Iparragirre
Xabier Mendiguren Bereziartu

Elkar, 1981

 

 

URRETXUTIK ERBESTERA

 

 

I

 

      Jose Agustin, konfiteroa, izerditan blai eginik eta urduri dabil. Mantal zuriaz bekokia xukatu eta azkeneko pastelak labera sartu ditu. Leihotik begirada bat bota dio Irimo mendiari. Aurrez-aurre dauka erraldoi berde bat balitz bezala, eguzki galdatan. Eguraldi sargoria da 1820ko abuztuaren 12ko hau. Eskaileratan behera oinotsak entzutean, tximista bat bezala itzuli du burua. Begiak dir-dir eta irribarre zabala loratu zaio ezpainetan. Emakumearen aurpegi alaitik hitz banaka batzuk jaulki dira.

      Jose Agustinen aurpegian irriak, algarak eta zoramenezko imintzioak lehertu dira.

      Zalapartaka mantal zuria askatu, gakotik zintzilik dagoen zapi zurian eskuak igurtzi eta aitaren batean erretore jaunaren etxera abiatu da:

      — Don Domingo, Don Domingo! Etorri da!

      — Zer dugu, ba, ikazkina ala jostuna?

      — Morrosko eder bat! Jauna!

      — Bihar bertan bataiatuko dugu. Erabaki al duzue izena?

      — Bai, jauna, aspaldian erabakirik genuen, mutila izatekotan Joxe Mari deituko geniola.

      — Eta aitapontekoak? Noren besotakoa izango da?

      — Joxe Mari eta Marinaxi, Segurakoena. Oraintxe bertan noa berri ematera.

      — Zorionak eta urte askotarako! Goraintziak Prantziskari eta ea lehenbailehen bizkortzen den.

      — Eskerrikasko, erretore jauna. Banoa, banoa, pastelak labean utzi ditut eta!

      Egun hartako pastelak beltzaran samarrak atera zitzaizkion Jose Agustini, baina ez zen gehiegi estutu. Ezagutzekoa zen. Ezin zitekeen denetara egon, urduri eta ia burua galdurik baitzebilen gure konfiteroa.

 

 

II

 

      Joxe Mari mutiko mardula zetorren. Haurtzaroko ametsetatik irten ahala, gurasoek txikitatik ikasteko bideak eta erraztasun guztiak eskaini nahi zizkioten. Lehen pausoak Zeraingo osaba maisuarekin eman zituen, idazten, irakurtzen eta eragiketak ikasiz eta ondoren, Gasteiza bidali zuten latinaren hezur gogorra marruskatzera.

      — Ez, Jose Maria, ez; ez duk gogorik jartzen eta ezin ikasi. “Nulla dies sine linea” gogora ezak.

      — Saiatzen naiz baina hau ez da niretzat egina. Ez naute betetzen gauza hauek, jauna.

      — “Qualis pater, talis filius” esaten ditek, baina beldur nauk aitaren seme ez ote haizen lan-kontuan. Alfer usaina sumatzen diat!

      — Bai, Caesaren gauza hauek, “De Bello Gallico” eta honelakoak gustatzen zaizkit, baina irakurtzea... irakurtzea baino egitea atseginagoa da, zalantzarik gabe.

      — Mutiko guztiak bezalakoa haiz! Beti ametsetan! Zer uste duk, hik? Latina baino gozoagoak direla balakadak eta soldaduen bizimodua, ala? “Ad augusta per angusta”. Ez ezak inoiz ahantz!

      — Ez, baina...

      — Zer baina eta baino ondoko, gero! Gurasoak jo ta ke lanean ari dituk, hik ikasteko aukera izan dezaan eta ez duk bat ere aurrerapenik egiten eta lasai baino lasaiago hago. Oraindik hamabi urte dituk eta mukizu bat besterik ez haiz. Ondotxo damutuko zaik egunen batez ikasten saiatu ez izana! Zer uste duk, ba? Bizitza beti aldapa behera dela, ala?

      — Aditz hauek... oso zailak dira, jauna.

      — Zailak? “Trabit sua quemque voluptas” ziok Virgiliok. Ba al dakik zer esan nahi duen?

      — Bakoitzak... bakoitzak...

      — Bakoitzak bere zoroa bizi duela, eta argi zegok hik, latinarena ez duala bizi. Beraz, honela jarraitzekotan hobe izango duk beste zerbaitetara jotzea.

