Testu teatroaren kalitatearekiko mira, euren sasoiko euskararekiko atxikimendua, eta, kasu askotan, emakumeen begirada sozial bati loturiko jarduna, beren belaunaldiko testuinguruan erreferentzia bakanetakoa izan dena. Agurtzane Intxaurragaren eta Arantxa Iturberen arteko elkarlana aitzindaria izan da, eta eredugarria. 1989an hasi zuen ibilbidea Hika antzerki taldeak, hainbat etapa ezagutu dituena. Eta une batean Arantxa Iturberen hitzak batzu zitzaizkion Agurtzane Intxaurragaren antzerki-senari, eta bien artean hainbat lan osatu dituzte. Ganbilako bildumara ekarri dugun Bidaideak honetan hiru elkartu ditugu: Ai ama!(2002), Ixa (2003) eta Aitarekin bidaian (2010). Taula gainean bezainbat goza ditzazuela orain paperean.
Euskarara ekarritako autore batekin ere badator Ganbila bildumaren hirugarren emanaldi hau: Sarah Kane. 28 urte besterik ez zituela hila, denbora laburrean lortu zuen eszena britainiarreko —eta gerora europarreko— erreferentziazko izen bat izatea, antzerki garaikidea ezagutzeko ezinbesteko egilea bilakatzea. Haren testuek gizarteak bazterrean utzitakoen egoera bortitzak jasotzen dituzte, Zartatua lanean ikus dezakegunez. 4.48 Psikosia, berriz, bere buruaz beste egin aurretik ospitale psikiatrikoan idatzitako testua dugu. Arantzazu Fernandezek itzuliak, liburuan bildu diren bi lanok adierazpen ukaldi latzak ditugu.
Erika Olaizolaren imajinariotik, bulkadatik, adierazteko beharretik sortutako lan bat da Panpina. 2019ko udazkenean estreinatu zenetik, antzezlana emanalditik emanaldira hazten joan da. Publikoarekin berehalakoa izan da konexioa, eta gerora, autore eta antzezle den Erika antzezlanaren energiaz jabetu ahala, gero eta ozenago egin du eztanda haren oholtza gaineko indarrak, ordubeteko monologoan harrapatzen zaituena. Liburu honetara bildu dugu orain, Ganbila bildumara, Erika Olaizolak berak sormen prozesuari buruz idatzitako gogoetekin batera, eta baita han edo hemen bidaide izan dituen lagunek “panpina” kontzeptua buruan hartuta libururako idatzi dituzten ekarpenekin ere. Jolasten has zaitezke, irakurle.
XX. mendeko ipuingile handienetakoa izateagatik da batez ere ezaguna Raymond Carver, baina poeta bikaina ere izan zen, Harkaitz Canok euskarara ekarritako antologia honetan egiazta daitekeenez. Beste idazle batzuen kasuan ez bezala, Carverrenean ipuingintza eta poesiagintza elkarloturik agertzen zaizkigu, halako moldez non poesiarekiko uzkur diren narrazio zaleentzat sarbide bikaina izan daitekeen. Egunerokotasunean iltzatutako poemak dira Carverrenak, non objektu (telefonoak, eskutitzak, eta beste) eta auzi etxetiarrak agertzen zaizkigun lehen planoan. Erdiko klaseko mundu estatubatuarraren testigantza ematen digute, bizi materialki ase baina gainontzean kamutsak agerraraziz; nolabait, XIX. mende akaberako poesia modernoko spleen (asperra, unadura) sentipen hori XX. mende erdiko AEBetara eraman zuen.
Poesiari ez zaio gehiegitan aitortzen zauria zauritzeko dohaina, baina perspektibarekin begiratuta, horixe izan zen May Ayim-en poesiaren bertute handienetakoa, hots, Holokaustoaren trauma nekez atzean uzten ari zen Alemaniaren zauria presente egitekoa. Hanburgon 1960an jaioa, ama alemaniar eta aita ghanatar banaren alaba, gaztetatik izan zuen interesa kultura afro-alemaniarrarekiko, eta Ratisbonako Unibertsitatean defenditutako tesiak ere horixe izan zuen gaitzat. Bere saiakerez kanpo, gai hori jorratzen dute Ayimen poema ugarik. Bereziki gurasokeriazko diskurtsoak zituen jomugatzat, arrazakeria isil hori, etorkorra dena ulerkorra bainoago. Irakurleari atsedenik ematen ez dion poesia da berea, ez boteretsuen ez besteen hobenik garbitzen ez duena. Orain euskaraz irakur daitekeena, Munduko Poesia Kaierak bildumarako Garazi Ugalde Pikabeak egindako itzulpenean.
