Olerkariarenean
Ibinagabeitia'tar Andima
Aurten, Iainkoak baletsa, euskal literaturak mendeak zear ezagutu duen argi-aldirik garaiena ezagutuko du ez-bai gabe. Emen Paris'en, gaurdaño izan ez dugulako olerkari bat bere euskal-poemak orrazten ari da len-bai-len irarkolara igortzeko. Dagoneko euskalzaleen artean ezaguna da noski olerkari gazte au, euskal-idazle ta benetako euskaltzaleen artean. Gure liburu ta aldizkarien ardura gabe bizi direnek ez dute ezagun, eta euskaldun geienak orrela bizi zaizkigu zoritxarrez.
Olerkari andi au Mirande'tar Jon da. Ementxe, Paris eder ontan iaio zen, eta ementxe bizi izan da beti. Ogeitasei urte baizik ez ditu gazte yator onek. Gurasoek, aurzaroan, ez zioten euskerarik irakatsi, baina Mirande gazteak, ogei urte zitunean, euskal odolaren deia bere baitan entzun zuen eta euskera ikastera soin ta gogo yarri zan. Laster ikasi zuen bere arbasoen izkera eta egun gure idazle ta olerkarien artean garaienetakoa da. Aren etxean gainera, ez da arrezkero euskera baizik entzuten. Bere guraso maiteek ere xuberoeraren doinu eztia daritela ari dira. Bai pozgarria Paris ontan euskeraren kabi ain beroak arkitzea.
Lengo igandez, gure irratentzule maiteei berri emateko asmoz, olerkari gaztearen etxera urbildu nintzan arratsaldeko iruretan, oitu tenorean. Antxen zegoen, beti bezala liburuz inguraturik tximiniko egurrak gar-epela zerion bitartean. Oitu agurrak egin ondoren ark neri:
Kafetxo bat artuko duzu, Andima...
Bai, pozik ere Jon. Kanpo-aldean otz dago ta nolarebait barrena berotuko dit. Milesker.
Martel kopatxo bat ere ez zaigu gaizki iinen, ark.
Ez noski. Orrekin berotu ez-ezik, gure gogoetak eta itz-iturria ere pizkortu âl izango ditugu. Alkola, neurriz, xuspergarri omen da beti ere. Gáinera itz-aspertu luze bat egitekotan natorkizu eta Martel itz-iarlo egokia da izan ere.
Eta supaster inguruan eseri ginan, elur bisutsuak Paris'ko teilatu ta kaleak astintzen zitun bitartean, gure elkar-izketa asteko.
Poema-liburua orrazten ari omen zera Jon, laster argitaratzeko. Egia al da?
Bai egia da izan ere. Ilabete ezkero ortara yarri nintzan, adiskide zenbaitek eskatu zidatelako. Zuk ondo dakizu aspaldi asi nintzala olerkiak euskeraz egiten. Bainan asieran nere euskera etzan bear bezalakoa. Poesi asmoak ere etziran nere egungoak bezalakoak. Arrezkero gure izkera ederra sakonkiago ikasi dut eta bear-bearrezko nuen nere olerkien izkera aldatu eta maiz zuzentzea ere. Orra oraingo nere arloa.
Nere ustez, Jon, ez zenduen aldaketa eta zuzenketa aundirik egin bear izango noski. Niri beintzat, orainarteko zure olerkiak, ozen, aberats eta ertze guztietatik borobil iduri izan zaizkit.
Ez uste. Gauza aunitz aldatu bear izan ditut, euskerari eta ritmuari buruz batez ere.
¿Zergatik ritmuari buruz?
Errexa da entelegatzea. Orain arte gure olerkariek kontsonantez baizik ez ditute beren poemak antolatu. Ondo dakizu; ots-kidegoaz gainera ba dela beste zerbait neurtitzak ozen eta durunditsu biurtzen dituana, ritmua alegia. Ritumua izen baindi dabil eta itzen aukerak olerki osoari ritumu ori erantsi dezaioke. Batzutan agiria da, bestetan ez ain nabaria itzen arimari itsatsita baitabil. Beraz ritmu-nabari ta ritmu izkutua bereziko nituke nere olerkietan. Erbesteko poesi-eskola ageri zaizkigu azken aldi auetan. Eta nik ere orrelako berri zerbait egin nahi nuke gure euskeraz. Ez dut basterreratu, egia, ots-kidegoa zearo nere poemetatik, eta poesi zenbeit kontsonante bidetik adelatu ditut. Bainan nerez maiteago dut itzen barne-ritmuan eraiki poesia.