 

 

 

III

 

      Gasteiztik Urretxura itzuli bezain laster, jadanik Madrilen finkaturik zeuden gurasoek bertara dei egin zioten Joxe Mariri eta jesuita ezagun baten bitartez, S. Isidro la Real ikastetxean ikasketak jarraitzeko bideak ireki zitzaizkion.

      Gaixoaldi luze baten ondoren, Femando VII erregea heriotzaren ateetan zegoen, eta haren inguruan XIX mendeko lehen gerrate zibila ari zen somatzen.

      Berriz ere, ikasliburuek baino gehiago berotzen diote buma Joxe Mariri, inguman gertatzen ari diren gauzek eta Euskal Herritik datozkion berriek. Gainera, aita argi-argi karlista aldeko agertu da, hiltzera doan erregearen anaiaren alde.

      Gauero, ohean etzanik, etxetik ihes egin eta gerra-abenturatan sartzeko tentaldiak zirikatzen du Joxe Mari mutil gaztea, gazteegia, 14 urte besterik ez baititu.

      — Bai ongi ibiliko nintzatekeela mosketoi handi batekin mendietan tiroka! Karlistek irabazi behar dute! Bai, karlistek! Lagundu egin behar zaie... Baina aitak eta amak ez didate uzten... Eta ihes egiten badut? Inori ezer esan gabe ihes?... Ez, ezin nezake, biak penaz hilko lirateke!

      Eta gauero zalantza, nahi eta tristura ber-bera zebilkion buruan iraulka eta sarritan begiak itxi gabe harrapatzen zuen egunsentiak.

      — Gainera 500 kilometrotara dago Euskal Herria. Nola iritsi bertaraino? Zer jan? Nola egin bidaia?... Ez, ez, ametsetan nabil! Ama negarrez urtuko da eta aita haserre bizitan jarriko da.

      Baina, azkenean, abentura-nahia nagusitu zitzaion zalantza guztien gainetik. Egunero bezala jaiki, gosaldu, liburuak besapean hartu eta etxetik irteterakoan, barne-dardarak itoaz, hauxe besterik ez zion esan amari agurtzat:

      — Banoa eskolara, ama!

      Eta halaxe abiatu zen bostehun kilometrotara borroka gogorrean ari ziren karlistekin biltzeko asmoz, hamalau urtetako gaztetxo ameslaria.

 

 

IV

 

      Inork ez dakizkien mila neke, gose eta gorabeherari aurpegi eman ondoren, Gipuzkoako mendietan barrena agertzen zaigu Joxe Mari. Arropak zikin eta zimurturik, aurpegia bi betzulo handirekin eta ilea luze eta koipetsu. Norbaitengana jo behar eta Zeraingo osabarengana, txikitako lehen irakaslearengana, zuzentzen ditu urratsak. Ez zuen harrera onegirik espero, baina barren-barrenean ulertuko ziolakoan zegoen. Ukabil ahul eta dardartiz jo zuen atea.

      — Nor da?

      — Joxe Mari naiz, zure iloba!

      — Nola? Zer diok! Hi hemen? Nola arraio alderdi honetatik? Ez al hintzen, ba, Madrilen?

      — Etxetik ihes egin dut hona etortzeko...

      — Aitaren, semearen eta... Jainko Maitea! Burutik al hago? Sinistea ere! Nola egin duk astakeria hori?

      — Hara, osaba, ez zaitez haserre... dena kontatuko dizut.

      — Ez haserretu? Zer diok, gero, inozo burugabe horrek? Egindakoaz jabetzen ote haiz gero! Ez duk gurasoen kontra bekatu makala egin! Ez zekiat nola ez hauen jo tximista batek! Eta lasai hago, egina egin ondoren! Hori duk barrua hori! Banekian kaskagorra eta ameslaria hintzela, baina sekula horrelakorik!

      — Osaba, nik karlistekin gerra...

      — Zer? Hi karlistekin, zer? Hi bezalako umegorri mukizuak behar dituztela uste al duk, ala? Gerra? Ederra bota duk! Ireki belarri zikin horiek eta entzun! Oraintxe bertan, sar hadi barrura, aldean daramaan zikinkeria guzti hori ken ezak, zerbait jan, eta zutik ibiltzeko gauza bahaiz, hor goiko mendietan zehar Lazkaoraino joango haiz, karmeldarren komentura. Esango diat nori aitortu behar dioan hire bekatu beltza! Eta ez duk oinik aterako bertatik gurasoak bila etorri arte. Ez horixe, arraioak ez badituk, mukizu alen horrek!