1955eko azaroaren 1ean hasi zen, duela 65 urte, Vietnamgo Gerra, Ipar eta Hegoko bi estatuen artekoa, AEBak gerran zuzenean esku hartzearekin nazioartekotu zena. Gerra hartan borrokatu zen Yusef Komunyakaa, artean James William Brown. 1984an lehen poema-liburua atera zuenetik dozenatik gora liburu kaleratutakoa, oihartzun eta errekonozimendua jaso du Komunyakaak. Vietnamgo esperientzia Dien Cai Dau (1988) poema liburuan jaso zuen, bere iragazki pertsonaletik gerra bikain islatzen duten olerkiekin. Euskaraz orain goza daitezkeenak, liburu horretako hamabi poema ekarri baititu euskarara Jose Luis Otamendik.
Sagartzazu’tar Kauldik izenpetu zuen Txinpartak poema liburua 1922an, Satarkak izenpetu zuen gai eta estilo bereko Intza Begietan1957an. Bildumatxo honi Manuel Lekuonak egin zion sarreran irakur genezake ezizen hori “lotsatitasunez” sortua dela edo datekeela, baina Klaudio Sagarzazu adiskidearen poemak ez direla lotsa emangarri. Hagitz polita da Lekuona zaharraren sarrera labur hauxe, eredugarria ere bai eskaera estugarri bati zelan egin ihes ikasteko. Malkoa eta eztia, txoriñoak eta liliak, ama hilaren doluzko deitore lazgarriak… Poesiakeria izan ohi da poesiaren gaitzik handiena. Olerkarien hanpaduratik urrun eta Otañok eta Iraolak urratu zuten bertsogintza hausnartu eta estilo gozoko hartara ezin iritsirik, Sagarzazuren obrak argiki derakus Barbier, Beccas eta Ithurralderen herrikoitasun kultuaren kalitatea Iparraldean eta Emeterio Arreseren ahalegin bakan bezain ederra poesia zibil bat eraikitzen Hegoaldean. 1950ean sortu zen Euzko Gogoa aldizkaria. Otsalar, Mirande, Aresti… poesiaren beste kontzeptu batzuk hasiak ziren umotzen 1957rako. Satarka jaio zela urriaren 30ean 125 urte bete diren honetan, irakurgai dituzu haren bi poema liburuok.
Mexikoko Zacatecasen 1930eko urriaren 27an jaioa, idazle eta artista plastiko kubatarra da Fayad Jamis. Kubara umetan joana, margotzea eta idaztea izan zituen betidanik jardun. Gaztetandik arte munduan murgildua, erakusketa anitz egindakoa, kazetari-lana izan zuen ogibide zenbait agerkaritan, eta poemak idaztea jardunbide, XX. mende erdialdeko Kuban izen inportante bat bilakatuz, hala iraultza aurretik nola ondoren. 1988an hil zen Habanan. Jaio zela 90 urte direla, haren 10 poema euskaratu ditu Koldo Izagirrek
Poeta tragiko kontsideratua, ezkor ageri dena gizadiaren aurrean, bazeukan motiborik jendartearen gaineko ezagutza izateko Czeslaw Milosz-ek. XX. mendeko poeta handienetako bat, poloniarrak gizaldi osoko gertakaririk esanguratsuenak bizi izan zituen, 1911n jaio eta 2004an hila. Duela 40 urte Nobel saria jasoa, haren 11 poema ekarri dizkio euskarari Iñigo Astizek.
Lisipe bildumak zortzigarrena du kalean jadanik: Marina Sagastizabalek idatzitako Hiruki gatazkatsua. Eguneroko bizitzari lotutako hausnarketa da liburua, eguneroko horretan gurutzatzen diren hiru dimentsioren artikulazioan oinarritzen den hirukiaz diharduena: etxeko eta zaintza lanak, ordaindutako lana eta parte hartze soziopolitikoa. Hiru eremu horiek nola zeharkatzen dituzten bizitza zikloak, eta hiruren denborak nola uztartzen diren, edo talka egiten duten. Bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka gorpuzten duten esperientziak aletzen dira orrialdeotan, eta, esperientza horietatik abiatuta, mugimenduan dauden ideiak eta gogoetak plazaratu.
