Xabier Mendiguren Bereziarturen heriotzan
Euskararen aldeko lan ekinean jardundakoa, 2023ko urriaren 2an hil da Xabier Mendiguren Bereziartu. Euskalgintzan egindako lana goraipatzekoa da, bidegile izan zen, Kontseiluaren buruzagitzatik eta beste zenbait tokitatik konpromisoz aritua. Eta halatsu literaturan ere, batik bat itzulpengintza alorrean. Bidegile hor ere, teorizatzaile gisa eta sektorearen indartze eta erakundetzean bultzatzaile. Eta itzultzaile: Txekhov, Von Kleist, Goethe, Tolstoi, Zweig, Grass, Gogol, Dürrenmatt, Hesse, Mann… Zerrenda itzela da, egile handiak ekarri zituen euskarara, Literatura Unibertsala bilduman haietako asko. Horietako zenbait irakurgai daude, online, Mendigurenen heriotzaren kari gogoratu eta errepasatzea merezi dutenak: Ipuinak; Ivan Ilitxen heriotza; Herioa Venezian; Peter Camezind; Michael Kolhaas; Hautapen ahaidetasunak; Katua eta sagua; Matxura. Eta Antzerti aldizkariaren bigarren aroan (1982-85) egindako hainbat itzulpen, horiek ere irakurgai daudenak. Baina idazle ere izan zen. Narrazio batzuk, eta saiakera alorrean batez ere. Haren aspaldiko bi pieza dakartzagu osorik, 1972an Etor argitaletxearekin plazaratutako Europako Ezker Berria lana, eta 1981eko Iparragirre, biografia nobelatu bat, Elkar argitalketxearekin kaleratua.