 

 

V

 

      Arratsalde hartan bertan, bazkari legea egin eta Joxe Marik Lazkaorako mendi-bideari ekin zion, osaba zorrotzari agur esan ondoren. Urdailean ez zeraman pisurik, ia ez baitzuen mokadurik irentsi. Mutikoaren amets urdinak zeharo ilundu ziren eta aldapetan gora eta behera zihoala, burua kontraesanezko zurrunbiloak irentsi zion.

      Ilunabarrerako, bidazti bakartiak Lazkao-mendiaren gaina harrapatu zuen. Mosketoien suzko loreak eta tiro hotsak gero eta hurbilago nabarmentzen zituen. Bihotza taupaka hasi zitzaion ikaraz eta irrikaz.

      Halako batetan artzain-txabola baten teilatu babeslea jo zuen begiz. Barrura sartu, ahal bezain eroso garo ihar gainean kuzkurtu eta gaua bertan ematea erabaki zuen. Lozorro astun bat izan zen gau hura Joxe Marirentzat.

      — Kaskagor ameslaria... mukizu alena... bekatu beltza egin duk!... aitortu beharko diok...

      — Ez, ez da bekatua, ni ez naiz ameslari mukizu bat. Karlistak gure herriaren alde ari dira eta laguntza behar dute, bestela...

      — Mutiko guztiak bezalakoa haiz! Latina baino gozoagoak direla uste al duk balakadak eta soldaduen bizimodua? Damutuko zaik...

      — Baina bihotzak esaten dit hori dela nire bidea. Seguru nago... Dn. Karlosen soldadu izan nahi dut.

      Aitaren aurpegi iluna, amaren begi negartiak, osabaren haserrea, latin-irakaslea, Lazkaoko karmeldar ezezaguna alde batetik eta kainoiak, mosketoiak, banderak, karlisten irrintziak eta danbadak dantza zoroan nahasten zitzaizkion mutilari irudimenean.

      Txaboiaren zirriztuetatik lehen argi-printzak sartzean, erabakia hartu beharra, zirt edo zart egitera derriorturik zegoela konturatu zen. Behean, herria eta komentua ikusten zituen eta inguruko hegietatik karlisten eta etsaien tiroak entzuten. Zeharka-zeharka mendibideari lotu zitzaion.

      — “Alea jacta est” uste dut esan zuela Caesarek. Badakit latin pixka bat oraindik...

 

 

VI

 

      Gurdibide eta bidezigorretan zehar Ataun aldera gidatzen dute mutila tiroek eta bihotzak. San Gregorion topo egiten du Gipuzkoako Lehen Batailoiarekin. Bere asmoen berri aditzera eman bezain laster, soldaduetariko batek zalantzakor buruari eraginez, Zumalakarregirengana eramaten du. Gizon txiki, sendo, eta begirada biziko haren segurtasun eta kemenak liluraturik utzi du lehenengo hitzaz.

      — Zer diagu, mutil!

      — Ba... nik... boluntario izan nahi nuke...

      — Gaztetxoa ematen duk! Zenbat urte dituk?

      — Hamalau.

      — Hamalau? Alajaina! Ez haiz makala! Oraindik bizarrik ez zaik atera baina beso-koskor bikainak dituk. Arranoa! Inoiz ikusi al duk honelako mosketoirik?

      — Ba... esateko... ez. Liburuetatik dakit...

      — Eta gurasoak? Ihes egin duk etxerik, ezta?

      — Bai, urretxuarra naiz baina Madrilen bizi nintzen gurasoekin. Bertatik etorri naiz...

      — Madrildik? Bakarrik? Hi haiz hi! Ez habil berriketan orduan. Hi bezalako asko bagenitu, beste oilar batek joko ligukek kukurruku. Arranopola!

      Karlisten buruzagiak bere bekain iletsu beltza harriduraz jaso eta sorbaldako batzuk eman zizkion.