Nik dakidanetik, beste gure olerkari batzu ere ibilli dira zuk diozun bide ortatik: asko ez, baino baten batzu.
Baiki: "Orixe'k esaterako, era ortara antolatu zituen zenbait itzulpen; "Bei itsua" "Oirarite" eta "Zaldia". Ots-kidego edo kontsonante gabe egin zituen olerkioak, bainan latindarren neurriari nilarebait yarraituz, ritmua beti ere, ez ordea oraingo eskola berrian maite dugun ritmu-ozen edo ixil orri iarraituz.
Atsegin zitzaizkidan neribeintzat eta Orixe'k asmatu bide aietatik gure olerkariak ibili izan balira protxu aundia aterako zuen gure euskerak eta poesiak ere.
Ni ere zurekin nago. Ots-kidego edo kontsonantismuaren kalaka aspergarria utziko gendun beintzat eta gerora ritmu berrietan errexago sartuko ginan eta egungo poetak biderdia baino geiago eginda arkituko genuen. Bainan oraindik ere gauza eder asko egin ditzakegu euskeraz.
Olerkirako ain egoki al derizkiozu euskerari?
Bai orixe. Euskera egin-egina da poesirako. Nik, gaztea izan arren, zenbait izkuntza ikasi ditut, euskerari laguntzeko ain zuzen. Poeta bakoitza bere izkeraz irakurri dut Eta izkera bakoitza, neurri berean, etzaizkit poesirako egoki irudi. Frantsesa, españera ta alemanera bera ere etzaizkit ain taiuzkoak iruditzen. Ingelesa dala uste dut poesi izkera taiuzkoena. Neretzako England'ekoak dira olerkaririk garaienak. Ez dakit izkuntzak egin dituen poeta, ala poetak egin duten izkuntza. Dena den England'en bezalako olerkaririk ez da beste izkuntzetan sortu. Baleike nerekoiegi izatea ustekizun au, bainan yakinaren gainean diotzut. Euskeraren baitan ere ingladeraren antzeko gaitasuna arkitu dut poesian eta orregatik atsegin zait euskeraz olerkiak idaztea.
Euskaldun askok, nonbait, ez dizute ori sinistuko. Ondo dakizu gurean zer gertatzen dan: euskaldunak euskera bertso-berrientan soilik erabil ditkela uste dute, goi-mailako poesian ez. Eta okerrago oriandik, zimaur eta okullu-gantak baizik ezin ditezkela ondu. Ondo dakizuz Unamuno'k erasiak...
Unamuno'k etzekian euskerarik. Unamunok erasiak ez dute bat ere baliorik. Gizon ori philosophu zen bear bada, iñola ere ez izkelari edo linguista. Erek euskerari buruz esanak arbuiagarri dira, ez dute batere funtsik ez indarrik. Egia aitortu bear dizut, zuk nik bezin ondo dakizun egia. Euskera gutxitan aintzat artu dute gure iakintsu eta eskolatuek, orregatik gure erri-xeak ere euskera gai arruntenak erabiltzeko baizik ez dala uste du. Gure olerkariek gainera, gutxi batzu kendu ezkero, gai arruntenak besterik ez ditute erabilli beren poemetan. Lurbira zabaleko ta iakintza-maila orotakd gai den errankizunik ez dute iñoiz ere poemak ernerazteko erabili. Eta onek kalte aundia sortu dio gure aberri izkerari.
Lentzeago esan didazou, Jon, poesi-gunari buruz ere zerbait berri ekarri nai iguzula zeure poemetan.
