Abu 02 23

Raymond Carver gogoan

50 urte zituela, 1988ko abuztuaren 2an hil zen Raymond Carver idazlea. Narraziogintzan erreferentzia ezinbestekoa, poeta ere garrantzitsua izan da Carver.

Raymond Carver, Ridge House, Port Angeles, Washington. 1987.
Badira euskarara ekarritako bi ipuin-bilduma, titulu oso inportanteak biak: Katedrala (Elkar, 1993, Juan Mari Mendizabal) eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean (Alberdania-Elkar, 2003). Horietaz gain, baina, ekarri dira testuak, online irakur daitezkeenak: Jose Mari Pastorrek Idazteaz testua (Susa aldizkaria, 1991); eta hiru poema Kirmen Uribek (Hegats, 1997). Eta narrazioak: Harkaitz Canok Mandatua (armiarma.eus, 2004); Aita, Paul Beitiak (Lekore, 2017) eta Leire Vargasek Bizikletak, giharrak, zigarretak (armiarma.eus, 2021). Harkaitz Canok, bestalde, Carverren poema antologia bikaina eskaini zigun Munduko Poesia Kaierak bilduman (Susa, 2020).

Uzt 31 23

David Albahariren heriotzan

 

2023ko uztailaren 30ean zendu da David Albahari idazle serbiarra. Ipuin eta eleberri mordoxka argitara emandakoa, kontzentrazio esparruetatik bizirik ateratakoen semea, izan du islarik judutartasunak haren obran. Koro  Navarrok itzulitako Götz eta Meyer eleberrian (Pasazaite, 2013), adibidez, paragrafo bakarrean aurkezturiko istorioan ikuspuntu diferente  batetik begiratzen dio gaiari, juduak heriotzara garraiatzen dituzten kamioi gidari Götz eta Meyer soldaduen inguruan harilkatutako nobelan. Hona hemen zati bat.

Uzt 30 23

Emily Brontëren poemak

1818ko uztailaren 30 batez jaio zen Emily Brontë idazlea, Ingalaterran. Hiru ahizpetan gutxien idatzi zuena, baina ezagunena, Gailur ekaiztsuak (Erein-Igela, 2017) eleberriaren egilea, elkarrekin idatzi eta argitaratu zituzten poema gehienak —eta onenak, kritikaren arabera— Emilyrenak dira. Haietako bederatzi euskaratu zituen Itxaro Bordak Maiatz aldizkarirako, hona dakartzagunak.

Uzt 22 23

Super Flumina Babilonis

1898ko uztailaren 22an jaio  zen Stephen Vincent Benet idazle estatubatuarra.  Poemak eta narrazioak idatzitakoa, izan zuen sonarik Estatu Batuetako letren giroan II. Mundu Gerra aurreko aroan. Bury my Heart at Wounde Knee liburu ospetsuaren izenburua Beneten poema bateko bertsolerroa da: “I shall not be there / I shall rise and pass / Bury my heart at Wounded Knee”. Haren jaiotzaren urteurrenean, Super Flumina Babilonis dakarkigu, Joseba Sarrionandiak Hegats aldizkariaren lehen zenbakian, 1989an, euskarara ekarritako haren narrazioa.

Uzt 14 23

Miroslav Holuben begirada poetikoa

Zientzialaria, immunologoa zela nabarmentzen da Miroslav Holub poetaz berba egitean, haren lanbide eta pasioak eragin zuzena baitauka haren obra poetikoan. Zeri begiratzen dion, eta batez ere begiradan. 25 urte bete dira uztailaren 14an Holub hil zela, eta gogora ekarri nahi izan dugu Karlos Cidek egindako antologia (Susa, Munduko Poesia Kaierak, 2016), eta baita 1991n Hegats aldizkarian  Maite Gonzalez Esnalek itzulitako lau poema.