      — Tira! Hemen ez zegok berriketarako astirik. Jantzia eta mosketoia emango dizkiate eta egun batzuetan inguruko mendiotan armatan trebatu beharko duk. Hemendik gutxira Bizkai aldera jo beharko diagu-ta. Arrigorriagara hain zuzen. Han ikusiko dituk etsaiak aurrez-aurre, lehenago ez bada.

      — Ongi da, eskerrikasko, jauna.

      Joxe Mari kolpean hazi zen Zumalaren hitzak entzutean. Belarri batetik besterainoko irribarrea sortu zitzaion aurpegian. Mosketoi herdoildua lehenbizikoz eskutan hartzean, hasperen sakon bati jaregin zion. Hainbeste gau eta egunez laztanduriko ametsa azkenik egia bihurtu zen.

 

 

 

VII

 

      Zumalak esan bezala, luzaz itxaron beharrik gabe ikusi ahal izan zituen aurrez-aurre Iparragirrek etsaiak; baita balakada baten urratua bere zangoan nozitu ere. Baina Joxe Mari ez zegoen horrelako huskeria batek atzeratzeko.

      Arrigorriagatik urrunera gabe, Kastresanan, apuntatzen ari zela karabinaren kulatan balak jo eta aurpegia handitu zitzaion. Mendigorriako borrokan, berriz, beste urratu bat izan zuen aurpegian eta aurrezkoen eskutan erortzeko zori-zorian ibili zen.

      Zauriak osatu bitartean eta borrokarik ez zenetan, Joxe Marik euskarazko kantuak kantatzen eta ingurukoak alaitzen ematen zuen denbora.

      — Beste bat, beste bat, Joxe Mari!

      — Gaurkoz nahikoa da; zauri honek burukomina ematen dit, gainera.

      — Aizak, eta egia al duk Oņatira hoala D. Karlosen gortemutil gisa?

      — Hori entzun diat, baina ez zekiat gauza garbirik. Ni agindutakoa egiteko prest negok!

      — Gauza bat esango diat. Etzak pentsa Dn. Karlos hori, pretendentea, santu-santua denik; horrek bere zoroa bizi dik.

      — Eta? Zer esan nahi didak horrekin?

      — Ba... gu, ez gabiltzala hemen horren aurpegia edertzen bakarrik; gure borroka batez ere Foruengatik duk. Ulertzen?

      — Foruak? Aitak ere sarri hitz egiten zian horretaz.

      — Bai, gure askatasunak, gure ohiturak, gure herria...

      Handik gutxira Zumalaren heriotzaren berri mingarria iritsi zitzaion Joxe Mariri eta Bergarako besarkada lotsagarri eta saltzailearen berri askozaz mingarriagoa. Joxe Marik eta beronen lagunek, menperaturik baina burua lehengo lepotik zutelarik, erbesterako bidea hartzen dute. Iparragirre gazteak hemeretzi urte bete ditu.

 

 

 

VIII

 

      Euskal Herria uzten zuelako penaz, eta herrialde berri bat, Frantzia, ezagutzeak sortzen zion liluraz abiatu zen Iparragirre erbestean barrena. Frantsesa ikastean, Lamartine eta Chateaubriand bezalakoen liburuetako amets eta abentura munduetan murgildu zen.

      Pensamolde Uberaleko handiki markes baten ezagupidea ere egin zuen garai honetan. Beronen bitartez heldu zen Caroline Duprez, soprano ospetsuaren, ikasle eta maitale izatera.

      — Mademoiselle Duprez!

      — Monsieur Iparragirre!

      — Ez nuen uste horren gaztea zinenik. Asko hitz egin dit zutaz Rocrejakelin jaunak! Pozten naiz ezagutzeaz.

      — Ni ere bai, mademoiselle Duprez. Nork ez du zure izenaren berri!

      — Eta poliki kantatzen omen duzu, gainera!

      — Ene! Hutsa! Lagun artean... zer janik ez dudanean txanpon batzuk biltzeko eta horrela... ezer ez.

      — Ederki, ederki, ikusten dudanez baritono ahots ederra duzu! Zertxobait kantatuko al zenidake? Atsegin handiz entzungo nizuke.

      — Barka, mademoiselle, baina...

      — Kanta ezazu, arren. Mesedez eskatzen dizut... Monsieur Iparragirre!

      — Tira... huskeria bat da... azken aldi honetan kantatzen dudan bat.

