Iparragirre
Xabier Mendiguren Bereziartu

Elkar, 1981

 

 

ADIO EUSKAL HERRIARI

 

 

 

I

 

      Euskal Herriko eguzki-tarteak laburrak, laburregiak izan ohi dira, eta horregatik irrikaz gozatzen ditugun bezala, ez gaituzte gehiegi tristatzen goibelaldiek ere. Ez zuen asko uste Iparragirrek herriak txaloka eta goraka ospatzen zuen bitartean, politikari kalkulatzaileen taldeak dagoeneko bekokia zimurturik begiratzen zionik, zeren hasieran pozgarri zitzaiena, gerora ezin kontrolatuzko uholde arriskugarri bihurtzen ari zela konturatu baitziren. Baina barren-barrenean Iparragirrek sumatua zuen bere lehen aintza honek, su artifizialen antzera, bat-bateko distira eta bizitza laburra zuela. Zibilen bisitak ez zuen ustekabean harrapatu. Tolosako kartzelan egun batzuk egin ondoren, fiskalaren aurrera dei egin zioten:

      — Joxe Maria Iparragirre eta Balerdi al zara?

      — Bai, neu naiz!

      — Badakizu, noski, zergatik egon zaren preso Tolosako kartzelan.

      — Ez, ez diot itxurarik hartu! Legearen edo agintarien aurkako zerbait egin ote dut, ala?

      — Ordena honek jende-asaldatzaile zarelako salakuntza leporatzen dizu.

      — Zer? Gernikako Arbolak bizirik iraun behar duela esatea ote da jendea asaldatzea? Seinalea norbaitzuk botatzea pentsatu dutela. Horrek ematen al die min?

      — Hori ez da gure kontua! Dakiguna zera da: zure kantaldietara joaten den jendea gero eta harroago dabilela eta iskanbilak eta oihuak egiten dituela. Eta nolabait gerrako deiak bezala hartzen dituzte zure hitzak.

      — Zer hitz, adibidez?

      — “Etsaiak itzularazteko beti pronto egoteko” eta honelakoak esaten omen dituzu.

      — Eta zer deritzazu zuk? Etsaiaren aurrean besoak gurutzaturik egon behar dela, ala? Zer gomendatzen duzu zeuk?

      — Tira! Horrela hotzean... baina esanahia ez dago argi...

      — Beraz, gerraren aldeko naiz! Nola ulertzen dituzte orduan beste hitz hauek: gerrarik gabetanik bizi albagiņa, oraindaiņo izan degu guretzako diņa! edo Pakean bizi dedin euskaldun jentea ?

      — Nola ulertzen dituzten ez dakit, kontua besterik da... Zure jokaerak eta kantaldiek jendea aztorarazten dutela eta hau gobernuari erronka jotzea da! Arrisku handiegia da, guretzat.

      — Norentzat?

      — Hara! Iparragirre jauna, garbiago esango dizut: ez dira Madrilgoak. Zeure herrikideak, Donostiako foruzaleak dira kexatzen direnak. Pentsa! Gogorregia iruditzen zaie zure kantua!

      — Beraz, foruzaletasunak neurriak eta mailak ditu...

      — Hala dirudi...

      — Beraz, Gernikako arbolari eutsi egin behar zaio, baina ez du zutik egon behar...

      —Mm... Aski da! Ez gaude berriketarako. Kartzelatik irtengo zara baina Euskal Herritik kanpora joan behar duzu.

      — Agindua al da?

      — Gogo onez hartu beharko zenukeen gomendioa da.

      Iparragirrek burua makurtu ordez, jauntasunezko begirada luzea bota zion fiskalari, salatarien bidegabekeriaren eta bere errugabetasunaren artean zegoen amildegi zabala neurtu nahirik bezala. Astiro bira eman eta zaintzen zuten zibilei eskuak luzatu zizkien girgiloak aska ziezazkioten.

      Hogeitalau ordu baino lehenago heldu zion Santanderko bideari, Tolosako presondegian mamitzen hasi zen kantua kantatuz.

 

                  Zibilak esan naute

                  biziro egoki

                  Tolosan behar dala

                  gauza au erabaki;

                  giltzapean sartu naute

                  poliki, poliki,

                  negar egingo luke

                  nere amak baleki.