Bidez diozu. Orrelako zerbait egin nai izandizut. Nere poematan nereak baino len euskeraz idatzitakoen eraginik ez duzu arkituko poesimuinari begiratuki. Ez dut ukatu nai olerkari bikañak ere izan ditugunik: or daude Orixe, Zaitegi, Iratzeder, Mitxelena, Erkiaga, bizidunal bakarrik aitatzeko guztiak olerkari garaiak. Zaitegi'k bear bada, gure artean bide berrienak urratu ditu. Besteak ere personalitate nabaria ageri dute. Bainan nik nere olerkietan orainarte erabil ez diran poesi-ekaiak artu ditut. Ez da arritzeko nik darabilzkidan gaiak nere aurretiko euskal-olerkariak ez erabiltzea; geienak eliz-gizonak izan dira eta ezin zetzaten zenbati sujeta ukitu ere. Eliz-gizon izan ez diran beste olerkari asko ere, erabe ibili dira gure Parnasoan zenbait gai ukitzeko beldurrez. Ukitu baditute ere apaizak uki zitzake neurritz uki ditute. Ondo dakit nere poemak gogorxko ta gordinsko ere aurkituko ditutela euskaldun geienak. Askorentzat eskandalu gorri ere izango dira. Bainan besten esamesak diralata, ezin nezakeon nere barneari ukorik egin. Nere poemak nik sentitu bezala idatzi ditut eta momentu bakoitzean nere arimaren errainu bizi dituzu. Poematan irauli ditut nere maitasun, maitakeri, sinismen ta siniskeriak. Philosophiari buruz ere nerak oro iaulki ditut, neuk entelegatu ta pentsatu bezala. Antxen irauli ditut nere atsegin eta etsipenak ere. Etsipenak ugarriago gure bizitzaldi au etsipenez oretua esan bai diteke. Ezkoregi irudiko zaizkie nere olerkiak geinar. Ezin ditezke bestera izan ere baikortasunak ene biotzean oraindik ezpaitu io. Iñoiz ots-egiten ba du nere barne-bortan, ori ere nere olerkietan gatzatuko dut. Ene barne egia izan ditezen alegindu naiz. Ori bederik iritxi dut, zenbait eskandalizatuko ba dira era.
Gogoan dukezu, Jon, udabetean aurkeztu nizun Donosti'ko olerkari andi hura. Ark ere orixe esan zidan: zure olerkiak zure barne-egiaren lekuko bizkorrenak zirala. Ark ere orixe aundiesten zuen zure poematan: barne-egiaren indarra, zeorrek sentitu eta atzeman bezala. Gure olerkariak Bernard Dechapare ez beste guztiak maltzurregi ibili dira beren barneko naikariak estali eta itotzen ere. Ez dute gizonki beren amets eta ustekizunak azaltzeko kopetik izan, eta orregatik zenbaiten lanak utsal eta azalxamar ageri zaiizkit. Egi-indar ori ez derabilt emen EGI philosophi sentsuz, bearrezko genduen, eta alderdi ortatik zure lana goragarriena duzu. Oriek orrela; zein izkelgi autatu duzu zure poemak ontzeko?
Nik Lapurtarr Klasikoa onartu dut. Garbi mintzatu nahi natzaizu ontan. Adiskide ertsi gara eta etzaizu gatzituren. Izkelgi ori onartu dut galde personalak kontuan artu gaberik, ororen gainetik batasuna bear dugulakoz eta dialektu ori dalako ortarako egokiena. Ori ene aburua da, iakina, ez zurea edo Orixe'rena. Alaz ere aburu zintzoa dela irudi zait. Villasante Kortabityrte'k exposatu dituen zioak ezin arbuiatuzkoak direlakotz. Orixe gipuzzaleak edo Lafitte lapurtar-berrizaleak beren obiekzioneak aurkhez bitzate, konvenzitu nahi banaute okerrean gagozela lapuratar klasiku zaleok. Bainan orain arte entzun dudan obiekzione bakarra au da: euskera zaila zailago egiten dugula... Egia denik ez dut nik uste, bainan egia balitz ere zer? Gizalanduen izkera beti zailago da ezen-ez baserritarrena... Galdea da: euskal giza-landurik nai ote dutenentz. Nik izkuntza eli bat ikasi ditut, hizkuntzazale naiz eta; baina ez batetan ez bertzetan ez dut gure euskeraz bezalako literatur-ezik arkitu eta zure biotz-zolan ori egia dala badakizu zuk ere beste izkuntzetako literaturak ikertu bai dituzu. Nik uste dut lapurtar-klasikoaren aldeko igikun au dela izan euskera kultur-biolean iarteko azken urte auetan egin dan saiaketa andiena. Eta zuk, euskalzale zintzo izaki, zergatik ainbat artuiatzen duzun eta zergatik ezatzaion iarraitu nahi ez dut ulertzen.
