Nabarra
Oharra: Ontziaren izena Nabaŕa zen, orduko hizkuntza jokabideari jarraituta. C. Day Lewisen idatzietan Nabaŕa geratu da, dela tipografia arazoengatik dela ingeles ahozkeraren eraginagatik. Guk bai ingelesezkoan bai euskerazkoan gaurko grafiara ekarri dugu izena. Nabarra. Bertan aipatzen diren beste ontzien izenak idazleak Donostia, Bizkaya eta Guipuzkoa ematen ditu, horregatik, ingelesezko testuan hala utzi ditugu eta euskerazkoan gaurkotu.
Bihotz zailduak izanik,
heriotza nahiago izan zuten,
errenditu baino.
LEHENENGO FASEA
Askatasuna hitz bat baino gehiago dugu,
agintarien diru xehe merkea bainoago,
tiranoaren ohorerik gabeko txekea edota zoroaren moneta,
inflakzioak puzturikoa, bainoago. Hilkorra da, hori badakigu,
eta sarraskizale ez diren gizon arrunten irudira egina:
irudi hori, ordea, saldurik ikusi baino lehenago
hil eginen dute eta hilak izanen. Hilkorra da bai,
eta hala ere bere errautsetarik goititzen da beti indarberrituta:
lurrari datxekio eta haatik gizonaren bihotza
etxera bidean den txoria baino gorago hegaldatzen da
sasoiko beroak asaldatzen duenetan:
Inoren kalte gabea da haren ukitua, egunsentiaren pare,
baina bekaizkeriaren itzal erogarriak askatu egiten ditu.
Askatasuna hitz bat baino gehiago dugu.
Gizonaren bihotzean bi aho ikusten ditut, biak orobat zorrotz:
heriotza eta sormena. Nola eskultoreak
irudi ederragoko bizia ematearren
harria sastatu eta zatikatzea atsegin baitu, bi plazer horiek bat eginik, -
Hala izaten da landu eta zizelatua gizakia ere
bozkario eta hiltzoriko ordu honetan,
hezurraren premia
dolagarria agerian uzteagatik, haragia ezkutatzen duenean.
Gure ardurak jasotzen dituzten gizonek bizitza arrunteko
gaitz eta alaitasun jasangarrietan ohiturik
ezin iragarri zuten zetorkiena: ez zekarten loria goserik:
baina kondairak eskua ezarria zuen haien lepoan
baita haien bihotz zaildu setatsuetan
askatasunaren irudi iraunkorra zizelkatu ere.
Urtea, mila bederatziehun eta hogeita hamazazpi, martxoa:
gizonak, itsasoetan barrena, beti jakinminez,
haizeak norat eta haiek harat joan ohi ziren iberiar
asaba zaharren ondorengoak:
jende bakezale, ez handinahia, bere lege zaharrak
eta independentzia maite zituena
Euskal Herriko gizonak, Kantauri Itsasoko arrantzariak,
beren bizibideaz landako maleziarik gabeak. Bizkaiko Golkoan
onik irten ziren maiz mendiak lako baga gaitzetarik;
onik, halaber, Kanadako ertzetan lanbro lodi hezetik:
pilota zale amorratuak, trebezia paregabea agertzen zuten
itsaso zabala eskuka erabiltzeko jokoan, harik eta
goiz batean sareetan Leviatan aurkitu zuten arte.
Blokeaturiko itsasoetan barna Euskal Gobernuko arraste-untziak
(Nabarra, Gipuzkoa, Bizkaia eta Donostia) nikel eta errefuxiatuz
zamaturiko Galdames baforea Baionatik Bilbora ari ziren laguntzen,
gerlaren uhin gaitza, beti eta larriago, barnealdeko ibar izoztuak
behiala naretasunaren aberria tapatuz zihoala.
