EUSKALDUNEN BIKAINTASUNA
Frantziska Inazia Arrue

Donostiako Lore Jokoak, 1886

 

 

                                                      Antzinako euskaldun

                                                      zintzo eta azkarrak,

                                                      arras txahutu zituzten

                                                      erromar zatarrak.

 

 

      Begira, Aitzondo, ikusten dek arropa zorroa bizkarrean duela behetik gora itoka eta lehertzeko zorian datorren gizon hori? Hori gure bazter hoietakoa ez dek, nolanahi ere arrotza dek, ezin ibiliz belaunak klisk egiten ziotek, bekokitik behera izerdia txirrian zeriok, eta euskaldunak ezagutzen ez duen nekea bere arpegian argiro ageri zaiok. Begira nola harkaitzak ematen duen ur preskoa edanaz, bere egarria itzaltzen duen. Euskalduna egarriaren kontugabe bere bidean aurrera joaten dek: hori arrotza dek.

      — Erromatarren bat ote diagu suertez ere, Osinalde? Baina txito isilik. Bertan diagu, hitz egitera nihoakiok.

      —Esadazu, arrotza, nortarra zaitugu zu, gure mugak igaro eta bazter hoietara sartzeko ausardia dezun hori?

      —Erromatarra naiz, o euskalduna! Zuen lan eta hazaina handi harrigarrien hotsa Italiaraino heldu zan, eta honelako gizon bulardetsu portitzak ematen dituen zuen lur paregabea ikusteko zalez nator.

      —Arrotza —Aitzondok—, ordu onean atoz: nere emazteak apari mokadua eta alabak ohe txuri garbia prestatuko dizkitzue. Baina begira, Osinalde, gerra irrintzia belarrietaratzen zadak...

      —Gu buruz beheratu eta azpian hartu nahi ginduzkeen erromatar harroak —Osinaldek—, ala gure ondasunen eta odolaren egarriz irrikitzen dauden prantzesak ote zetiagu?

      —Beharbada Iparraldeko samalda odolgiroak izango dituk —Aitzondok—, baina diranak dirala, gurutzeak buruz beheratuko dik Irminsul, gurutzeak azpiratuko dizkik Erromatarren jaungoikotzakoak. Gurutzea gailen irtengo dek fede eta legegabe guziak gandik. Zu ere honetan ez zaude, arrotza?

      —Nola ere nagoen, euskalduna —arrotzak—. Zuen jendeak mundu guzia ikaratuko du. Anibal handiak zuen laguntzarekin Erroma oinperatu eta txahutu zuen: zuek erromatarrakikoa egiteko, Anibalen alkartasun eta laguntzaren behar ez zerate.

      —Begira, arrotza —Osinaldek—, gure seme eta anaien aurrean hor mendiaren erpinean agertzen dan euskaldun horri; gure buru eta agintari nagusia hori da. Adi zazu zer dion, hitz egitera dihoa eta.

 

      —Euskaldun bihotzeko laztanak —dio Agintari nagusiak—, Augustoren izenaz deitzen dan Oktabioren jendea gure muga barruan degu. Horiek beren gorputzak burniz estalita datozkigu, gure armak akatsik egin ez degiezaten; beldurti kikildu txarrak! Gu, gere bularrak ageri ditugula jarriko gatzaizte aurrean: biktori, garaipen eta baza gureak dira, seguru halere, o Tubalen seme portitz bulardetsuak! Gure lege eta usadi on maitagarriak horiek kenduko ez dizkigute. Gurutzeak azpiratuko du jainko paltsoen adoratzaile horien lege beltz, itsusi nazkagarria. Iberiako menditarrak laster egingo dute erromatar erkindu hoiekikoa. Hoiek urrez jantziak daude; gu berriz ardinarruz estaliak. Gure mendietan burnia baizik ez da. Burniak sendotasuna, indarra, bihotz errutsua eta balorea seneztatzen eta aditzera ematen ditu; urreak berriz atsegin-kontentuak, apaindura, eta haragiaren gozamena begietaratzen ditu; urreak gizon saldu eta saltzaileak erosten ditu; urreak paltsia, beldurra, erkindadea eta saldukeria piztutzen ditu. Laster egingo degu hoiekikoa; diran guziak arras txahutuko ditugu, eta ihes egiten duten ale banakak atzera begira egoteko astigabe joango dira latindarren bazterretan eta atsegin kontentuen sutegi Erroman beren laido eta desonra lotsagarria estaltzera. Etorriko da Mesias agindua, hilko da, igaroko dira gizaldiak, igaroko da erromatarren herria, kartagotarrena igaro zan bezela; sortuko dira herri berriak, eta hoiek ere igaroko dira; baina gure herriak sekula guzien azkeneraino iraungo du. Badakuskitzute samaldaka datozen konta ahal baino gehiago jende horiek? Bada Erromako enperadorearen jendeak dira. Apurtu eta desegin ditzagun, anaiak, beren morrontza gogorraren azpian iduki nahi gaituzten arrotz horiek; gure mugapean sartzeko ausardia izan duten samalda gorrotagarri horiek. Bihotz on eta alimo, indarra eta anaitasuna, euskaldunak, eta hemen garbituko degu gu oinperatu nahi gindukean erromatarren jendea!