Adiskide ertsi gera, Jon, ezan duzunez. Bainan lapurtar-klasikoaren auzian gogortzoegi mintzo zatzakit. Nik ez dut igikun berri ori oraindik arbuiatu. Bear bada ez dituzu irakurri igikun ortaz "Alderdi" aldizkarian idatzi ditudan artikuluak. Antxen azaldu nituen nere asmoak eta aburuak. Geroago Gernika'n urrengo au idatzi dut: "Ez da, iñolaz ere arbuiagarri Bilbao'tik datorkigun argi berria" lapurtar-klasikoa alegia. Bainan ez duzu miresteko, Jon, lapurtar-klasikoz idazten duten zenbait atsegin ezpazaizkit, ez lapurtar klasikoz idazten dutelako, bear beste euskal-sentzurik ez daukatelakoz baizik. Bertzalde zure lapurtar-klasikoa begiko zait izkera ortaz ere bikainki ari zeralako. Villasante Kortabitarte'n idazkera ere maite dut, euskal-senez yantzirik dagoalako, zurea bezala. Nik ere gogotik ar nezake lapurtar-klasikoa, beldur naiz ordea, zaartxoegi izaki, euskalki zarberri ortan pulunpazeko. Ez nuke zuek bezin trebeki ta antzetsuki idatziko. Euskeraren batasuna iñork eta ezer baño maiteago dizut, adiskide, eta lapurtar-klasikuaren oinarrietan egingarri dela baneki, ni ere bide ortatik oldartuko nintzake, neke ta izerdi askoren truke ere. Orra, ironi-doinu gabe, nere egia lapurtar klasikuari buruz. Bainan ontaz aski adiskide. Zenbat poema izango ditu zure liburuak?
Ogeita zazpi nai nituke, nere urteak bezin beste. Geienak ondurik dauzkat, batzu len argitaratuak bertze batzu argirat oraindik ilki-gabeak. Bospasei poema berriago ere idatziko ditut nik amestu kopurua betetzeko.
Orainarteko zure olerkietan zein dituzu maiteen?
"Otso", "Orziren ttunttuna", "Zakhur hil bati" eta "Nil igitur mors est". Otso uste metaphysiku baten gainean eraiki dut. Ortziren tuntunak badu panteista yarioa... "Oianone" ere orrazkera berritan atsegin zait. Bainan neri ez dagokit nere poemen autestea, ori irakurlearen lana duzu.
Eta irakurleak noiz izango dugu zure olerkiak irakurtzeko atsegin betea?
Al dudan lasterren. Ostopo aundiak arkitzen ditut bidean, bainan adiskide zenbeiten laguntasunarikin beaztopa guziak goitituko ditut, eta nere liburutxoa laster eskuartean erabil aal izango dute euskaltzale eta euskaldunak ere...
Arratsa zan... Elur txuri ta itzal goibelak, nahas-mahas Paris'en gainean usu errortzen ari ziran. Etxera bear nuen. Olerkari gazteak metroaraño lagundu zidan eta antxen, alkarri agur egiñaz, arratsalde guztiko itz-aspertu au eten genduen.
Metroa estazioak iruntsik bere bide lasterrean zioan. Artean ni pentsa pentsari nengoan. Noiz ditukegu Mirande'tar Jon bezalako eun gazte, euskalzale ta abertzale jator? Ordu ontan amaikatxo gazte zoro ardandegis aardandegi ibilliko dira Euskalerri maitean eta landan ere, euskera ta aberria diranik ere oroitu gabe beren osasun eta ondasuna galtzen. Gazteak, gazteak, ikus eta ikas ezazute...
Paris'en II - 1953
|