Martxoaren bosteko goizean ipar mendebal hozkirria
jotzen hasi zen, beirazko bagak lurrun bilakaraziz:
ez zuten laino beltz horiek, norabidea lausotuz, biltzen zuten patua
ikusterik izan, oraino itsas kartetan idatzirik ez baitzegoen:
Arraste-untzi armatuak errime zihoazen, tripulatzen zituztenak
taxuzko gizonak ziren eta
Euskal Herriko gizonak, Kantauri Itsasokoak.
Ezari-ezarian aitzina zihoazen ipar-mendebaleko haize hozkirrian.
Itsasoa, ihizia, hilketa eta odola
gogoan dituen pizti artega baten azalaren antzera
inarrosten ari zen bitartean. Marinelek ere,
beren bihotz bareetan, eki aldean lehorreratutakoan
izanen zuten festa alaiarekin egiten zuten amets:
ikurrinak, haien haurren oihu alaiak eta diosalak.
Igarlearen kristalezko bola ganduan
antzemandako irudiak bezain nahasirik,
untziak elkarrengana biltzen ziren, urrundu berriro,
atzera hurreratu, jostorratzak bailiran,
tximinietan kiribildu eta Egunaren begia
lausotzen zuen laino mataza lodian sar-jalgika.
Pozik zihoazen, lasai, lainopean harik eta Galdames
bizi eta metal preziatuez zamaturik zetorren untzia
ostendu zen arte.
Baina belarria arrakadak zulaturik zeramaten kapitain lasai
haiek ez zuten norabidea aldatu eta lehorrerantz abiatu ziren,
ordurarte babestu zituen lainoak luze gabe haiek oro galduko
zituela ohartu gabe.
Ezen orain, begi kolpe batez, lainoa altxatu zen saurio baten begia
estaltzen duen azalmintza legez, eta Bizkaia, Gipuzkoa, Nabarra
eta Donostia tipia barneratu ziren banan-banan
egun donge hartako argi itsugarrian
eta supituki, zeru eta itsasoko bide guziak itxiz,
zer eta izugarrizko mendi bat azaldu zitzaien aitzinean,
uharte gaitz bat, ke beltza zerien garmendiz horniturik.
Metalez jantzitako erraldoi hura Canarias zen
gurutzuntzi matxinatua.
Hamar mila tonako itsasuntzia, pisu astuneko borrokalaria oilar pisuko
arraste-ontzi harroxkoen aldean: zortzi-eta lau hazbeteko kanoien
mehatxupean, gibelean, berriki atzemandako ihizia zekarren,
otzan. Estoniako zamauntzi bat Pasaiako portura bidean,
heriotza esportatzaileek Espainiara igorria.
Gurutzuntziko dorre txartatuetan isilune bat,
gatazkaren lehen arrangura,
orobat arraste-untzietako zubi ugerretan:
Argitasuna bortitzago
Eguzki printzek azken lainoak urratu dituzte
guda-zelai larriaren gainean, eta untzitik untzira
etsaiek elkarri behatu diote itsasoaren amildegi ikaratuan zehar.
Arraste-untzietako gizonek ez zuten ondikozko enkontrua
saihesteko aukerarik izan, ezta gogorik ere.
Haiendako askatasuna berezko urguilua zen eta, odola bezala,
bero zebilen zain barrenetan,
klima edo ondaretzat zuten, semeak berak baino are maiteagoa.
Bizkaia, Gipuzkoa, aurretiaz gainditurik zeudela jakinda,
beren lau hazbeteko kanoiekin hurbildu ziren
lehenbiziko odola isurtzeko xedez.
Canarias untzian artillero alemaniarrek, tiratzaile iaioak,
ezin zehatzagoak, bizkor beren baterietara,
helburua begiz jo eta tiro egin zuten, eta heriotza baizik
islatzen ez zuen egunaren aurpegi ilaunaren aitzinean
kea zabaldu zen.
