Iparragirre
Xabier Mendiguren Bereziartu

Elkar, 1981

 

 

HIL ETA BIZI

 

 

I

 

      Iparragirreren heriotza-albisteak zabaldu bezain laster, berriz ere zirrara sakona eragin zion jendeari.

      Zubiria, kantari nafarrak, adiskidea hila zela jakin zuenean, gorpua zegoen baserrira iritsi eta ibilgailu bat ekarrarazi zuen Ezkiotik Urretxurako azken-bidaia Foruen bertsolariari eragiteko. Zubiriak ume koskor batek bezala negar egiten zuen, Iparragirre zenaren zerraldoaren atzetik.

      Jaioterrira iristean, alkatea, herritarrak eta inguruetako miresle asko zain zeuden azken ongietorria eta agurra Gernikako Arbola ren sortzaileari egiteko. Orduantxe bete zen urte batzuk lehenago herriari eskainitako bertso hartan zioena:

 

                  Agur, adiskideak,

                  ikusi artean

                  zuenganatuko naiz

                  egunen batean.

                  Esperantzakin bizi

                  nait det bitartean

                  gero ezurrak utzi

                  nere lur maitean.

 

      Herriaren bihotzetik sortu zen sentimendu eta miresmenezko uholde indartsua, berehalaxe hasi zen Iparragirreri buruzko hitzaldiak eskatzen, egunkarietan artikuluak idazten, irudiak eraikitzen eta kaleak bataiatzen. Berrogeita zortzi ordu behar izan zituen Gipuzkoako Diputazioak gipuzkoar guztien bozeramaile bihurturik, honako batzar-agiri hau idazteko:

      “Jose Maria Iparragirre, euskaldun jator eta bertsolari ezagunaren heriotzak Euskal Herriari sorrarazi dion sentimendu bidezko eta orokorrarekin bat eginik, Diputazioak aktetan ezartzea erabaki du dolumin handienaz galera erremediagaitz hau, eta euskal askatasunaren kantari gailena izan denaren oroitzapena betikotu eta ahoratzeko batzorde probintzialari eskea egin dio haren gorpuzki preziatuak dauden leku sakratuan oroigailu apal bat eraiki dezan, beraren herrizaletasunari iraunarazteko, euskal musika eta poesia zabaltzen egin duen lan atergabearen ordain xumetzat eta Euskal Herriak beti erakutsi izan dion onginahi handia eta estimu mereziaren lekukotzat”...

      Hezur eta haragizko gizona hil da, baina bertsolariak, kantariak, foruzaleak bizirik dirau. Eta erraldoi batek bezala urteak eta lekuak betetzen dihardu, eztarria urraturik eta oinak hautsez beterik zebilenean baino ere indar handiagoz.

 

 

II

 

      Berrogei urte geroago, Jose Maria Iparragirreren jaiotze-mendeurrena ospatzeko irrika bizia adierazi zuen Euskal Herri osoak eta bereziki bere jaioterria den Urretxuk. Oraindik badira egun gogoangarri haiek bizi izan zituzten lekukoak. Mikrofonoa eskuan dugula, orduan gaztetxo eta gaur ile zuriak orrazten dituen lekuko hauetako batengana jo dugu:

      — Kaixo, Joxe Kruz, dakigunez, zu mutikoa zinela, hemen Urretxun, Iparragirreren jaiotze-mendeurrena ospatu zen. Zerbait esango al zeniguke ospakizun horietaz?

      — Bai, halaxe da!... Zerbait esan? Luze hitz egin beharko nizueke egun haietako berri ematekotan. Ez da erraza jai giro hura nolakoa izan zen azaltzen. Alajaina! Oraindik ikusten nagoela iruditzen zait...

      — Aizu! Egia al da Euskal Herriko udal gehienek parte hartu zutela ospakizunak finantziatzen?

      — Bai, gerora jakin nuenez, probintzia guztietatik eta kanpotik ere izan omen ziren diru-laguntzak. Gipuzkoa eta Bizkaiko herri txikienek ere lagundu zuten. Diputazioek eta zenbait pribatuk ere zer esanik ez, Uruguayko delegaziotik ere zerbait jaso omen zen, pentsa!

      — Eta zer eratako programa edo egitaraua izan zen gogoratzen al zara?

      — Bai, noski. Irailaren 25, 26, 27 eta 28an ospatu ziren jaiak eta eguraldiak ere lagundu zuen. Eguzki epela eta giro atsegina izan genituen lagun.