 

      Eta garai honetan, erromatarra han ikusita, buruzagiak diotsa:

      —Zer darabiltzu gure mendi hoietan, arrotza?

      Erromatarrak belaun biaz lurra jo, eta erantzuten dio:

      —Kantauriako agintari nagusia: beron lan handi eta hazaina miragarrien hotsa Erromaraino iritsi da, eta horiez harritu eta txunditu, eta bihotza samurtuta, galiatarrak Irminsulen aldarera alderatzen diranean bezain begiramentu eta itzal handiaz nator berok ikustera.

      —Ondo, erromatarra, gure egitekoa arrotzai harrera ona egitea da; zuk zerea egizu, Oktabioren soldadu samaldei laguntzera joanaz, edo eta gure mendietan gure artean gera zaite, eta gure anaitzat idukiko zaitugu.

      —Poz atsegin handiaz, berokin geratzen naiz. Lurraren gainean bizi naizen egunetan kantatuko ditut beron laudorio eta alabantzak, eta eskatuko diet jainkoei, beron suerte on eta ditxa.

      —Euskaldunak! —dio ostera buru nagusiak—, hara hor nola etsaia aurrera eta aurrera datorren; hara nola Oktabio zurrupatzaile gogorraren soldadu samaldak guganonz datozen. Bai, zurrupatzaile gogorrarenak; alabaina, beste gizon guziai eragina edo guzien handiena dalakoan dauka bere burua, gizon guziok anaiak geralarik. Egia ez da, nere euskaldunak, gure lege ederren mami, oin eta zimendua alkarri diogun onginahi eta amodio itsua dala?

      Mendiai ikara eraginaz, buruzagi azkar bulardetsuaren bihotza poz-atseginez bete zuen "Bai!" hotsgarri eta turmoi antzeko guziek batera bota zuten batek.

      Eta bizkitartean tiranoaren jendeak aurrera datoz, eta mendiaren oinera iritsi dira.

      —Kantauriatarrak! —oihu egiten du erromatarren agintari nagusiak—. Oktabio Augusto handiaren izenean erregutzen dizuet, isil-isilik, eta inolako apukogabe nere eskuetara eman eta jarri zaiteztela erromatarren lagun, soldadu eta gerrari.

      —Sekulan ere —erantzuten dio euskaldunen agintari nagusiak—, sekulan ere adituko ez zaitugu. Baizik eta irten zaite arin eta laster guk gere-gerea degun, eta beste inork honekin ikustekorik ez duen lur honetatik, eta tirano hari esan zaiozu, gu erromatar galgiroti eta atsegin kontentuzaleak ez gerala, ezpada menditar urriti eta gere pobrezan nahierara bizi geranak.

      Ez egon, euskaldunak —erromatarren agintari nagusiak—, zuek Augustoren eskupean bortxaz ipini gabe hemendik joango geralakoan. Erromatarrak, aurrera! Eta bizi bedi Oktabio!

      —Euskaldunak, arrera! Eta hil bitez erromatarrak!

      Eta euskaldunak uholaren gisa mendiak behera burkaiztu, eta bazter guzietan hondamena, ausiabartza eta heriotza ereinaz, aurrera eta aurrera dihoaz.

      Eta gerrako beren irrintzi beldurgarriak erromatarrak gortu eta mendiai dardar eragiten diezate.

      Kiski-kaska alkar jotzen duten armen zalaparta gogorrak, erromatarren deadar beldurgarriak, euskaldunak mendiak behera amiltzen dituzten harkaitzen hots izugarriak, itsaso haserretuaren orroa edo turmoiaren hotsa ziruditen.

      Baina, o lotsagarria! erromatarrak heriozko izulaborriak hartu, eta ematen zaiozka ihesari.

      Eta euskaldunak, beren saspil edo presa uztetik urruti, haitzak eta muinoak, erreka zulo eta sasiak arin eta azkar igaroaz, han dihoazkite ondoren.

      Saieta, tximista, eremuko haizea ez hain arin eta azkar, nola euskaldunak erpoz erpo zihoazkien.

      Herioa bezain izugarriak, beren mendietako burnia bezain gogorrak, estaltzen dituzte bazter guziak gizon hilez....

      Eta erromatarrak beren zanko astunak nahi baino nekezago mugituaz itoka eta itsumustuan korri eta korri, ihes dihoaz azeria bere zulora bezela, untxi edo koneju izutia bere gordelekura bezela.

      Euskaldunen atzaparretatik ihes egin ahal izan zuten zenbait banaka han dihoaz beren ausiabartza tristea Oktabiori kontatzera.

      Honen aurrera ziranean, erromatar batek diotsa honela:

 

      «Enperadore handia: berorrek kantauriatar gogor hezigaitzak oinperatzera bialdu ditu bere gerrariak; baina Jaungoikoek ahaztu gaituzte, euskaldunak txahutu eta desegin gaituzte.

