Aza 21 25

Mikel Ibargurenen poema liburu berria

Seigarren poema liburua argitaratu du Mikel Ibargurenek, Haize begitik. Urdina ikusten da liburuko leiho guztietatik. Itsasoarekin bat egiten duen zeruertza, udatiarrak, polizia argiak eta arrainontziak. Barruan, berriz, zabor-poltsak, iratzargailuak eta labean harrotzen pizzak. Geografia oso konkretu baten begiralekutik, kasik arrozteraino behatzen du eguneroko hurbilena poemotako ahotsak; albisterik gabeko egunak, lankideak eta grebalariak, euria zarra-zarra, maitasuna eta minbizia. Erbesteratu bat atzo arteko etorkizunari galdezka, bai eta zorionari ere. Gaurtik aurrera osorik sarean.

Haize begitik - azala - Mikel Ibarguren

Aza 20 25

Hedoi Etxarteren aurreneko nobela

Aitor Etxarte Berezibarren hiletan oihukatutako akats batek (Gora Liga Komunista Iraultzailea!) idazlearen aitaren gaztaroko jendea elkartu du Izen baten promesa liburuan; lagunak, maitaleak, militantziako kideak. Haien hitzek osatzen dute orain kontakizunaren erdia, eta beste erdia, berriz, Aitorren galeraren aurreko minak idatzi du; erritu faltak, doluan atxiki nahi den guztiak. Nor izan zen Aitor aita izan aurretik, eta, beraz, nor izan zen aita izan zenean ere? Langile askapenarekiko konpromisoa, euskaldun izatearen pasioa eta malefizioa. Egun batetik bestera den-dena alda zitekeela sinetsi zuen belaunaldi bat (azkena?) eta potentzia haren guztiaren hondamendia, gaur arte, Hedoi Etxarteren nobelan. Osorik irakur dezakezue sarean.

Aza 14 25

Sakiren ipuinak

Narrazio laburraren maisu izan zen Hector Munro Saki.  Izuaren eta umore beltzaren erreferente, garaiko gizarte victoriarraren erretratu  gordinak egin zituen bere ipuinetan. Adinagatik beharturik ez bazen ere, I. Mundu Gerrara jo zuen soldadu, eta lubakietan hil zen 1916ko azaroaren 14an, 46 urte zituela. Jon Mirandek ekarri zuen lehenik euskarara, ipuin bi  (Iphuin khondatzailea, eta Leio irikia), Egan aldizkarian —Sakiren narrazio ezagunenetako bat, The Storyteller, Mikel Azurmendik berreditatu zuen Miranderena Porrot aldizkarian–. Geroztik egile ingelesaren piezak euskaratu dituzte Luigi Anselmik (Bi istorio), Joseba Sarrionandiak (Gonbidatuak), Rosa Miren Artolak (Ipuin hautatuak), Amaia Lasherasek eta Aritz Brantonek (Kontalaria/Traste-gela), eta Ana I. Moralesek (Nemesisen jaia). Gutizia bilduma bat.

Aza 07 25

Esperantzaren tortura

Sinbolismoaren aitzindari, XIX. mendeko bigarren erdialdeko abangoardiaren idazle garrantzitsuenetakoa izan zen Auguste Villiers de L’Isle-Adam. Gaurko egunez jaioa 1838an, bere ipuin bat irakur daiteke euskaraz, Esperantzaren tortura, Juan Kruz Igerabidek euskaratua. Iñaki Aldekoa editoreak plazaratutako zortzi kontakizuneko bilduma batean argitaratu zen, Ipuin gogoangarriak (Erein, 1997), eta honetaz gain, beste egile erreferentziazkoen ipuinak ere irakur daitezke: Dickens, Mauppasant, Txekhov, London, Joyce, Borges eta Singer.

Aza 07 25

Cecilia Meirelesen kantuak

Azaroaren 9an hil zen azaroaren 7an, 63 urte lehenago, jaioa zen Cecilia Meireles poeta brasildarra. Oso umetan galdu zituen gurasoak eta gazterik hil zitzaion lehen senarra, eta zorigaitz horietan introspekziorako joera hartu zuen. Bizitzarekiko jarrera patxadakoa da bere poesiaren ezaugarri nagusia, baina oihurik eta saminik gabea, fatalismorik ez daukan igarotze batean, daukanari kantuan: “Kantari naizela dakit. Eta kantua da oro”. Koldo Izagirrek euskaratu zituen Meirelesen hamar poema.