      Urretxuko Kale Nagusia eta plazak ikustekoak zeuden! Ehundaka gailardete eta bandera, hostozko arkuak eta pankarta edo oihal handi bat ere jarri zuten, zera zegoen idatzirik, “Urretxuk guziei ongi-etorri”, edo horrelako zerbait uste dut.

      — Orduan, noski, Urretxu herri txikia zen, nonbait, eta zer moduz moldatu zen bisitariak hartzeko? Jendea ugari bilduko zen...

      — Jendea? Sekula ez dut halako jendetzarik ikusi hemen. Ezta Santa Anastasia jaietan ere! Ikusi egin behar zen hura! Lehen egunean, goizeko bederatziak aldean, Bilbo eta Donostiatik tren bereziak heldu ziren eta milakak hartu zituzten. Txindurritegia ematen zuen honek. Ez dakit dakizun, baina banden arteko lehiaketa bat zegoen programan. Ba... banda bakoitzak bere pendoia Udaletxean utzi zuen eta Donostiakoak Iparragirreren irudiaren aurrean bukatu zuen bere parada Gernikako Arbola joz. Eta ondo gogoan daukat irudiaren oinean nola zegoen ereinotz eta arrosazko sorta handi bat, nik orduan ezagutzen ez nuen bandera baten zintekin. Uruguaiarren koloreak omen ziren.

      — Aizu, Joxe Kruz, gogoan al duzu ospakizun haietara etorri ziren pertsonalitate edo gizon publikoen izenik?

      — Batzuenak bai behintzat! Egun horietan eta hurrengoetan ez baitzen beste ezertaz hitz egiten. Herri txiki baten, badakizu... zeresan handia ematen dute halako eta halako ikusteak. Eijo-Garay Apezpikua, Heras mikeleteen burua, hiru probintzietako Diputazioen lehendakariak, Julio Quiroga jauna, Gasteizko alkate ohia eta Iparragirreren iloba txikia, Fernandez, Uruguaiko ministroa eta nik al dakit beste zenbat! Jende handia bildu zen hona!

      — Eta zuri, zerk egin zizun zirrararik handiena hainbeste gauzaren artean? Zera esan nahi nuke... zer iruditu zitzaizun ikusgarriena, nolabait esateko, deigarriena?

      — Ba, egia esan, gauza asko izan zen hemen, musika aldetik batez ere, baina ni orduan mutikoa nintzen eta egia aitortu behar badizut elizgizon eta agintariek egin zuten prozesioak aho zabalik utzi ninduen... Antzinako foru usadiora danbolinteroak, mikeleteak, San Inazioren imajina, Santa Anastasiaren gorpuzkiak zeuzkan kutxatila, Apezpikua mitra, bakulu eta guzti, probintziaren estandartea eta lehen aipatu ditudan jaunak elkarren atzetik, bandak... hark guztiak zirrara eragiten zuen.

      — Eta ondoren elizkizuna izan zen, noski!

      — Bai, oker ez banago, Durangoko Orfeoiak kantatu zuen eta sermoia euskaraz noski, hemen Zumarragako Don Bixentek egin zuen. Gutxitan entzun omen zen halako hitzaldirik. Bazuen bai hark etorria! Gero, hamabiak aldean, kontzertua izan zen Plaza Berrian, orain Gernikako Arbolaren plaza deitzen dioguneko horretan.

      — Eta gero, zer esanik ez, ohitura denez, jendaurreko bazkaria!

      — Bai, nik neure etxean bazkaldu nuen eta bestetan baino hobekixeago, jai handia baitzen. Bazkari hartaz dakidana gurasoei eta osaba-izebei entzunik dakit. Hotel Casino ospetsuak zerbitzatu omen zuen eta 90 bat eseri omen ziren mahaira. Xanpaina edateko orduan jaun inportanteenek hitz egin omen zuten, guztiek Iparragirreren handitasuna eta obra aipatzen zituztelarik. Gure aita zenak esan ohi zuenez, Apezpikuaren ondoren, Uruguaiko ministroak hitz egin omen zuen eta bere nazioaren hiriburua nola euskaldunak sortua zen eta euskal odola ugari zegoela herrialde hartan eta honelakoak esan omen zituen. Eta ondoren zera esan omen zuen: “Zuen Apezpikua bihotzekoari besarkada bat emanez batzen dira elkar honenbeste maite duten gurea bezalako bi herri”. Eta Eijo-Garay-ri besarkada handia eman omen zion.