1930eko urriaren 10ean jaio zen Harold Pinter. Antzerkigintza britainiarraren XX. mendeko izen ezinbestekoa, aktore, gidoilari, ekoizle edo zuzendari gisa egindako lanaz gain, autorea da, ororen gainetik, Harold Pinter. 50 urteko lan ibilbidean obra asko idatzitakoa, II. Mundu Gerraz geroztiko erreferentea da gaur egungo antzerkigintzan. 2005ean Literatura Nobel saria jasotakoa, Elkar argitaletxeak Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk liburua kaleratu zuen, Iñigo Errastik euskaratuta. Liburu horren eduki bikainaren erakusle eskaintzen dizuegu obra horietako bat, Alaska moduko bat.
“Horrek etxeko urak dauzka” esaten da Ondarroan etxetik edan duela esateko, etxeko izaera dakarrela. Bada beraz iturburu bat. Amatasunetik idatzitako liburu bat bainoago, leku batetik idatzitako liburua baita Leire Bilbaoren poema bilduma berria, amatasunetik. Urak botaz hasten da, umearen eta amaren erditzearekin; listua eta hizkuntza datoz gero, kolektibotasunaren marea, eta harraska inguruko domestikotasuna. Liburua ez dago amatasun idiliko batetik idatzita, ezta amatasunaren ukaziotik ere. Badira pozak eta minak, badago samurtasuna eta ama izatearen pisua, disidente izateko nahia eta ordena soziala mantentzearen arduraduna izatearen kontzientzia, dena alde batera botatzeko gogoa eta norbere ama ulertzeko saiakera. Osorik irakur dezakezue Etxeko urak sarean.
Poeta da ezaguna, hainbat poemario eta bereziki Paterson obragatik, baina narradorea ere izan zen, eta eleberriak eta ipuinak ere baditu. AEBetako literaturan XX. mendeko izen handietako bat da William Carlos Williams-ena. Idazle ez ezik, pediatra ere jardun zuen, eta hango esperientzietatik abiatuz, besteak beste, ondu zuen Indarraren erabilera (The Use of Force), haren narrazio ezagun bat, kontzientzia sozialak bere literatura eta depresio ekonomikoak gizartea blaitzen zuten garaietan Blast aldizkari proletarioan argitaratua (gerora, 1938an, Life along the Passaic River narrazio bilduman emana). Euskaraz irakur dezakezu orain Mikel Elorzak euskaratua.
Kultur ekitaldiak eta oro har jarduera, bizitza bera bezala, pandemiak baldintzatuta dauden garaiotan, ikusleak musukoz jantzita ageri direla ikuskizunetan, egokiera izan daiteke ikusle eta obraren arteko harremanari buruzko testu bat irakurtzekoa, ikuspegi berezi batetik egindakoa berau. edo! argitaletxeak 2014an kaleratua, Harkaitz Canoren Txalorik ez, arren dakarkigu.
Jostuna bata, brodatzailea bestea. 70eko hamarkada bukaeran ireki zuten denda, gurasoen etxean lan egiteaz nekatuta, eta liburu politikoak eta diskoak gehitu zizkieten ordura arte erabilitako kakorratz, makina eta hariei. Marx eta mertzeria. Aitak esan zien emateko tokia tailerrari eta almazenari: “Funtsezkoa ezkutuan egiten da”. Han josten dute geroztik, han brodatzen, hantxe gordetzen dituzte mozorroak egiteko oihalak, edo banatzaileari itzuli beharreko liburuak. Dendaostean entzun dute musika lagunekin, edo abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioetarako prestatu, edo mendi irteeretarako. Eta, bitartean, uholdeak, atxiloketa eta atentatuak, txikiteoa, jaiotzak eta heriotzak. Denda baten kronika literarioa idatzi du Uxue Alberdik eta, bide batez, garai batena ere bai. Osorik eskaintzen dizuegu Dendaostekoak sarean.