 

                  Jesus tribunalian

                  zutenean sartu

                  etzion Pilatosek

                  kulparik billatu

                  neri ere arkitu

                  ez diate barkatu

                  Zergatik ez dituzte

                  eskuak garbitu?

 

                  Kartzelatik atera

                  fiskalen etxera

                  abisatu ziraten

                  joateko bereala;

                  ez etortzeko geiago

                  probintzi onetara

                  orduan artu nuen

                  Santander aldera.

 

 

 

II

 

      Iparragirrerentzat zartada gogorra izan zen omena eta txaloen berotasuna utzi eta erbesterako bide hotzari heldu beharra. Lehendabizi mendebalerantz, Santander, Asturias eta Galizian zehar eta gero hegoalderantz, Portugal eta Andaluzia barrena, foruen bertsolariak egunean-egunean atzerrialdiko ogi-mingotsa jan behar izan zuen. Eguna, bideetako hautsa, euria eta eguzkiak bilduz eta gaua ilunpean eta etzaleku gogorretan emanez, Iparragirre ez zen ohitu erbestealdira. Euskal Herria zuen gogotan eta bi urte luzeren ondoren bere ametsetako habiara itzultzea lortu zuen.

      Gaztelako lur zabal lehorrak gurutzatu eta etxera iristean, jadanik hautsez estalirik eta denborak horitutako gutun bat zeukan gelako mahai gainean. Joxe Marik urrunetik antz eman zion letrari: emakume batena zen.

      Norena izan zitekeen? Agian, asmoz aldatua zen Manuelarena? Tolosan gau batez bertsoz kortejatu zuen neskatilatxoarena? Ala erbestealdian ezaguturiko norbaitena?

      Joxe Marik urduri eta jakin-minez hartu zuen kartazala. Bira ematean, frantses zigiluaz ohartu zen eta hasierako zalantzak urritu egin ziren.

      Azala esku dardartiz urratu, paper tolestua zabaldu eta irakurtzen hasi zen:

 

      Mon Cheri Joxe Mari!

      Idaztera noan lerro hauek ez dakit inoiz zure eskuetara iritsiko diren; ezta inoiz irakurri ahal izango dituzun ere, baina azkenekoz ikusi zintudanetik urte batzuk pasa diren arren, inoiz ez zait itzali erabat zuganako maitasuna eta zure oroitzapenaren txingarrak oraindik bizirik daude nigan. Gogoratzen al zara elkarrekin bizi izan genituen une zoriontsu haietaz? Zuk gitarra joz eta nik kantatuz, izarrei begira pasatzen genituen udaberriko gau epel haietaz? Gogoratzen al zara gure haurraz, bion Fernando Josez? Dagoeneko hiru urte bete ditu eta hizketan hasi da. Zure antz handia duela esaten didate ezagutzen zaituzten guztiek. Ikusiko bazenu zein ederki esaten dituen kantutxoak eta ama deitzen didan! Ba al dakizu zerk nahigabetzen nauen? Zu aita zaituen hori ez ezagutzeak, eta nire izenarekin batera zurea ere ez esateak! Bestalde, ez dakit zer pentsatzen duzun guzti honetaz, ez dakit gogoratzen zaren beratzaz eta onartzen duzun ere. Zer esan behar diot zutzaz handiagoa izan dadinean?

      Ez dut erabat galdu zu egunen batez ikusteko itxaropena, baina horrelakorik gertatuko ez balitz ere, Joxe Mari, gutxienez zera nahi nuke —bihotzez eta huts egingo ez didazun uste osoz eskatzen dizut— Femando-Jose, gure seme kuttunak, zure odola bere zainetan daramanez gero, zure deitura ere izan dezala eta horretarako legearen aurrean onar dezazula semetzat! Badakit, agian, zu ikusteko, eta lehenago bezala zure laztanak hartu eta zure arnas beroa neure masailetan sentitzeko aukerarik ez dudala izango neure bizitzan, baina bion semeagatik eskatzen dizudana ez didazu ukatuko, ez diozu ukatuko deitura zeure semeari. Ongi ezagutzen dut zure bihotza eta espero dudan bezala erantzungo duzun itxaropen osoa dut.