BIGARREN FASEA
Lehen eztandaren oihartzunak Matxitxako lurmuturraren
granitozko saihetsak inarrosi zituen: haizearen aurka etengabe
borrokan kresalezko zuhaitzak gogortzen diren tokian errebotatu,
uhartetik haitzera jauzi eta
elizara edo azokara zihoazen emakumeek
abisu beldurgarria entzun zuten.
Alarmaz haratago, ordea, harrabots hura
halabeharrak euskal enda abailduaren azken kimu ferdea
erauzteko seinalea bailitzan,
mendebaldean oraindik zirauen laino artetik Galdames ageri zen,
gerrauntzi matxinoaren kanoi-aho kirastuen azpian.
Canarias-ek, segituan, bost obus jaurti zituen ke-hodiaren gainetik,
eta izu-laborria sartu zen, hiltegian zain dauden abereak bailiran,
bertan zihoazen bostehun haur eta emakumeen bihotzetan.
Eta untzi gaina laino bustiak barik ke lodiak bildurik zegoela
iruditu zitzaien: narras, laprastaka, elkar oinperaturik eta kulunka
zebiltzan, eroririk bezala, gurutzuntziaren kanoien so beltzetik
itzuri nahian.
Beldurrak airean, lainoan galduriko ardien gisara
elkarrengana bildu ziren, melatu piltzar zakuak bezain geldo.
Untzi gaineko zama baino ez ziren; orain, ordea,
haserre bizian eta indarrez Galdames-eko zubian sartu ziren
eta kapitainari bandera zuria gorarazi.
Lurruna zeriola, Canarias-ek pairuan jartzeko seinaleak egin zizkion,
ustez eta bigarren saria patxadaz eskuratuko zuela:
Patxadazko uste hura ustel, ordea,
zeren egundo ez baitzuen antzemanen tarte horretan
ezkailuak bezainbateko untzi ttipi haiek
marrazoaren ahutzetarik
Estoniako untzia ebatsiko zutela.
Nabarrak eta Gipuzkoak, bestalde,
artean kanoiak eta eskifaiak osorik zituztela,
aurrera jo zuten, borrokari muzin egin gabe:
ukaldi hilgarriek birritan astindu zuten Gipuzkoa
gurutzuntziko kanoirik lodienek tiro egin eta itsasoa
apar irakinezko geyserrez bete zutelarik.
Orduan, zeramatzan armek Leviatani
labanatxo batek baino min gutxiago eginen ziotenez,
75ekoa mutu oraindik, urruti gate bainan
gudukatik at zegoen Donostia txikia
maniobra ausart baten lekuko izan zen,
itsas armaden historian agian sekula kontatu
mugimendurik trebeena.
Haren begien aitzinean Bizkaiak, ausarki,
aurre hartu zien bere kideei
altzairuzko gerlari ñimiño suhar baten pare,
banderillak bailiran, seinaletako zutoihalei,
goian eragiten hasi eta zezen-plaza erdian
aparrak itsuturiko zekorra bezala zegoen Estoniarrera
abiatu zen zalu. Zamauntziak, tartean egonik,
Canariasek begi eta kanoietarik gerizatzen zuen orain.
«Nor zarete eta nora zoazte?» Galdetu zuten Bizkaiaren banderek.
«Armak dakartzagu eta Pasaiako portura garamatzate indarrez»
Estoniarrak ihardetsi. «Segi nazazue kai aldera».
«Ezin dugu. Mehatxupean gaude'».
Bizkaiaren azken berbak: «Bira egizue berehala!»
eta aldi berean bere kanoi larderiatsuak
hitz ozar hegalari hauek (eta barku tipia bera)
Canariasek begi bistatik gordetzen zituen
zamauntziaren saihets eskergaren aldera zuzendu.
Azkenik Canariasek bi untzien arteko solasa ikusi zuen eta
haren lepotik irri egin nahi zutela goganbehartu.
Estoniarra biratu eta Bermeo aldera abiatzen zela ikusi zuten
eta berdin Bizkaia haren haizabe eta abaroan.
