Jon Miranderen 24 poema faksimilean
“Adiskide batek eskatu deraut ene euskal olerki aldizkarietan han-hemenka argitarazi edo orain arteo argitarazi gabekoetan aukera egin eta neure usteko hoberenak bilduman eman ditzadan“; horiek izan ziren Jon Miranderen hitzaurreko lehen hitzak 24 poema izeneko libururako, 1953an. Hutsean gelditu zen asmoa. Hogeita hamar urte geroago, Frantzisko Miangolarrak Xabier Olarrari utzi zion bilduma hura, eta honen bitartez sarera ekarri ditugu orain faksimilean: 24 poema eta “Behiak” ipuina, hitzaurrearekin batera. Xabier Olarrak sarrera argigarria idatzi du argitalpen honetarako.
Bide batez, Jon Miranderi Andima Ibiñagabeitiak 1953ko otsailean Parisen egindako elkarrizketa irakurtzea aholkatzen dizugu (Olerkariarenean, Gernika aldizkariaren 23. zenbakian plazaratua), han ezagutarazi baitzen lehenengoz liburu asmo hura. Miranderen gutunak liburuan ere badira zenbait aipamen.