Urr 30 25

Valeryren Itsas hilerria

1922an plazaratu zuen Charmes ou poèmes liburua Paul Valeryk, beste batzuen artean Itsas hilerria (Le Cimetière marin) poema zekarrena, hain famatua Frantziako literaturan. Poeta goiztiarra, sinbolismoaren bidetik jo zuen, nia protagonista zuen poesia landuz. 1892an, krisi existentzial betean, poesia idazteari utzi zion, eta ez zuen berrartu 25 urte geroagora arte. Miel Anjel Unanuak euskaratu zuen 1990ean Hegats aldizkarian Itsas hilerria, Valeryren jaiotzaren urteurrenean dakarkiguna.

Urr 30 25

Aingeruen zuzenbidea

Urriaren 30 batez jaio zen Angela Figuera poeta, Bilbon. Langile giroko emakumeei kantatzen zien idazle konprometitua, zenbait poemario eman zituen argitara frankismoaren garai ilun haietan, 1950 eta 70ak bitartean. Gabriel Arestiren laguna, honek ekarri zuen euskarara Aingeruen zuzenbidea obra, eta Egan aldizkarian plazaratu 1960an.

Urr 16 25

Daniel Salgadoren lau pieza

Free-jazzak batzen ditu Ibon Rodriguez Garciak euskarari ekarri dizkion Daniel Salgadoren lau poemak. Musikari eta musikariei eskainitako lau pieza, Rodriguezek berak duela urte batzuk itzulitako Albert Aylerrentzako loreak liburuko bi poemei gehitzen zaizkie hauek, poeta galegoaren lanaren erakusgarri.

Urr 10 25

Eider Rodriguezen bosgarren ipuin liburua

Zerua argi egon arren, arnasa hartzea hain erraza ez den paisaia bat hedatzen da Dena zulo bera zen ipuin liburuan. Edertasunaren eta heriotzaren igurtzi amaigabean, bakea ez, egia aitzurtu nahia da protagonista. Laguntasuna eta sentsualtasuna ageri dira, olatu artifizialak eta uharteak, doluen aurreko doluak, zorion moderatua, esku batzuek egin dezaketena baina sekula egingo ez dutena. Hendaian, Bordelen, Donostian, Irunen, Koh Phangan-en, Hondarribian, Errenterian; elkar besarkatuta kabitzeko moduko zulo txiki batekin aski zatekeen. Gauza guztien azken aldi bat —eta ondorioz lehena— aurkituko du irakurleak Eider Rodriguezen bosgarren ipuin liburuan. Osorik irakur dezakezue sarean.
eiderRo

Urr 07 25

Amiri Baraka irakurri eta entzun

Literatura eta artea baliagarritzat jotzen zituen Amiri Barakak, ekintza politiko gisa erabiltzekotan; Amerika zuriaren suntsitzeko, adibidez. Antzerkigile, poeta eta aktibista, 1934ko urriaren 7an jaio zen 60etako intelektual beltz nagusietarik bat izango zena. Haren heriotzaren urtean, 2014an, Itu Bandakoek sei poema itzuli zituzten, eta urte berean Elearazin Galder Ruizek Zergatik gara gu Amerikarrak? bideo-poema euskaratu zuen.

euskarazko azpitituluak

Testua emateaz gain, Amiri Baraka bera ikusi eta entzun daiteke poema errezitatzen, euskarazko azpitituluekin; eta egundoko indarrarekin. 2015ean, Literaturiaren baitan, eta EIZIEren ekimenez, ariketa bera egin zuen Nagore Tolosak, Baten batek Amerika leherrarazi du poemaren errezitaldia euskaraz azpidatziz, segidan eskaintzen dizueguna.

