Arrue, baina Frantziska Inazia
Ehun eta hogeita bost urte betetzen dira aurten Gregorio Arrue itzultzaile ugaria hil zela. Baina urteurren honen aitzakian haren alaba gazteenaren akordua ekarri nahi izan dugu oraingoan: Frantziska Inazia Arrue Leunda, 1849an jaioa Zarautzen. Eskaintzen dizuegun Euskaldunen Bikaintasuna elezaharrarekin Donostiako Lore Jokoetan “aipamen onragarria” izan zuen 1886an. Lehen saria ere jaso omen zezakeen, baina epaileek astunki zigortu zuten Frantziska Inaziaren irudimena eta irakurria moldatzeko askatasuna: “azaltzen dituen gertaerak ez dira kondairatiak, ez ere egirudiak. Batzarreak ez dio ematen bestela emango zion gailaldi goientsuagoa”. Ezin izan dugu jatorrizkoaren arrastoa bildu. Besterik itzuli edo sortu zuen ere ez dakigu. Epaimahaiko jaun gizon jakintsuen hitzek, hain segur, ez zuten izugarri animatuko.