      — Eta arratsaldean?

      — Arratsaldean musika-banden epaimahaia eratu zen eta lehen saria Gernika-Lumoko udal bandak irabazi zuen. Ondoren, euskal dantzak eta erromeria alaia.

      — Eta hurrengo eguna, 27a, zertan nabarmendu zen, Joxe Kruz?

      — Ba... biharamunean ere kontzertuak eta lehiaketak izan ziren. Eta Don Inazio Belaustegi, herriko semeak eta orduan Barakaldoko erretore zenak, hitz egin zigun Iparragirreri buruz. Txistularien lehiaketa eta arratsaldeko hiru eta erdietan pilota partidua. Azkoitiko Txiki, Elgoibarko Zabalaren aurka. Kendu zizkioten hautsak pilotari, alajaina. Azkoitiarrak irabazi zuen. Eta gero beti bezala, erromeria.

      — Eskerrikasko, Joxe Kruz, zure oroitzapen baliotsuengatik, eta ea heriotza-mendeurren honetako ospakizunak jaiotzakoak bezain distiratsuak gertatzen diren.

      Eta hemen uzten dugu duela 60 urte Iparragirreren omenez ospatu ziren jaialdien lekuko testigantza, jaioterriak bere semeari eskaini zion omenaldi sutsuaren erakustailetzat.

 

 

 

III

 

      Iparragirre bezalako gizon ospetsuak ez direla hil eta jendearen oroimenean bizi direla esatea topiko erraza bada ere, halaxe denik ezin uka. Hauxe frogatu nahirik eta Gernikako Arbolaren egileak gaur egun duen esanahi eta eraginaren aztarranen atzetik, berriro mikrofonoa hartu eta kalez-kale abiatzea erabaki dugu.

      Igande arratsaldea: eguzkia dugu eta Donostia Zaharreko Konstituzio enparantzan gaude. Jendea erruz eta era guztietako bitxi, apaingailu, liburu eta arropa-saltzaileen postuetatik gabiltza. Zoko batetan eskumuturrekoak, dominak, paparreko orratzak eta abar saltzen ari den mutil gazte ile luze batengana hurbildu gara.

      — Kaixo, Iparragirreren heriotza-mendeurrena ospatzen ari garela badakik, noski, galdera batzuei erantzun nahi al diek?

      — Zera... egia esateko ez dakit gauza handirik, ez bainaiz historialaria baina... beti entzuten da zerbait...

      — Nola ikusten duk hik Iparragirre edo, hobeto esan, zertan zegok hiretzat Iparragirrek duen mezu edo garrantzia, batik bat?

      — Ba... ez dakit... Iparragirrek gauza asko egin zuen bere bizitzan, topera bizi zela esango nuke, denetik egin zuela... baina neuri Iparragirre gizon libre bezala ageri zait, bere amets eta bizitza ikusteko modu pertsonal bat beti jarraitu zuen norbait bezala... bere buruaren eta herriaren askatasuna gauza guztien gainetik maite zuen gizona zela, esango nuke... Ez zen diruaz sekula arduratu... egunean bizi zen... herri eta leku desberdinak bisitatu eta bizi izan zituen... eta sentimenduen jarioa libreki bizi izan zuen...

      — Beraz, gaurko gazte-jendeak, talde batek behintzat, Iparragirre hobeto uler lezakeela uste duk.

      — Baietz esango nuke... agian, gure aurreko belaunaldi batzuk baino askozaz hobeto. Hamalau urterekin gurasoengandik aldentzea... bere idealengatik borrokatzea... lekuz aldatzea... gitarra jo eta kantatzea eta hori guztia! Zera esan nahi dut, kontxo, bizitzen zekien tipoa zela! Argiago esateko, gaur bizi izan balitz txokolatea frogatuko zuela, eta arlote ordez pasota deituko ziotela... Bale?

      — Bale!

 

 

IV

 

      Merkatuan zehar, jirabira batzuk eman ondoren, jantzi-postu batetan haurrentzako niki batzuei begira dagoen emakume batengana hurbildu gara. Mikroa eskutan ikusten digunean, erdi-beldurrezko eta harridurazko aurpegia jarri digu.

      — Egunon, andrea ala andereņoa?

      — Baita zuri ere, andrea naiz!

      — Hara! Iparragirreren heriotza-mendeurrena dela eta, galdera batzuk egin nahi nizkizuke. Herri-irratirako erantzungo al duzu, mesedez!