(Euskaldunendako itsasuntzi hura eztigarri bat zen, zenbait milioi
kartutxo
baitzekarren: luzetsitako itxaropenaz eriturik
ziren bihotz haiendako
eta herriaren zaurietarako drenaje bat ere bai:
Denek laguntza ukatzen zietenean, beren dei lazgarriek
askatasuna hitz soiltzat dutenengandik
isiltasun hotza beste erantzunik jasotzen ez zutenean,
premiazkoena, ezinbestekoa, zekarkien hark)
Erne ur gainean Canarias, arraste-untzi bizkor haiek inguraturik.
zamauntziari bere seinaleak bidaliz,
Bermeoko portuan sartu ahal izateko sobera handia izanik,
luze gabe, arraste-untziak lehertarazi bezain fite,
bere ihizi preziatua berreskuratuko zuelako ustean.
Canarias untzian artillero alemaniarrak, bateria bihurrietan bizkor
beren langintza hilgarrian. Bazekiten kanoien
tiramen luzeagoak gobernuko itsasuntzien bihotzeko sua
laster itzaliko zutela: tentuz destatzen ziren
ukaldi bakoitza jo aitzin eta garrek
tigre-marrak margotu zituzten kearen oihan beltzean
kanoiek jauzi eta gibelera egin zutelarik.
Beren hondar gabeko itsas bizitza osoan
Kanada aldean ibilitako arraste-untziek ez zuten inon
sekula antzeman halako babazuzarik, halako haize-erauntsirik:
untzi-bizkor biluzietan lehertzen zen burni zirimolak
hostoak bezala zerabiltzan harat-honat, urperatu nahian.
Eta hala ere borrokan jardun zuten eguzkirik gabeko arratsean
barrena.
Borrokan jardun zuten, lau kanoik armada matxinatuko
untzirik onenaren aurka,
harik eta Gipuzkoako marinelek arrakala guzietarik jalgi
eta bolborategiraino zabaltzen ziren suei eusterik izan ez zuten arte.
Bihozgabeturik biratu eta Nerbioi aldera abiatu ziren orduan:
haien untziak, Gipuzkoak, ohorerik handienari dagokion kondekorazioa,
sugarren arrosa, zeraman bihotz ondoko paparrean,
makurturik eta zabunka, Areetan sartzen hasi zenean;
untzi bizkarrean, kezko hil-mihisearen eta suzko bandera
pitzatuaren azpian, hildakoen gorputzak,
borrokan ibili arrantzaleen laurdenak.
Euskal Herriko gizonak, Kantauri Itsasoko arrantzaleak.
HIRUGARREN FASEA
Eta orain Nabarra ausarta bakarrik geratu zen plaza erdian,
goian zerua hutsik, alboan itsaso xuria:
Baina belarria arrakadak zulatua zuten marinelek,
txapela buruan eta haitzak bezain irmo kanoien ondoan,
beste erronka bat bota zuten ozen
arratsaldeko itsasbeherak
batailaren hondar goibela agerian uzten zuelarik.
Ohore gosea ondo asetuta zegoen aspaldidanik:
Haiek halako hamar zen untzi bat geldiarazi eta erasoka ibiliak ziren;
bazen garaia lanari uzteko bihotz zimikorik gabe. Baina
gurutzuntzia apur bat gehiago lotuz gero,
metal eta bizi preziatuz zamaturik zetorren Galdamesek
ihesari emanen ziola espero zuten.
Canariasek, armetan zein abiaduran erraz gailentzen bazitzaion ere,
eltxoak oraindik zizta zezakeela ikusirik, gibelerat jo zuen,
eta haren tiramenetik kanpo biraka hasi zen,
trumoi ekaitzaren inguruan lurrunezko biribil bat osatuz.
Nabarrak ordea maniobratu eta etengabe aldatzen zuen
bere desarraren norabidea,
etsaiak erdeinatu bi kanoien xedea ongi finkaturik.