      Joxe Mari maitea, zer da zure bizitzaz ? Zaintzen al duzu zeure burua? Nola aurkitzen zara osasunez? Pozik egingo nioke uko, hemendik aurrerako bizitzaldiari, zurekin egun bat igarotzeko egokieraren truk! Ezin dut sinestu, ez dut sinestu nahi mila aldiz zin egin zenizkidan maitasunezko hitz haiek haizeak eraman dituenik eta ahaztu nauzunik.

      Agur eta zure erantzunaren zain, har ezazu musu luze eta sakonena, urteak eta kilometroak gaindituz neurririk gabe maite zaituen honengandik.

                  Zure

Sophie-Adele

 

      Gutuna irakurri zuenerako, Joxe Mariren begiak gorriturik eta malkoz bustirik zeuden. Sophie-rekin pasaturiko egun alai eta gau zoragarriez gogoratu zen, bere semeaz gogoratu zen eta urteetako errauspean erdi-itzalirik zeuden sentimenduzko txingarrak berriro piztu zitzaizkion bere bi zatitxo haiengan pentsatzean. Ausartuko ote zen bere maitale izanaren nahiari uko egiten? Zer ziren Sophie eta Fernando-Jose, semea, Iparragirrerentzat une hartan?

      Bat ere itxaron gabe, aulkian eseri, kaxoitik papera, luma eta tinta atera eta bat-batean idazteari ekin zion:

 

      Ma cherie Sophie!

      Burutik oinetarainoko astindua eman dit zure gutunak. Ezin esanezko zirrara eragin didate zure hitzek. Ez dakizu nola hunkitzen nauen zure maitasunaren iraupenak eta leialtasunak! Nik ere maite zaitut, ene Sophie laztana! Zurea irakurtzean lotsaz eta penaz bete zait bihotza nire zabarkeriarengatik eta luzaroan erdi-ahazturik eduki zaitudalako. Eta, Fernando-Jose, nola ahaztu gure semea?Nire antza duela?Ez dakizu zenbat harrotzen nauen hori jakiteak! Zenbat neke eta estuasun ikusi behar izan ote duzu bizimodua aurrera ateratzeko! Ni, gutxi gorabehera, lehengo antzera bizi naiz eta ez nago diru-laguntasun handirik eskaintzeko moduan. Hala ere, ahal dudana eta daukadantxoa bihotzez eskainiko dizut. Eta jakina, esan beharrik ez, onartzen dudala lege-aurrean gure semetxoa. Bihar bertan joango naiz Joakin Elosegi, Donostiako eskribauarengana, behar diren paper guztiak egitera, Fernando-Josek, bion semetxo horrek nire deiturak izan ditzan.

      Eta zuri, Sophie-Adele laztan horri, zer esan? Zure ezpainak azkenekoz musukatu eta zure haragiaren dardara biguna hurbiletik sentitu nuen azken gau hartatik, hamaika egun alai eta triste ezagutu ditut! Tristeak gehiago, behar bada! Ospearen eztiak eta txaloen lilurak ahogozatuak ditut, baita ezinikusiaren eztenkadak eta erbestealdiaren garraztasunak nozitu ere! Baina barren-barrenean, ez dut uste zutzaz erabat ahaztu naizenik eta nahigabe-aldietan, batez ere, zure oroitzapenak urrunetik bere argi-izpia bidaltzen duen izarrak bezala argitu du nire gaua.

      Agur, Sophie, ez dakit zer izango den nire bizitzaz hemendik aurrera. Ez dut etsitzen eta ez diot betirako uko egin nahi egunen batez zu ikusteko eta zu beso artean luzaro estutzeko aukerari. Zaindu itzazu zeure burua eta Fernando txikia, eta ez galdu beti izan dituzun kemena eta itxaropena. Inoiz ahaztu nahi ez zaituen eta bihotz-arimaz maite zaituen

Joxe Marik

 

 

 

III

 

      Hainbeste aldiz taberna eta plazatan txalo jo zion jendeak gogoan zeukan Iparragirre, foruen kantaria eta besoak zabal-zabalik hartu zuen. Bi urte luze haietako samin eta penazko froga luzearen ondotik, ezer gutxi zekarren gure bertsolariak aldean, Euskal Herriarenganako maitasuna eta gitarra zahartxoa izan ezik. Hobeto esan, bere bakardadezko gauean, Manuelaren maitasun ukatuak eragindako zauria oraindik gordin bazuen ere, bazen isil eta bare argi egiten zion izar bat. Tolosara jo zuen Joxe Marik bere gaitza osatzeko behar zuen ukenduaren bila.