 

                  Gitarra zartxo bat da

                  neretzat laguna

                  onela ibiltzen da

                  artista euskalduna

                  egun batean pobre

                  beste batez jauna

                  kantari pasatzen det

                  nik beti eguna.

 

      — Bravo! Harrigarria! Ahotsez eta sentimenduz paregabea. Hori freskotasuna! Kantu-eskola batzuk hartu bazenitu... Mereziko luke. Hara! Neronek emango nizkizuke...

      — Milesker, mademoiselle Duprez, naizen baino gehiagotzat naukazu, baina ez dago gaizki esana. Benetan diozu?

      — Ongi baderitzazu, bihar bertan hasiko gara. Prest?

      — Prest!, mademoiselle Duprez, bai horixe!

      — Eta aurrerantzean Caroline dei nazakezu.

      — Milesker, eta zuk Joxe Mari. Au revoir, Caroline!

      — Au revoir, Joxe Mari.

      Joxe Mari eta Carolineren arteko loturak estutuz joan ziren, berriz ere Iraultzaren olatuak itzuli ziren arte. Iparragirrek Marsellesa kantatzeari ekin zion, eta errepublikar eta inperialisten artean sua pizteari. Frantses Gobernuak arriskutsutzat kanpora alde egiteko ordena ematen dio. Carolineren eskolei eta maitasun xamurrari adio esan eta Italia, Suitza eta Alemaniako bideetan zehar abiatzen da soldadu ohia eta artista berri euskalduna.

 

 

 

IX

 

      Herriz herri eta ustegabez ustegabe, Iparragirre bere gitarra zahartxoa lagun duela, 1851n Londresen ageri zaigu, florentziar kantari-talde batekin. Bertsolari euskaldunaren bizimodua ez da erraza: egunero jan behar eta irabazpiderik ez. Arraza eta pentsamolde guztietako jendez gainezka zegoen hiri handi hartan, txindurri baten antzera dabil Joxe Mari.

      Kalexka batetan gitarraren kirrinka negartia belarriratzen zaio. Taberna estu eta zaharrean, musikari ziztrin eta nekatu bat ari da ahaleginak egiten. Kantariaren ahots urratuak ez dio alboko jendeari zirrararik eragiten. Saioaren ondoren, kapelako txanpon urriak biltzean, gitarrajolearen begiak malkoz busti dira. Joxe Mari begira-begira dagokio artistari, bihotza penaz zimurturik. Hamaika aldiz ezagutua du berak ere une triste hori! Bat-batean, Joxe Mari zutitu, jendeari albora eragin, soinujole saminduari gitarra eskuetatik hartu eta eskenategiaren erdian tentetu da. Lehoi ileak, begi argi biziek eta jaun itxurak jendeari erasan egin diote. Keinu egin du isiltasuna eskatuz. Iparragirrek ahots sendo eta sarkorrez inork ulertzen ez zuen hizkuntza batez ekin dio kantatzeari. Batzuetan trumoi eta bestetan haur, kantuaren doinuak erabat menperatu ditu entzuleak. Bukatzean, jendeak suturik txalo jo dio eta txanponez gainezka utzi dio txapela.

      — Beste bat, beste bat!

      — Bravo!

      Iparragirrek, irribarrez, eskuak jaso eta entzuleei eskerrak eman ondoren, aho zabalik eta liluraturik albotik begira zeukan lehengo gitarrajolearen kapelan husten du bere txapela. Artista nekatuak bazuen gau hartan zer jana. Iparragirrek, agian, Londresko kaleetan zehar alde batera eta bestera ibili, gosearen hozkadak urdailean sentitu eta izarpean lo egin behar izan zuen egun hartan... Euskaldunaren bihotzak irabazi zuen!

 

 

 

X

 

      Londresko arratsalde gris lainotsua zen. Joxe Marik, egunero bezala, gitarra eskuetan hartu eta kale ertzeko taberna jakinera jo zuen. Begietan tristura lauso bat zebilkion igeri.

      — Urteetan nabil Euskal Herritik kanpora... zer gertatzen ote da nire herrian... eta ama... aita hil da... eta bakarrik... nola bizi ote da... joan egin behar dut... nola ordea?... ez dut Espainiara sartzeko baimenik.

