Juanba Berasategi bidelaguna gogoan
Duela lau urte utzi gintuen Juanba Berasategi bidelagunak. Zinemagilea, ilustratzailea, sortzaile oparoa eta, ororen gainetik, euskal kulturaren aldeko lan izugarria egindakoa. Lan konprometitu eta eskuzabala. Politikoa eta profesionala. Hori eta gehiago izan da Juanba Berasategi. Oh Euzkadi aldizkariko proiektuan hasieratik zegoena, betidanik izan zuen Susa argitaletxea eta literaturarekin harreman estua.
Nola izan liteke inor marrazki
Nola izan liteke inor txori.
Aski da papera, aski da lapitza;
mokoa kantari jartzeko prest egotea,
zirin egin estatua guztietan eta damurik ez gaudenean hilzori.
Hau ez zegoen gure gidoian,
esan zidan, etzazula hartu gaizki.
Nola izan liteke inor arrain.
Aski da tinta beltza, aski da deskuidu bat;
ondoa jotzeraino ausartzea magiaren zuloan,
eta poza ekartzea nekearen gain.
Nola izan liteke inor zintzo.
Aski da lotsa tanta bat, aski da tximista bat;
ezin duguna asmatzen egitea,
alfabetoa nahasi eta gezurrik ez esatea gure buruaz mintzo.
Hau ez zegoen gure gidoian,
esan zidan, etzazula hartu gaizki.
Nola izan liteke inor artista.
Aski da putzu hau, aski da zangotraba hori;
milatan erortzeko, milatan zutitzeko, beti garbiago,
eta komunetik behera botatzea platera bete dilista.
Nola izan liteke inor zeneko zuloko farola.
Aski da su txiki bat, aski da adore apur bat;
pirata motzak maitatzea, txalupa kulunkariak
eta jakitea besteoi lagundu nola.
Hau ez zegoen gure gidoian,
esan zidan, etzazula hartu gaizki.
Nola izan liteke inor marrazki.
Aski da oker bat; ez, ez da aski,
ez dakit nola izan litekeen inor marrazki.
Zekiena joan da.
Hau ez zegoen gure gidoian,
esan zidan, etzazula hartu gaizki.
Joan da, joan da inoiz bedeinkatuko ez duten lurrera,
garaje ilun batean argia ikasitako azti.
Joan da, joan da inoiz bedeinkatuko ez duten lurrera,
garaje ilun batean argia ikasitako azti.
Koldo Izagirre