Guduaren erritmoa pausatu zen orain, moteldu kanoien taupadak
arratsaren bihotzean; azala histurik, zerua krisian sartu zen
eta obusek jota, itsasoa, eri baton moduan, bere burua astintzen eta txistuka hasi zen sukarraren eldarnioan.
Guduaren erritmoa pausatu zen, gurutzuntziak presarik ez baitzuen,
eta Nabarraren kanoiak gori-gori eginda zeuden,
eta eskifaia osatua zuten berrogeita hamabi marinel euskaldunetarik
asko hilik ziren,
besteak uherrez eta burkideen odolaz azala zikindurik,
denak zaurturik, bakan batzuk izan ezik.
Bi etsaien erdian borrokatu behar izan zuten,
gurutzuntziko trumoien mintzo erlatsari
saihets eta arrakala guzietarik lerratzen ziren gar traidoreek
ihardesten zieten barku propiotik, lagunak oro keaz itsutuz.
Lau eta erdietan Nabarra sutan zegoen burutik burura.
Animo eta kuraia inoiz galdu gaberik,
zenbat ahalegin! Nola lehiatu ziren
barkua barik bahe hutsa zen hura ur gainean eusten!
Karrankari eta orbainez betea,
errematxeak beren zuloetan erdi irtenak,
burua etsaiaren kanoietarik gorde ezinik,
berauek orroa eta altzairu-erauntsi baten biltzen zuten artean!
Hegoaldean kai babesleak ageri ziren, txikitatik
ezagunak zituzten itsas labarrak eta olatu-aparra,
oraindik maite zuten bizimoduaren irudiak:
baina are maiteago itsasertz hori, bizirik iraunen bazuen,
tiraniaren ilunpeetarik gerizaturik ikustea.
Askatasuna ez zegoen haien ahoan: baina irautera bultzatzen zituen,
ezin amore eman zezakeen haragian sorturiko altzairuzko iturria zen,
Libre izateko gogo bizia.
Eta orain, bere 75ekoa mutu, urruti gabe zegoen Donostia tippitik
ikusi zituzten Nabarrakoak txalupa nekez jaisten, eta poliki-poliki,
hankaz gorako karramarro puxkatu baten gisara,
haiengana hurbiltzen. Oihuka eta pozik agurtu zituzten
bizirik atera zirenak, azkenik haiek behintzat salbatzea izanen zutelakoan.
Bateleko arraunlariak oro zaurturik ziren
odola arraunei beheiti limurtzen ari zen, haien uberan isuriaz:
Eta zurubiak jaitsi zituzten, gizon haiek jasotzeko,
zauriek hain makaldurik non untzi gainera haurrak bailiran
garraiatu beharko baitzituzten.
Baina ikusi zuten erabat erraturik zeudela.
Zeren txalupan zutunik bateleko marinel lohitsu
horietako batek honela agurtu baitzituen:
«Ofizialak zuen benda eta ur upel guzien bila igorri gaitu.
Gero sartu Bermeon.
Guk pilota joko hau amaitu behar dugu eta».
Donostiako kapitainak negarrez, otoi, arren, salbatzeko eskatu zien:
baina euskaldunek ez zuten partida utziko amaitu baino lehen.
Bendak hartu zituzten biraoka itzultzea gehiegi luzatzen ari zirelako,
baita ur upelak ere, untziko suak menderatuko bazituzten:
eta arraunei gogor eraginez atzera abiatu ziren berriro Nabarrara,
ur gaineko odol-lorratzari jarraiki, arrats hartako oskorria.
Beste bi orduz borrokatu ziren, oinpean Nabarra
meta bat burdin, ilaun eta txingar bilakatzen zitzaielarik.
Apur batez menderatu sugarrak nagusitu ziren ostera ere.
Brankako kanoia lehertu zietenean
txopakoa ekarri zuten aurrera.