      — Joxe Mari, berriz ere hemendik? Zer poza! Sinestu ere!

      — Bai, Anjela, hamaika ibili egin dut, baina nola etsi Euskal Herrira eta... batez ere, zugana itzuli gabe!

      — Nigana, Joxe Mari? Nitaz gogoratu al zara?

      — Nor uste duzu izan dela nire izarra bakardade ilun eta luzean? Nor, Anjelatxo, zu izan ezik?

      — Ni? Txantxetan zabiltza! Horiek gauza politak esaten dituzunak! Ez zara bat ere aldatu, Joxe Mari!

      — Anjelatxo! Anjelatxo maitea! Hitz erditxo bat esan nahi nizuke bihotzaren barren-barrenetik. Entzunidazu! Gogoan al duzu harako hartan kantatu nizun bertsoaz?

      — Gogoan dudan! Bai horixe! Politegia zen ahazteko. Lanak izan nituen sinesten baina... orain... egia zela esango nuke.

      — Bai, noski, Anjelatxo laztana! Eta horretaz hitz egin nahi nizuke.

      — Zeuk esan!

      — Hara... ba... Aspalditxoan ezagutzen zaitut, Anjela, eta ziur nago zuganako nire maitasuna ez dela pasakorra. Zeurekin ezkondu nahi nuke. Zer erantzuten didazu, Anjelatxo?

      — Ene! Honela bat-batean! Ez dakit zer esan... Ez nuen uste... Hamasei urte besterik ez ditut! Baina...

      — Pentsa ezazu eta erantzuidazu, Anjela, loreak ihintza bezala espero dut zure baietza. Eta besterik ere badut esateko: Ameriketara joan nahi nuke. Etorri nahi al duzu nirekin?

      — Ameriketara, Joxe Mari? Zer dela-ta?

      — Hara! Garbi esango dizut Anjela: ez naiz ongi aurkitzen gaurko Euskal Herri honetan. Hau ez da lehengoa. Harrera ona egin didate baina hasierako berotasun hura hozten ari da eta batzuek zeharka begiratzen didate. Urrunera joan nahi dut, Anjela! Biok elkarrekin urrunera!

      — Joxe Mari, baina zer egingo dugu hain toki urrunean? Nola bizimodua atera? Han ez da izango hemengo konturik!

      — Begira, maitea, hogeita hemezortzi urte ditut eta azken hogeita lau urteotan etxetik kanpora eta neure kasa nabil. Sekula ez zait jatekoa eta jantzirik falta izan. Zu ondoan bazaitut, gainera, alaialdiak argiagoak izango dira eta ilun aldiak ez dira hain beltzak izango. Elkarri lagunduz dena errazago izango da! Behar zaitut, Anjelatxo!

      — Bai, Joxe Mari, nik ere bai. Gero eta zailagoa zait zugandik aparte bizitzea. Herriz-herri zabiltzanean ia ez dut lorik egiten. Barre egiten duzu? Ez! Egia da. Nik ere maite zaitut, Joxe Mari! Munduaren azkeneraino joango naiz zurekin!

      Iparragirreri eztarrian korapilatu zitzaizkion hitzak eta esker on eta zorionezko bi negar-malko lodi irristatu zitzaizkion bizarretan behera.

      Handik gutxira, bidaiarako behar zuten diru-apurra bildu, eta Baionatik itsasoratu ziren Angelita izeneko ontzian. Hirurogeita bi aldiz ikusi zuten inularrean eguzkiaren sarrera bi maiteminduek, Rio de Platara iritsi baino lehen.

      Zer espero zezakeen lur berri honetan neskatila errugabe batez eta bizitzaren heldutasunera heldua zen artista batez osaturiko bikote hark? Biek itxaropenez eta aurrez aurre begiratzen zioten etorkizunari.

      Joxe Mari, konturatu gabe, sortu berria zuen kantua ahapean kantatzen hasi zen:

 

                  Agur nere biotzeko

                  amatxo maitea!

                  Laster etorriko naiz

                  konsola zaitea.

 

                  Jaingoikoak nai badu

                  ni urez joatea;

                  ama zertarako da

                  negar egitea.