      — Nork? Nik? Irratirako? Ai zer lotsa!... Zer dakit, ba, nik Iparragirrez!... Hutsa!

      — Zuk, segur aski, etxeko lanetan eta, ibiltzen zaren bitartean entzun duzu programaren bat edo beste Iparragirreri buruz. Azken aldi honetan, gauza asko agertu da irratian eta prentsan... dudarik gabe, uste baino informazio zabalagoa duzu Iparragirre bertsolariaz. Mesedez, pentsa eta esaguzu zer den gehienbat harritu zaituena bere bizitzan, zer gertatu zaizun ohargarri, interesgarri... Nola ikusten duzun Iparragirre, hitz batez esateko.

      — Zera... ba... honela bat-batean esateko... nik entzun dudanetik... Euskal Herria eta askatasuna, foruak, asko maite zituen gizona zen... baina sentimendu handiko gizona ere bazen. Bere ama asko maite zuela, uste dut... eta beste emakume asko ere maite izan zituen... Ez dakit nola esan! Bihotz handiko gizona zela, esango nuke baina...

      — Baina, zer?

      — Baina, gero, alde egiten zuen, bertan behera uzten zituen, ama... Sofia, bere emaztea eta seme-alabak, Euskal Herria... eta... ez dakit nola esan!... bere bideari jarraitzen zion... Hona! Kontraesan batetan bizi zela esango nuke... ez dakit...

      — Zure senarra edo inguruan ikusten dituzun famili gizonekin konparatuta, zer esango zenuke Iparragirrez... Ea honela argitzen dugun auzia!

      — Desberdina, oso desberdina zela! Dirua... etxea... familia... eta gauza honetan baino bere artista bizitzan... politikan... gehiago ahalegintzen zela. Pozaldi handiak izaten zituela, baina tristura handiak ere bai... Beste zerbaiten atzetik zebilen, normalean guk egiten dugun bizimodua eta harena oso desberdinak ziren.

      — Bohemio bat, sentimental bat zela?

      — Bai, horixe!

      — Bizitza sakonki bizi zuela?

      — Baietz esango nuke... ez dakit...

      — Eta hemen alboan duzun honek, zure semeak noski, Iparragirreren antzeko bizimodu bat egiteko asmoa duela adieraziko balizu, zer esango zenioke? Ontzat emango al zenuke?

      — Ai ene!... ez dakit... beldurra emango lidake... baina ez nioke ezetzik ere esango. Bakoitzak bere bidea aurkitu behar duela, nik uste, baina gogorra da! Ez dakit, ez dakit zer egingo nukeen!

      — Milesker, andrea, zure iritziarengatik eta agur!

      — Ez horregatik, agur!

 

 

 

V

 

      Xabier, euskal idazle ezagunarekin ezin izan dugu elkarrizketarik egin. Lanpeturik zebilen eta solaserako tarterik izan ez dugunez gero, idatziz bidaliko zigula Iparragirreri buruzko bere ikuspegia agindu zigun. Zain-zain eduki gaitu bere eskutitzak eta azkenean, hitzeko gizona baita, hona non iritsi zaigun erantzuna. Dagoen-dagoenean, ezertxo ere erantsi edo kendu gabe zuei irakurtzea dela onena uste dugu.

 

      1981ko ekainaren 15ean

      Kaixo adiskide hori:

      Sentitzen diat, hik nahi bezala, paperean ezarri ditudan iritzi eta ikuspuntuak mikrofono aurrean esateak ematen dien bizitasun eta ņabardurez ezin agertu ahal izana. Baina, dena dela, hemen zirriborratzen dizkiat hire galdera bakar eta zuzenaren erantzun gisa buruan sortu zaizkidan ideia eta iritzi-puntuak, gehiegi pentsatu eta leundu gabe. Badakik, idazle intuitibo samar garenok, lehen kolpean esaten ditugula gauzak ongien eta itzulinguruka hasten garenean, okerragotzea eta iluntzea baizik ez dugula lortzen:

      Nola ikusten dudan Iparragirre gizon eta poeta bezala? Labur esateko, bizi eta bizitasuna bihotz-kolpez adierazten zuen gizon eta poeta bezala. Sarritan idazleok egiten ez duguna... Horretatik zetozkioan, segur aski, arrakasta eta jendearen barrenari eragiteko ahalmena eta trebetasuna.

      Eta esan dudanari zerbait eranstekotan, euskalduntasunean eta unibertsaltasunean sakonki erroturik bizi zela, eta era berean adierazten zuela bizi zuena ere.