Uzt 11 23

Milan Kunderaren heriotza

94 urte zituela hil da Milan Kundera, XX. mendeko idazle handienetakoa. Euskaraz irakur daiteke haren lanik: literatur aldizkarietan Juan Manuel Basurkok eta Koldo Etxabek egindakoak (Kultura  eta izaera nazionala, Literatur Gazeta, 1987; eta Hamar mandamentuak, Porrot 1987), eta Jacques eta Nagusia antzezlana, Beatriz Zabalondok eta Txilikuk euskaratua. Eta handiena  Karlos Ciden itzulpen lana izan da, zuzenean txekieratik ekarri dizkiguna idazlearen narratiba obra oparoko bi pieza oso esanguratsu: Amodio barregarriak  (Erein, 1993) eta Izatearen arintasun jasanezina (Alberdania-Elkar, 2009, Literatura Unibertsala bilduma). Duela 5 urte, azkenik, Amodio barregarriak liburutik Kunderak berak kanpo utzitako bi ipuin itzuli zituen Cidek, hementxe dituzunak irakurgarri.

Uzt 09 23

Jean Barbieren narrazioak

1875eko uztailaren 9an jaio zen Donibane Garazin Jean Barbier. Apaiza, Eskualduna aldizkariaren bultzagileetakoa, idazle sutsua. Hainbat lanen egile, ezagunak ditu Supazter xokoan eta Ixtorio Mixterio narrazio liburuak, eta gerran girotutako eleberri bat, PiarresKlasikoen Gordailuan irakurgai dituzu guztiok. Trebezia handiko idazlea, nahiz eta maila folklorikoan geratzen ziren gehienetan haren idazlanak. ipuina.eus webgunean bere  estiloaren eta gaien lanketaren adibide bat  badago, Bi makila bidean.

Uzt 05 23

Maria Merce Marçalen urteurrena

Ahanztezina da bere dibisa: “Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana, / Klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa. // Eta hiru bider errebelde izateko urdin uherra”. 25 urte bete dira uztailaren 5ean Maria Merce Marçal poeta hil zela. Kataluniako poesiaren erreferente ezinbestekoa, Itxaro Bordak ekarri zuen euskarara Munduko Poesia Kaierak bilduma abiatu zuenean Susa argitaletxeak. Hona hemen haren poemen antologia.

Eka 28 23

Edith Sodergranen mendeurrena

Duela mende bete, 1923ko ekainaren 24an hil zen Edith Sodergran. Suedierazko literaturari eta poesiari astindua ekarri zien bere poemetako haize berriak eta, oso gazte hil izanagatik, erreferentzia handia bilakatu zen bere herrialdean—finlandiarra zen, suediar hiztuna— eta oro har Eskandinabian.  Euskaraz presentzia bitxia du Edith Sodergranek: Jon Gerediagak protagonista nagusi bilakatu zuen —izenez aipatu gabe ere— Dama antzezlanean (Susa, Ganbila bilduma, 2021), pertsonaia baten hitzetan idazlearen poemak txertatuz. Eta beraz, antzezlaneko testuan haren hitzak irakur daitezke. Horretaz gain, hamaika poema euskaratuak ditu Gerediagak, hemen eskaintzen ditugunak (Finlandiako literaturari eskainitako Hegats 42.ean Teodoro Sorrondegik itzulitako poema barne).

Eka 19 23

Ura jaten

Antzerkiak prestigio sozialik ez duen artean, prekaritatera kondenatuta dagoela esaldiari tiraka, elkarrizketa sakonak egin ditu Maddi Goikoetxea Juanenak Euskal Herri osoan, batez ere oholtza gaineko lana hezkuntza eta mediazio proiektuekin uztartu dituzten antzerkilariekin, eta elkarrizketa horiek Ganbila bildumako libruuan batu: Ura jaten. Elkarrizketa hauek hasiera bat baino ez dira, dena den, ezadostasunerako, debaterako, gogoetarako abiapuntu herren baina beharrezkoa.