 

 

IV

 

      Iparragirre da! Gora Iparragirre! Beste oihurik ez zen entzuten artista kantariari ongietorria egiteko asmoz kaira bildu ziren euskaldun guztien ahotik.

      Joxe Mari eta Anjela harriturik eta hunkiturik zeuden jendearen begikotasunezko keinuak, agurrak eta txapelak airera botatzeak ikustean. Orduan, biak txalupa gainean zutik, Gernikako Arbola kantatzeari ekin zioten, zoratzeko zorian balego bezala mugitzen zen jende-talde baten aurrez-aurre. Baina Joxe Mariren harridurak oinak lurrean jartzean jo zuen gorena:

      — Joxe Mari! Alajainkoa! Nondik arraio agertu haiz, motel?

      — Arranoa! Nor eta zu hemen, Patxiku kapitaina?

      — Ez duk urte-sail makala pasa ordutik hona. Alafedea! Lekutan zaudek garai hartako gure karabinak eta mendiko ibilerak! Sasoi hobea nian orduan!

      — Ez dezazula pentsa! Ez duzu bat ere itxura txarrik. Alderdi honetako aireak on egin dizula esango nuke.

      — Kontxo, Joxe Mari! Bakarrik ez hatorrela ikusten diat. Emaztea al duk emakume gazte hau?

      — Bai eta ez, Patxiku. Zera esan nahi dizut, alegia, gogoz baietz baina oraindik elizakorik ez dugula bete. Lehenbailehen ezkondu nahi genuke! Eta nor zu eta zure emaztea baino egokiagorik gure aita-amabitxitarako? Onartuko bazenute, behintzat...!

      — Ez genian besterik behar! Jakina baietz! Neuk aurkituko diat apaiz euskaldun bat ere. Aita Lardizabal laguna diat eta prest izango duk zuek ezkontzeko. Gizon jatorra eta euskaltzalea duk!

      Handik egun gutxitara, bi maiteminduek elkarri baietza eman zioten. Euskal Herritik milaka legoatara, bizimodu berri bati hasera emateko prestatu ziren. Joxe Mari eta Anjelaren begiek irribarrez begiratzen zioten etorkizunari Argentinako ordeka zabaletan.

 

 

 

V

 

      Lurralde haietara iritsi ziren beste euskaldun askoren antzera, Joxe Mari eta Anjelaren patua ere artzaintza izan zen. Uruguaitik zehar ibili ondoren, berriz ere Buenos Aires aldean aurkitzen ditugu emaztea eta biak udako gau epel batetan, rantxoaren atean eseririk eztabaidan.

      — Zurekin ez dago burutzerik, Joxe Mari! Honela ez dago txanpon bakar bat ere aurreratzerik, gizona! Gaur ere hamar ardi gutxiago! Gozoa jarriko da lehengusua. Ez duzu putzik balio artzaintzarako!

      — Tira, tira, Anjelatxo, ez baldin badira etortzen, dauden tokian hobeto daudenaren seinalea da hori! Ardiek ere gogokoa dute askatasuna eta nik beraiei ere Foruak opa dizkiet.

      — Joxe Mari! Ez ezazu lelokeriarik esan, sutan jartzen nauzu-ta! Ardi-kontu honetan sartu zinenetik, pauso bakar bat ere ez duzu zuzen eman!

      — Zaude lasai, emakumea! Ez al gara patxadan bizi? Zer falta zaizu?

      — Falta? Pazientzia eta asko gainera! Lehendabizi, lehengusuak ziria sartu zizun. Gero, Duraftona, Zubeldia eta Arizabalo jaunek eskaini zizuten aukera ezin hobea galdu zenuen. Ondoren, lehengusuak eman dizun huskeria hau hartu eta ia etekinik gabe jarri zara lanean kristaurik bizi ez den leku honetan. Rantxoa ere geure eskuz, inoren laguntzarik gabe, jaso behar izan dugu. Ez zaitut ulertzen, Joxe Mari!

      — Tira, Anjelatxo maitea, utz itzazu kontu horiek orain, eta ez zaitez ibil burua alferrik nekatzen. Zatoz, laztan hori, eser zaitez nire ondoan, eta kanta dezagun zortziko bat.

      — Zer zortziko eta zortziko ondo! Berriketarako nagoela uste al duzu? Oraindik adarra jotzen! Beharrago dugu ohera joan eta atsedena hartzea, hemen izarrei begira egotea baino. Horrela ematen duzu gero eguna, ezertarako ganorarik gabe!