Urr 05 25

Youenn Gwernigen mendeurrena

Mendea bete da urriaren 5ean Youenn Gwernig poeta, kantari eta letragilea jaio zela. Eskolan frantsesez ikasia, hizkuntza horretan hasi zen idazten, baina New Yorkera joan zelarik, bretoieraz idatzi zituen poemak, aita eta amonagandik jasotako hizkuntzan. Jack Kerouacen ezagutza egin eta hark uler zezan, ingelesez ere idatzi zuen. Atzera sorterrira joanda, kantak eta kantuan egiteari ere lotu zitzaion (E kreiz an noz, Gauaren erdian ezaguna, besteak beste). Bretoierazko letra eta kulturako izen handietako bat, New Yorkeko hamar poema ekarri zituen euskarara Koldo Izagirrek, ingeles itzulpenarekin argitaratu zuen Un dornad plu (Al Liamm, 1997) bildumatik hartuak.

Urr 01 25

Hitz berdeak eta Manifestu atzeratua, audio liburu

Joxe Azurmendi hil zela hiru hilabete bete diren egunean, Hitz berdeak (1971) audio liburu formatuan eskaintzera gatoz auzolan eskuzabal bati esker. Azurmendiren obra literarioaren erraldoiak ia ertz batean laketzera kondenatua du XX. mendeko poesiaren mugarrietakotzat har daitekeen lan hau. Manifestu atzeratua ere emendatu diogu, zentsurak liburutik kanpo utzi bazuen ere, garai bertsuko erreferentziazko olerkia delakoan. Auzolanean, ahots koru zabala osatuta erdietsi da egitasmo hau burutzea. 102 ahots elkartu dira Hitz berdeak liburuko 142 poemak grabatzeko. Manifestu atzeratua, berriz, 53 ahotsen arteko mosaiko koral txatalkatuan emandako aldaeran dakargu.
hitzberdeak

(gehiago…)

Ira 30 25

Assata Shakur idazle eta ekintzailearen oroimenez

2025eko irailaren 25ean hil da Habanan Assata Shakur ekintzailea. AEBetan jaio eta hazia arrazismoa eta esplotazioa bete-betekoa zen garai eta jendartean, haren aurka altxatu zen gaztetandik; Askapen Armada Beltzean, lehenik, eta Pantera Beltzekin gerora. Poliziarekin izandako enfrentamendu batean agente bat hiltzeaz eta beste zenbait delituz salatua eta zigortua, espetxetik ihes egin 1979an eta iheslari bizi izan zen, 1984an Kuban aterpetu zen arte. Terrorista eta gaizkiletzat AEBetara estradita zezaten hainbatetan saiatuak estatubatuar agintariak, mugimendu anti-inperialistaren erreferentea, Autobiografia bat idatzi zuen 1987an. Katakrak argitaletxeak eman zuen euskaraz 2022an, Danele Sarriugartek itzulia. Edizio horretako Angela Davisen eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurreak jarri ditugu irakurgai. 2017an Hedoi Etxartek euskaratuak zizkigun lau poema ere.
assatashakur

Ira 29 25

Espazioaren irakurketa feministak Lisipen

Espazioa politikoa bada, botere egiturek zeharkatzen dute, tentsioan duden narratibek eraikitzen dute, eta, beraz, gure egunerokoan, gure imajinarioan iragazten da. Hau da, honakoa galdegiten digu: nolakoa da hiria gure oinetan? Galdera horri egiten dio tira Irati Majuelo Itoizek ondu duen Hiria gure oinetan liburuak, Lisipe bildumako 17.ak. Espazioaren irakurketa feministak gure literaturan azpizenburuak iradokitzen duenez, euskal literaturaren bidez hitz egiten da espazioaz, eta gorputzez, eta zaintza-lanez, desiraz, laguntasunaz eta bakardadeaz. Bost eleberriren haritik, hiri-ibiltariez mintzo da egilea, emakume okerrez, paseatzaile errebelde eta zaurgarriez.

Hiria gure oinetan - azala - Irati Majuelo Itoiz

Ira 25 25

Joxe Azurmendiren Txiki eta Otaegi poema 1976ko Zabal aldizkarian

txikietaotaegi
1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten  Txiki eta Otaegi .
Joxe Azurmendi idazleak 1976an, Zabal aldizkarian Txiki eta Otaegi izeneko poema plazaratu zuen, berak idatzitako beste zenbait poemarekin batera.
(gehiago…)

Agenda

Efemerideak

Kritikak