      Izugarria izan da jazarra, jauna! Beldurgarria azken hondamen eta ausiabartza! O,  euskaldunak ezin huts eman lezakeenak dira, jaungoikoen hitza bezela! Beren kolpe bakoitzak hilotz uzten du gizona!

      Izugarria da euskalduna! Prestua eta izugarria!...

      Uholaren gisa mendiak behera burkaiztu, eta beren bidean ezer errespetatzen ez dute. Jupiterrek halako oinaztar eta tximistarik sekulan bota ez du. Hain laster ikusten dira mendiaren erpinean nola erreka zuloetan; baina beti izulaborria, heriotza eta hondamena aurrean eramanaz.

      O, Enperadore handia! Berorrek, erreinu hain zabal eta portitzak azpiratu dituen horrek, jende hau sekulan azpiratuko ez du.

      Arren, ez beza bialdu jende berririk, alperrik izango zaio eta.

      Oktabio Augustori lotsak gorritzen diozka bere matrailak.

      —Handia da, nolanahi ere, herri hori! —deadar egiten du—, baina zuk gauzak gehituaz hitz egiten didazu. Guziaz ere, saiatuko naiz azkeneko bidea hartzera, eta jaungoikoek lagun dizadatela.

      Mandatariak, euskaldunen aurrera joan, eta hoiei esan zien:

      —Zuek, mendi hoiek dirala bide eta bazter hoietako berri ongi dakizutelako, alde hoetan azpiratzen gaituzute; baina menturatuko zinateke lur zelai edo ordekan gurekin eskuetaratzera? O, bihotz handiko euskaldun bulardetsu portitzak!, esan zinidazukee niri, zer erantzun diozuten Augustoren aipamenari?

      —Bai, esan genegizuke. Hara hemen zer, gere buru nagusiaren ahoz, erantzun diogun:

 

      «Erromatarra, zere Enperadoreari esan zaiozu, prest arkitzen gerala nahiz mendietan, nahiz ordeketan, nahiz gure lurrean eta nahiz zuenean, zuekin eskuetaratzeko. Zuen Enperadoreak atera bitza bere erreinu zabaletako hirurehun gizon bikainenak, bere nahierara armatuta; guk bialduko ditugu noranahi beste hirurehun euskaldun. Guk ateratzen badegu baza, utzi dizagula pakean Oktabiok; eta zuek azpiratzen bagaituzute, ordu onean izan bedi gure Enperadore, jaun eta jabe, eta gu bere agindupeko izango gera».

 

      Hirurehun euskaldun alkarren lehian esleituak, kotxe beharrik gabe, oinez Erromara joan, eta hirurehun erromatar bulardetsuenakin arpegiz arpegi eta alkarri erasotzeko, Augustok seinalea egin zain zeuden.

      O, eta zenbat erromatar jazarra ikustera joan ziran! Hoietako zenbatek, euskaldunen arpegi prestu eta nobleak ikusita, hoiei garaipen edo biktoria opa diezaten!

      Erromatarrek, laborriak hartuta, bihotzak tupaka dauzkate: euskaldunak berriz, haiekikoa egingo dutelako uste eta konfiantza osoan, sosegu handian, eta arpegi alaiakin daude....

      Geroenean ematen du Enperadoreak alkarri erasotzeko seinalea.

      Eraso zioten unean atera zuten zalaparta gogorrak dardar eragiten dio Erromari, eta herri guzia iraultzera dihoala dirudi.

      Beren handiusteak indartzen ditu erromatarrak; baina euskaldun ikaragarriak arralotzen ditu bere gizon errenkadak.

      Izugarria da pelea! Beldurgarria ausiabartza!

      Amorru bizizko madarikazio, birau eta ai tristeak darizte hiltzen dauden erromatarrai, eta poz atseginezko zantzoak euskaldun portitz paregabeai.

      Gero ere begira zegoen jendearen eresi eta kezkari bere azkena etorri zitzaion.

      Kantauriatarrak kukurruku jo dute. Hoiek Augustoganonz itzuli, eta beren begi zabal ederraz honi begiratzen diote.

      Begira daudenak, zoratzeko zorian, guziak batera oihukari eman eta euskaldunak goratzez eta laudatzez ezin aspertu dira.

      Baina isiltzen dira, Oktabio hitz egitera dihoa eta.

      —Euskaldunak —dio—, mila bider zori onekoa honelako gizonak adoratzen duten Jaungoikoa; mila bider patu onekoa honelako gerrariak leuzkakean Enperadorea. Zuek guziok odol garbikoak, guziok prestuak, guziok jaunak zerate zuen lurrean. Egia ez da, erromatarrak?

      Begira zegoen jendea hasten da ostera oihuka euskaldunak goratzen, muin egiten diezate hoien soinekoai, adoratzen dituzte...

      Belaunikatzen dira emakumeak hoien aurrean, agertzen diezate beren itsumen eta amodioa, muin egiten diezate hoien oinai, eta gorputz guziko ikara senti dute hoiei ikutzean.

 

EUSKALDUNEN BIKAINTASUNA
Frantziska Inazia Arrue

Donostiako Lore Jokoak, 1886