Umorez, antzerkiarekiko pasioz eta kritika sozialez lepo dagoen testua uzten dugu orain irakurle zein antzerkigileen esku, bertako pertsonaien bizi-dardara kutsatzeko prest.

Eka
17
24
Mikel Ayllon eta Piszifaktoria Ideien Laborategiaren eskutik, gerra gai bezala hartzen duen ezohiko triptiko bat dakarkigu Ganbila bildumak oraingoan. Antzezlan itxurako hiru bala dira triptiko horren osagaiak: Bunker, Hau ez da gerra bat eta Hau gerra bat da. Hiru bala hauek leku berean dute abiapuntua, eta hirurak dira lan gordin, zuzen eta gupidarik gabeak. Haien arteko loturak eta oihartzunak topatuko ditu irakurleak, ikerketa bide beraren zati diren heinean. Gerraz ari dira, baina funtsean, jendarte, bikote, bidaide egiten eta desegiten gaituzten harremanez ere bai. Adierazgarria da hitzaurrea bera, aurkezpen izaera gainditu eta gogoeta bide kritiko bat oparitzen diguna.
Eka
12
24
XX. mendeko errusiar poetetarik handietako bat dugu Sergei Jesenin, bere 30 urteko bizitza laburrean sona eta itzal handia erdietsi zuena. Sentiberatasun handiko poeta, ildo erromantikotik modernagoetara jauzi egin zuena, lehendik euskaratuta dauzkagun aleetara beste zazpi poema gehitu behar dizkiogu, Xabier Bovedak itzuli eta Idatz & Mintz aldizkariaren kaleratuak.

Eka
12
24
Itxaro Borda eta Gotzon Barandiaranek zenbait solasaldi egingo dituzte heldu den astean beraien poema liburu berriak –Itzalen tektonika eta Galbahea hurrenez hurren- aurkeztu asmoz Euskal Herriko liburudenda ezberdinetan. Bilboko Biran -ekainaren 18an, asteartearekin-, Gasteizko Eva Forest Liburutopian -ekainaren 19an, asteazkena- eta Zarauzko Garoan -ekainaren 20an, osteguna-.

Gotzon Barandiaranek Literaturian grabatutako abestia eta Itxaro Bordak poema liburuaren aurkezpenean Donostian irakurritako ale bat eskaintzen dizkizuegu entzuteko.
Merezi bezala jagon Gotzon Barandiaran
Argitasun betearen ehundurak Itxaro Borda
Eka
06
24
2024ko maiatzaren 13an zendu zen Alice Munro idazlea, jaioterri izan zuen Kanadan. Literatura unibertsaleko izen ezinbestekoa (Nobel saria jaso zuen 2013an), ipuin-idazle gorenetako bat da Munro. Bi liburu irakurri ahal zaizkio euskaraz, Zorion handiegia (Meettok, 2012) eta Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak (Erein-Igela, 2018). Isabel Etxeberria Ramirezek euskaratuko obra honetako ipuin bat dakargu: Asunak. Literatura Unibertsala sailean argitaratu zen ipuin-bilduma honetako narrazio bat ere entzungai da Xerezaderen Artxiboa webgunean.

Eka
05
24
1975. urteko ekainaren 5ean hil zen Bilbon Gabriel Aresti idazlea.
Gabriel Arestiren obraren berri izateko leku aproposa da Literaturaren Zubitegia; non besteak beste, Arestiren liburu guztien berri, berari buruzko aipamenak, sarean osorik dauden liburuak, bere ahotsez grabatutako poemak, erdaratutako bere lanak edota idatzitako liburu ezberdinei azken 60 urteotan egindako kritikak.
maiatza
31
24
2023ko maiatzaren 31n, duela urtebete, zendu zen Ama Ata Aidoo. Afrikako idazle handietarik bat, emakume ekintzailea, literatura jardunaz gain lan eskerga egin zuen kontinenteko emakumezko autoreen lana ezagutarazi eta duintzeko. Eleberriak, narrazioak eta antzelanak idatzi zituen (Our Sister Killjoy, Anowa…), eta bere herrialde Ghanako zein Commonwealtheko hainbat ardura politiko izan zituen, kulturaren alorrean beti ere. Afrikako idazle askorendako erreferentea, haren heriotzaren urteurrenean ipuin bat dakargu, Bi ahizpa, Mikel Elorzak euskaratua.

maiatza
30
24
41 argitaletxe, 119 nobedade, Daniel Landarti omenaldia eta egitarau oparoa ekainaren 1ean ospatuko den Ziburuko liburu eta disko berrien azokan.
2024an argitaratutako uzta izango da protagonista egunean zehar, Herriko Etxearen parean horretarako egokituko den gunean egingo diren aurkezpenetan: Mattin Iñaki Martiarenak Irritaia komikia aurkeztuko du, Yolanda Arrietak Etxe bat norberarena saiakera, Idoia Torregaraik eta Zaldieroak Mikroipuinak ipuin ilustratua, Eider Behobidek berak itzuli duen Mohammed El Kurd-en Rifqa liburua, Mikel Etxaburuk Manttalingo alaba poema liburua eta Bea Salaberrik Mesfida zaitez nobela.

maiatza
29
24
Zerriak, heriotza goiztiarregiak, gogotik joaten ez diren umetako lagunak, erdiminak, esnea, gurdiak, askotariko gaitzak eta ur-azalean barreiatutako partiturak. Irudi horiek gailendu ziren, besteren artean, Francesco Pasqualeren egunetan. Saprin jaio zen, Italia hegoaldean, eta Richard Wagner, Robert Schumann eta Giuseppe Verdi konpositoreekin konpartitu zuen bere mundualdiaren parte handi bat. Galdaragile familia bateko semea, orduko giro politikoan nahasi, eta Mediterraneo itsasoaz bestaldera jo zuen, harik eta Bermeora heldu zen arte. Haren arrastoari segika, XIX. mendeko Europa mendebaldean zabaldutako giza mapa bat eskaintzen du Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima nobelak. Beregainak diren atalekin eraiki du kontakizuna idazleak, elkarren segidan jarrita oihartzuna puskaz harago hedatzen dutenak; hitz lauz eta urarena halako musika itsaskorrez. Osorik irakur dezakezue sarean.

maiatza
24
24
Mari Luz Esteban idazlearen Manifestuak irekiko du gaur Literaturia Zarautzen. Ostean Iraia Elias, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola aktoreek (B)egira! ikuskizuna eskainiko dute Modelo aretoan.
Larunbatarekin, –maiatzak 25– liburu azoka izango egun osoan Lege zaharren plazako karpan, eta eguerdian eta arratsaldean liburu aurkezpenak Ahotsenean. Modelo aretoan, Komikigintza eta itzulpenak izango dituzte hizketagai Bego Montorio, Julen Gabiria eta Miel Anjel Elustondok. Patxi Zubizarretak Inuksuit ikuskizuna prestatu du eta Gotzon Barandiaranek Galbahea poema liburukoak kantu bihurtuko ditu zenbait musikariren laguntzaz.
Igandean –maiatzak 26– Gorka Arrese eta Harkaitz Cano solasaldian arituko dira: Gehiago gustatu zitzaidan aurreko zure liburua.