      Iparragirreren obratik berehala ateratzen dituk haren bizitzako pauso nagusiak eta interesguneak: gerra, erbestealdia, ama, eta beste emakumeak, foruzaletasuna eta bakea, Euskal Herria eta sorlekuaganako maitasuna, gosea eta asealdiak, Amerikaren desmitifikazioa eta euskal lurraren goraltza, adiskideak, euskal historia eta geografia eta nola ez! euskara beraren aipamena. Pentsaera eta sentiera kantuetan hustua du. Garaiaren seme eta interpretari, sofistikaziorik gabe, formaz gehiegi kezkatu gabe, purismoetan ito gabe irekitzen du bihotza edota oihu egiten. Frantzian La Marseillese frantsesez kantatzen du, eta Euskal Herrian euskaraz, euskararen alde pianoz estreinatzen du Gernikako Arbola eta berak gitarraz laguntzen ditu bere kantuak. Beti Euskal Herria ahotan eta bizitzaren erdia atzerrian ematen du. Etxera etorri eta luzaroan gautxoz jantzirik ibiltzen zen. Aintza eta ilunaldiak. Poza eta tristura. Kontraesanak. Haundi eta Arlote.

      Eta batez ere bihozkadaz bizi zen gizon sentitzailea. Hau dena eta gehiago huen, geroak mugatu, mitifikatu eta aldatu badik ere. Ideologia baten ordezkari gertatu izanak (eta ez diat ukatzen hala zenik) kalte egin ziok haren gizatasun aberats, bero eta kontraesankorrari. Nire iritziz, ez dik merezi Iparragirreren obrak duen literariotasunaz eta balio artistikoaz, jatortasunaz edo kanpotikako eraginaz gehiegi eztabaidatzeak, zilegi bada ere. Mende batetako mitifikazioak ezarri dion urrezko azal hotzaren azpitik, Iparragirre, hezur eta haragizko pertsonaren giza-dimentsio aberats eta unibertsala berreskuratzea izan litekek guk egin diezaiokegun omenaldirik bikainena eta, agian, guretzat probetxagarriena.

      Besterik gabe, har ezak, nire adiskide, besarkadarik zintzoena eta laster arte.

Xabier

 

      Hemen bukatzen da Xabierrek bidali digun gutuna, gure idazle batek Iparragirreri buruz eskaintzen digun ikuspegia. Guk ez diogu ezer kentzen, ez eransten, eta bere honetan eman dizuegu.

 

 

VI

 

      Goizeko bederatziak dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregi aurrean gaude ohizko biltzarrera datorren diputaturen batekin hizketaratzeko asmoz.

      — Egun on, diputatu jauna, badakit lanpeturik zabiltzana baina bizpahiru galderari erantzungo bazenio, gure irratentzuleek benetan eskertuko lizukete. Iparragirrez zer iritzi duzun jakin nahi genuke beronen heriotza-mendeurrenean gaudenez gero.

      — Iparragirrez zer iritzi dudan? Euskaldun gehienontzat bezalaxe, niretzat Iparragirre Gernikako Arbolaren sortzailea da eta gazte-gaztetatik helburu politiko eta ideologia jakin baten bidetik beti pauso zuzenak eman zituen euskaltzale eta abertzale jatorraren eredua. Hori bai, gaztetan ideala zerbitzeko armak hartu zituen eta gerora, behar bada, armaz borrokatzeko baino aukera egokiagoa ikusi zuen jendea kontzientziatze mailan lan egiteko. Baina Iparragirreren foruzaletasunak eme iraun zuen hil arte.

      — Horretaz, zure iritzian Iparragirreren artista izatea, nolabait, herri borroka baten barruan ulertu beharko litzateke...

      — Zera, zehatz hitz egiteko Iparragirreren obra ez da kantu ideologikotara soilik mugatzen, baina banaka batzuk izan ezik, ia guztiak dira Euskal Herriarenganako zuen maitasun eta atxikimendu horren ispilu eta adierazpen, zuzenean edo zeharka.

      — Baina, Gernikako Arbola foruen defentsa besterik ez al da?

      — Foruen, euskal askatasunaren defentsa da, baina maitasun, bake eta anaitasunaren adierazpen garbia ere bada zortziko hau. Zabalera unibertsalista bat dauka kantuaren mezuak. Foruzale moderatuek, larriturik, Euskal Herritik bidaltzea lortu bazuten ere, ez zen izan Iparragirreren mezua zuzenean asaldatzailea, erreboltatzailea zelako, baina bai azken ondorioetara eramanez gero, gatazka eta borroka nahitaez zekarrelako, gerora argi asko frogatu ahal izan zenez.

