Nabarra, azkeneraino gudan
1937ko martxoaren 5ean faxisten Canarias gerraontziaren eta Euzko Gudarosteko Nabarra bakailao-ontziaren arteko borroka desorekatua eta heroikoa izan zen Matxitxako aurrean. 1938an C. Day Lewis poeta ingelesak Overtures to Death (Heriotzarako Oberturak) liburuan Nabarra poema argitaratu zuen, hiru zati luze eta ederretan honelakoak kontatzen zituela: “Berrogeita hamar marineletarik denak hil ziren, hamalau izan ezik (…) Guduan sartu ziren galduko zutela aurreikusirik eta galdu egin zuten (…) Jende arrunt hark ez zion bizitzari mitoaren distirarik eskatzen (…) Bihotz zaildu haiek heriotza nahiago izan zuten errenditu baino… Hilkorrak dira hitz hauek baita gogora dakartzaten ekintzak ere… baina hazi hau loratuko da noizbait, askatasuna gizakiaren hitz sortzailea berriro bilakatzen den egunean”. Luigi Anselmiren itzulpen osoa (2003, Labayru) irakurtzeko gomendioa egiten dizugu.