Mindurik gudukatu ziren, hiltzear zeudela jakinik:
baina zulatutako itsasuntzitik sartzen zen ur guziak
ez zuen haien maitasuna, haien bihotzeko sua itzaltzerik izan.
Banan-banan untzi gainean jausten ziren gorpuak
suak hartzen zituen, heriotzak izpiritu gartsu horiek
agerian utzi nahi balitu legez. Beste bi orduz borrokatu ziren
eta zazpiak irian beren azken obusa jaurti.
Ofizial guziak hil ziren bat izan ezik. Makinari guziak hil ziren
bat izan ezik. Berrogeita hamar marineletarik denak hil ziren
hamalau izan ezik eta hauek oro erdi hilik zauriz josirik.
Eta gaueko ihintza abaildu zen errauts-malko isilak legez.
eta Nabarraren mihia mututu egin zen. Hegoaldean
babes portuak ilundu egin ziren, ilundu, halaber,
ongi ezagutzen zituzten itsas labarrak eta ur mehe ferdeak.
Bertatik beha zituzten lagunek
ilunabarreko argi hitsean agertzea espero zuten
bandera zuriaren ordez
hamalauak zurezko batelean igotzen ikusi zituzten
eta, indarge, kostaldera jo.
Orduan Canariasek txalupa bat bota zuen uretara,
ehiza txakur baten pare, zalu eta gupidagabeki,
haien atzetik abiatu zena.
Baina odolusturik ere hezur-haragizko eskifaia hark
ez zuen borrokatu gabe amore emanen patuaren aitzinean:
indar guziak bildu zituzten azken erronka botatzeko,
arraunak untziratu eta eskuko bonbak jaurtiki
hurreratu nahi zuen txaluparen aurka.
Kondairan jadanik haiendako leku bat zizelkatua zuten eskuek, ordea,
huts egin zieten hondarrean: indarrik gabe, eskuko bonbak
uretan erori ziren urrun arerioengandik
eta hauek azkenik, arpeoz lotu zituzten,
Nabarra txopatik Kantauri itsaso isilean hondoratzen zelarik.
* * *
Haien bizitza ez zen liluragarria.
Guduan sartu ziren galduko zutela aurreikusirik
eta galdu egin zuten. Bizkaiko tirainak anitzen hezur
tematsuen gainean ari dira orain goitibeheiti.
Gainontzekoek euren untzien patu herdoildu bera
dute zain espetxeetan, hesien inguruan haizea hasperenka
ari den bitartean Euskal Herriko gizonak,
Kantauri Itsasoko arrantzaleak.
Jende arrunt hark ez zion bizitzari mitoaren distirarik eskatzen:
beren ohitura zaharrak maite zituzten, horregatik
bihotz zaildu haiek heriotza nahiago izan zuten
errenditu baino...
Hilkorrak dira hitz hauek baita gogora dakartzaten ekintzak ere..
baina hazi hau loratuko da noizbait, askatasuna
gizakiaren hitz sortzailea berriro bilakatzen den egunean.
Askatasuna hitz bat baino gehiago zen, agintarien diru xehe merkea
bainoago beraiek likistutako bakearen gonapean
herria oinaze-astora eraman eta sarraskitu zuten politikarien
txanpon ugerra bainoago. Baina hauei zer geratuko zaie?
Historiak erabat erdeinatuko ditu eta mamuen antzera
bizi izanen dira beren politika ziztrinen oskol belztuetan.
Hemen aipatu ditudanendako, berriz, askatasuna hezur-haragizkoa zen
Gorputz hilkorra, bai, armaren errekamara bezain beroa;
eta hala ere, gudu larriak maitasunaren punturik gorenera
eraman zuen eta hilezkor bihurrarazi;
eta haren argiak dirdir dagi oraindik ere denbora garrenean,
erraustutako izar bat legez, Nabarraren bihotzeko sua
itsasoaren golkoan amatatu baino askozaz geroago.
Heriotzarako oberturak (1938)