Lurdes Iriondoren Hego Haizearen ipuinak
Hamar urte Lurdes Iriondo joan zitzaigula abenduaren 27 batean. Kantari gogoangarriak bazeukan alderdi isilago bat, marrazkigintza, bere bizi osoan nola edo hala beti emana egon zen hezkuntzarako bokazioan gauzatu ahal izan zuena: urteetan izan genuen Urnietan ikastolako umeen plastika irakaslea eta herriko haur guztien animatzailea. Baina kantaria izanik, kantutegi tradizionala baliatu izan zuen sarritan marrazkia, margoa eta dantza bat eginda ipuinak zein antzerkiak moldatzeko. Lan asko idatzi zituen taularako, hala herri ipuinak egokituz nola beregizkoak sortuz, Urnietan bertan antolatu zuen Buruntza gaztetxo taldeak joka zitzan. Tamalez, argitaratu gabe diraute Lurdes Iriondoren lan plastiko zein literario gehienek gaur egun ere. Haur eta gazteentzako liburugintza hain urria zen garai haietan, garrantzi berezia izan zuten urnietarra bezalako langile eredugarrien ekarriek. Guztizko artista honen Hego Haizearen ipuinak (Gero, 1973) eskaintzen dizuegu aste honetan.