Esperoan - azala

Eka 19 23

Hildako haurra

Bi obra dira Gotzon Barandiaranek Hildako haurra liburuan bildu dituenak, Hildako haurra, orain arte antzeztu gabekoa, eta Besaulkiak, Abarka antzerki taldeak oholtzara eramana, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Ganbila bildumako 20. titulua da, eta autoreak batean zein bestean botere mota ezberdinekiko dialogoa edo, zehazkiago, etengabeko talka aurkeztu digu. Hizkuntza landu batez oholtzaren kodeetara moldatutako testuak bi-biak.

Esperoan - azala

Eka 17 23

Tene Mujikaren olerkiak

Euskal literaturan izen ezinbestekoa da Tene Mujikarena, idazle, ekintzaile politiko eta kultur eragilea. XX. mende hasierako jardun politiko abertzalean aritutakoa, Emakume Abertzale Batzako lehendakaria izan zen debarra,  eta garaiko aldizkarietan eman zituen argitara narrazio eta  artikuluak. Erbestea nozitutakoa, Gogo-oñazeak eta Gabon antzerki-lanen egilea da, eta duela mende bete argitaratu zituen bere idazki eta poemak, Miren Itziar-i idazkiak eta Olerkiak (Jaungoiko Zale, 1923) izenburuko lanean. Grafia eguneratuta, poemak jarri ditugu irakurgai.

Eka 10 23

Ramuntxo pastorala

Mendea bete da ekainaren 10ean Pierre Loti idazle frantsesa zendu zela Hendaian, berea zuen Bakar Etxean. Obra oparo eta arrakastatsu baten egilea, bere karrera militarrari zor dizkion bidaietan oinarritutako obra gehienean, izan zuen harreman esturik Euskal Herriarekin (Juana Josefa Cruz Gaintzarekin lau seme-alaba izan zituen, ezkontzaz kanpo), eta eskaini zien eleberririk euskal lurrei: Ramuntcho (1897). Gure herri eta jendeen ikuspegi partikularra duen obra honetan oinarrituta, Idauze-Mendiko herriak duela 20 urte pastorala egin zuen, Pier Pol Berzaitzek idatzi eta osatua, Ramuntxo. Hona hemen obraren testua.

Eka 08 23

Uztapide gogoan

40 urte bete dira ekainaren 8an Manuel Olaizola Uztapide bertsolaria hil zela. Bertso jardunarengatik ezaguna batez ere, plazaz plazako jarduna, bertso jarririk ere eman zuen eta Auspoa sailean batu ziren haren bertsoen bi bilduma, Noizbait (1964) eta Sasoia joan da gero (1974). Baina neurtuan egindako lanaz aparte, Uztapiderengan prosazko lana ere azpimarratzekoa da, bere bizipenen ez ezik garaien erretratua osatu baitzuen Lengo egunak gogoan (Auspoa, 1975) kronika-liburuan. 2001. urtean Antonio Zabalak Berriz plazara liburua ondu zuen, beste bertsolari batzuekin egin bezala, non Uztapideren bertsoaz biltzeaz gain (lehendik argitaratuak zituen bi liburuak eta Osasuna joan da gero), hari buruzko lekukotzak, argazkiak… jaso ziren. Euskaltzaindiaren webgunean daude irakurgai Auspoa bildumako liburuok.

Eka 03 23

Nazim Hikmeten poemak

Turkia bere herriaren eta bereziki bere herrikideen XX. mendeko ahots inportanteenetako bat da Nazim Hikmet-ena. Hainbat aldiz kartzelan egona (azken kartzelaldian 12 urte), alderdi komunistako kidea,  Gabriel Arestik ekarri zuen euskarara Lau gartzelak eta beste zenbait poema liburua. Gerora, Iñigo Aranbarrik dozena bat poema itzuli zituen, eta badaude euskratutako beste poema solte batzuk ere. Ekainaren 3 batez duela 60 urte Moskun hil zen Hikmeten euskaratutako lanok bildu genituen hemen.

Agenda

Efemerideak

Kritikak