      — Milesker, diputatu jaun hori, zure denbora baliotsuaren barruan tartetxo hau egin diguzulako, eta eskerrak berriz ere gure eta entzule guztien izenean.

 

 

 

VII

 

      Poetak zioenez, “haur baten irribarreak dirauen bitartean, mundua ez dago galdurik”. Edozein herriren itxaropena eta geroa haurrengan dago eta Euskal Herriaren etorkizuna ikastoletan mamitzen da nagusienik. Honela bada, Urretxuko ikastolari bisitatxo bat egin eta gure neska-mutikoen artean zer moduzko mendeurren-giroa dagoen ikustea interesgarria izan daitekeelakoan jo dugu Iparragirreren jaioterrira. Nekane andereņoak ireki digu atea eta irribarre zabal batez ongietorria eginik, bere gela ikustera gonbidatu gaitu.

      — Kaixo, Nekane! Arratsaldeon, neska-mutikook!

      — Baita zuri ere!

      — Hormetara begiratzea nahikoa da Iparragirreren mendeurrena gogoz hartu duzuela ikusteko!

      — Bai, aspalditxoan ari gara gai hau lantzen eta aukera eta baliabide guztiak erabiltzen ditugu Iparragirre eta haren mendea sakontzeko eta aztertzeko.

      — Esan nahi al diguzu nola antolatu duzuen lan hau?

      — Bai, noski, eta atsegin handiz gainera. Hara! Gelako 35 neska-mutikoak bosnakako taldetan banatu dira eta bakoitzak eginkizun bat hartu du bere gain plangintza orokor baten arabera.

      — Zertan ari dira hauek, adibidez?

      — Hauek, ikusten duzunez, Europa eta Ameriketako mapa batetan Iparragirreren ibilerak grafikoki adierazten ari dira.

      — Eta beste hauek?

      — Hauek, berriz, marrazki serie baten bidez Iparragirreren bizitzako unerik garrantzitsuenak biltzen ari dira. Beste batzuk, kartelak edo muralak egiten...

      — Eta txoko horretakoak?

      — Horiek Iparragirreren bizitzaz antzerkitxo bat prestatzen ari dira eta txoko horretan eratu dute tailerra dekorazioak, jantziak, etab. prestatzeko.

      — Aizu, Nekane, eta beste zer atal ari zarete lantzen?

      — Badira Iparragirreren bertsoak sailkatzen, aztertzen eta ikasten ari direnak, gero deklamatzeko. Honako hauek, adibidez, gelan ditugun musika tresnekin Iparragirreren doinuak jotzeko saioak egiten ari dira. Eta, azkenik, bada beste talde bat beste gelatakoekin koordinaturik Iparragirreren mendeurreneko albisteez kazeta bat argitaratzen duena eta kasetea hartu eta baita jendeari Iparragirreri buruzko elkarrizketak egiten ibiltzen direnak ere. Orain zu bezala...

      — Irratentzuleok! Nekane andereņoak esan dizkigunak nahikoa dira hemen dagoen langiroaren berri emateko eta zein gogo biziz Urretxuko haurrak mendeurren hau ospatzen ari diren ikusteko. Bukatzeko, eskerrak ematen dizkiogu Nekane andereņoari eta gelako haur guztiei egin diguten ongietorriagatik eta hemen, horman, letra gorri dotorez dagoen Iparragirreren bertsoa irakurriko digu ondoan dugun neskato honek:

 

                  Pakean bizitzeko

                  gure mendietan

                  euskara itz egin bear da

                  batzarre danetan;

                  ta euskaldunen izena

                  geroko eunkietan

                  famatua izango da

                  alde guztietan

 

      Joxe Mari Iparragirreren gorputz ibiltari nekatua, duela 100 urte betiko atsedena hartzeko etzan bazen ere, haren izpirituak eta eraginak bizirik dirau eta gaur egun ere Euskal Herriaren alde ari da. Ezer hoberik opa ote ziezaiokeen Bertsolari arlote eta nekagaitzak bere buruari? Herriaren alde dena eman zuenari, Herriak sekula ez dizkio bere oroitzapen eta eskerrak ukatuko.

 

 

 

Iparragirre
Xabier Mendiguren Bereziartu

Elkar, 1981