      Sentimenduen borroka honetan bere betiko kanta lekura iritsi zen. Ezkerreko oina aulki batetan ezarri, inguruan pilaturik zeuden entzuleei triste eta gozo begiratu, eta dardara biziz kantatzeari ekin zion:

 

                  Gazte-gaztetandikan

                  erritik kanpora,

                  estranjeri aldean

                  pasa det denbora.

                  Erri-alde guztietan

                  toki onak ba-dira

                  baina biotzak dio:

                  “Zoaz Euskal-errira”.

 

      Bertsoz-bertso, Iparragirrek bihotza eta begietako iturburuak ireki zituen eta sentimendu eta herriminezko erreka bat isuri zen entzuleen gain. Ohizko entzuleek azken-agur antza hartu zioten arrats hartako saioari. Bukatzean, beste egunetan baino txalo eta gora sutsuagoak jaso zituen Iparragirrek, txanponak ere erruz pilatu zitzaizkion txapelean, tarteka billete hegalariak ere agertzen zirelarik. Joxe Marik bere esku-gain zabalaz negar-malkoak xukatu eta eskerrak banatzen zituen ezker-eskuin:

      — Milesker, milesker, eskerrik asko!

      Bat-batean dotore jantziriko jaun bat hurbildu zitzaion jende artetik, buruan kapelu beltza eta eskuan makila distiratsua zuela.

      — Euskalduna zara. Zein alderditakoa?

      — Giputza, urretxuarra.

      — Bejoindeizula! Zorionak! Benetan hunkitu nau zure kantuak, ongi ulertu ez badut ere.

      — Eskerrikasko! Eta norekin dut hitz egiteko atsegina?

      — Mazarredo jeneralarekin. Bilbotarra naiz, herrikidea beraz.

      — Pozten naiz ezagutzeaz, eta gehiago oraindik erbestean, neure herritik honen urrun euskaldun bat ezagutzeaz. Iparragirre da nire deitura.

      — Zer? Erbesteraturik al zaude? Noizdanik?

      — Hamabi urte egin ditut atzerrian, karlista gerratea bukatu zenetik. Eta badakizu... gero eta pisuagoak zaizkit urteak.... neure herritik kanpora... Euskal Herrira itzultzeko irrikaz nago.

      — Noski, ulertzen dut. Gogorra izan behar, zu bezalako batentzat, Euskal Herriaren alde borrokatu den batentzat erbestean bizitzea...

      — Bestalde, aita ere hil zait eta ama bakarrik bizi omen da Madrilen, eta nahiko estu eta larri, gainera.

      — Hara, Iparragirre jauna! Garbi hitz egingo dizut.

      Baditut ezagupideak eta lagun onak politika-munduan, hemengo enbaxadorea, esate baterako. Bestalde, euri asko egin du ordutik hona eta orain ez da lehengo konturik. Utz ezazu nire gain eta neu arduratuko naiz pasaportea lortzeaz...

      — Bai ote? Benetan al diozu? Ba al dakizu zer esan nahi duen horrek niretzat? Zeruko ateak zabalduko balira ere...

      — Zin egiten dizut, Iparragirre jauna. Egia esan, ez dut bat ere eragozpenik ikusten. Fida zaitez nire hitzez.

      — Milesker, jeneral jauna, ez dakit nola eskertu mesede hau... ez nuen asko uste gaur arratsean honelako itxaropena sortuko zitzaidanik. Milesker, Mazarredo jauna. Jainkoak gorde zaitzala urte askotan!

      Iparragirreren begi handiak berriz ere malkoz bete ziren; itxaropen eta pozezko malkoz oraingoan, ordea.

      Luzarora gabe, indultoa eta pasaportea eskuratu zituen eta denborarik galdu gabe Santanderra jo zuen itsasontziz. Olatu haserretuek irentsi zorian ibili bazen ere, azkenik lurra hartu eta Bilbora abiatu zen. Kontzertu batzuk eman eta Madrila bidaia egiteko adina diru bildu ondoren, hainbeste urtetan ikusi ez zuen ama bisitatzera irten zen lehenbailehen. Nola ote zegoen ama osasunez? Ezagutuko ote zuen bere aspaldiko Joxe Mari? “Nigar egingo luke amak, semea nola ibili den baleki...”.

 

 

 

Iparragirre
Xabier Mendiguren Bereziartu

Elkar, 1981