      Anjela, erdi-haserre eta erdi-mespretxuzko keinada bat eginik, barrura sartu zen. Joxe Marik, berriz, hasperen sakon bati jaregin, begirada melankoliatsu bat izarrei bota eta gitarraren kordelei atzamarka hasi zen. Zortziko triste baten notak galdu ziren panpako gau zabalean:

 

                  Ezkongaietan / Zerbait banintzen

                  ezkondua eta / ezer ez

                  Ederzalia / banitzan ere

                  aspertu nintzan / ederrez

                  nere gustua egin nuben da

                  orain bizi naiz dolorez.

 

 

 

VI

 

      Artzaintza kontuak gaizki baldin bazihoazen, lehengusuaren sozioak estanzia berean zuen ilobaren ardiak eta Iparragirrenak elkarrekin nahastean, egoerak gainezka egin zuen. Lehengusuak sozioaren ilobari eman zion arrazoia eztabaida hartan.

      Iparragirre sutan jarri zen eta alde egitea erabaki zuen. Pobre baino pobreago, eta semetxoarekin, abiatu ziren Uruguaytik Montevideorantz, bidean zehar Gernikako Arbola kantatuz. Bertara iristean, nafar baten ustekabezko eskuzabaltasunari esker, kafetegi bat, Gernikako Arbolaren deitu zuena ireki ahal izan zuen. Anjelak, Iparragirreren emazteak zioenez, txukun jarri eta Gernikako Arbola alderdi guztietan pintatu zuen Joxe Marik. Beti jendez beterik zegoen arren, Iparragirrek lehengo lepotik zuen burua, eta ia inork ez zuen ordaintzen kafetegi hartan. Batzuek ez zutelako eta besteek nahi ez zutelako, azkenean kafetegia ixtera beharturik aurkitu zen Iparragirre.

      Berriz ere, artista euskalduna artzaintzara jo beharrean gertatzen da, bizimodua aterako badu; baina Iparragirre gehiago tentatzen zuen belar gainean etzanik bertsoak asmatzeak, bere ardurapean zeukan mila buruko artaldea zaintzeak baino. Gainera, panpako gau izartsuetan herrimina hasten eta gordintzen ari zitzaion:

      — On Frantzisko Lersundi Jeneral txit gorena: Zurekin dudan ezagupideak baimena emanik, herrizaletasunezko bertso batzuk zuri bidaltzera ausartzen naiz: izango dute akatsik baina neure bihotzetik jaulkiak dira eta inoiz ez bezalako neure herriaganako maitasuna sentitzen dut, berarengandik urrun bizita urteetan mendian, mila arditako taldea zaintzen nagoen une honetan.

      Eguna zaldi gainean ematen dut zelai jendegabe eta zabal hauetan eta gaua gerratean bezala, pistola pare bat ohe buruan ditudala: gogoan har, nire emaztea bera prest dagoela tiro egiteko hala behar izanez gero, zeren emakumezkoek gizonezkoek baino arrisku handiagoa baitute, herrialde hauetan nativo edo matrero izeneko gizonak baitaude, alderdi bateko eta besteko desertatzaile direnak. Urte eta erdi honetan gerrate zibilean gaude eta oraintsu esku hartu du Brasilek. Jainkoak daki noiz bukatuko den hau! Ni ez noa nire lekua uztera, eskuarte pixka bat bildu nahi baitut Espainiara itzuli baino lehen. Bi seme ditut Errepublika honetan eta horko horretara eraman nahi ditut zera esaten hasi baino lehenago: “Ekialdeko naiz, gora Peru, hil bitez espainiarrak”. Batek badaki etorkizunean ez ote den horrelakorik gertatuko eta seme-alabek gurasoak hil daitezela deika ez ote diren hasiko. Ni neu Espainiako bazterren batera joango naiz hiltzera. Nire eskutitz hau pisu samarra ari zait ateratzen; horra hemen bertsoak:

 

                  Gure Euskal-erritik

                  Ameriketara

                  zenbait euskaldun gazte

                  pozez joaten dira;

                  gurasoak utzita

                  ondasun billa,

                  esanaz: ama, laister

                  etorriko gara.

 

 

 

Iparragirre
Xabier Mendiguren Bereziartu

Elkar, 1981