Iparragirre
Xabier Mendiguren Bereziartu

Elkar, 1981

 

 

BERTSOLARIAREN INULARRA

 

 

I

 

      Iparragirre bertsolaria hil omen zelako albisteak biziki astindu zien kontzientzia uraz handiko eta hemendiko euskaldunei. Garai batetan txalo jo eta goratu zutenen bihotzondoan oraindik itzali gabe zeuden Gernikako Arbolaren sortzailearenganako sentimenduak.

      Heriotzaren berriak bizitza luzerik izan ez bazuen ere, Iparragirreren adiskide eta lagun talde bati zirrara sakona eragin zion eta beratzaz arduratzera bultzatu zituen eta guztien ahaleginez, Iparragirreren buru zurituan gero eta indartsuago gorabeheraka zebilen ametsa egia bihurtu zuten: Ameriketatik Euskal Herrira itzuli eta azken urteak bere sorlekuan ematea.

      Hemeretzi urtetan ikusi gabe zeuzkan euskal lurrak begiz jotzean, Iparragirreren aurpegi zimurtua negarrez busti zen eta bihotzaren sakonetik kantu dardaratu batek hegaz egin zion:

 

                  Ara nun diran mendi maiteak

                  ara nun diran zelaiak

                  baserri eder zuri-zuriak

                  iturri eta ibaiak.

 

                  Endaian nago zoraturikan

                  zabal-zabalik begiak,

                  ara, Espainia, lur oberikan

                  ez da Europa guztian.

 

                  Gero pozik bai Donostiara

                  Okendoaren lurrera

                  Zeru polit au utzi bearra

                  nere anaiak! Au pena!

 

                  Iru-txulueta maitagarria

                  lore tokia zu zera

                  Beneziaren grazi guztiak

                  gaur Donostian ba-dira.

 

                  O! Euskal-erri, eder maitea

                  ara emen zure semea,

                  bere lurrari mun egitera

                  beste gabe etorria.

 

                  Zuregatikan emango nuke

                  pozik, bai, nere bizia,

                  beti zuretzat, il arteraino

                  gorputz ta arima guztia.

 

      Iparragirrek, gautxo-txamarraren maukaz begietako malkoak xukatu, handiki eta astiro kapela burutik erantzi eta belaunikatu ondoren, muin egin zion oinen azpiko lurrari. Ondoren, urteak eta ibiliak ahulduriko bere zango bidaiariei presa sarturik muga gurutzatu eta ezker-eskuin ikusten zituen paisaiak begiez janez bere jaioterrira heldu zen.

      Ormaiztegitik Zumarragarako bidean, Irimo mendiaren isla begietaratu zitzaionean, oinean, usapala kabian bezala kokaturik zegoen; bere sorterriaren minak jo zuen. Baita Ameriketatik idatzi zion bertsoa gogoratu ere:

 

                  Billarreal de Urretxu

                  nere erri maitea

                  seme bat emen dezu

                  amorioz betea.

                  Nai baiņa nola ikusi

                  au dala tristea,

                  zuretzat nai det bizi

                  Urretxu nerea.

 

      Bi mila eta seiehun legoatara erne zitzaion amets eta gogo hau ordu-erdi barru beteko zuen. Ezagutuko ote zuen Iparragirre bere herriak? Nolako harrera egingo ote zion hainbeste urte pasa eta gero? Egiaren ordua bazetorren eta Iparragirreren bihotza bere herritik hurbilago eta biziago zebilen. Ezkioko lurrak utzi eta aldapari ekin zionean, taupadek leher zorian jarri zuten tristurak eta pozaldiak gaztetandik ezagutzen trebatu zen bihotz zahar eta berri hura.

 

 

 

II

 

      Bazekien Iparragirrek, esperientziaz, zein laburrak izaten diren txaloak eta aintzazko egunak, eta zeinen luzeak, berriz, bakardade eta erbestealdiko egun ilunak. Hala ere, huts egin zion bihotzak bere ustetan; gehiago espero zuen. Lehenbiziko topaketaren irakina epeltzean inor gutxi kezkatzen zen agure ilezuriaz eta haren gitarraz. Triste zebilen bertsolaria, arlote itxurarekin eta burumakur. Gazte jendeak ez zuen ezagutzen eta adinekoagoek gero eta agerikiago aurpegiratzen zioten alferra izatea eta Ameriketatik pobre itzuli izana. Gehienentzat Iparragirre ez zen Gernikako Arbolaren kantaria, baizik eta porrot egindako agure baztertua, emaztea eta seme-alabak bertan behera utzi eta errazetik jan nahi zuena. Baziren haren ustezko ondasun eta dirutzan sinesten zutenak, baina ez zuen halakorik erakusten. Han zegoen Joxe Mari, arratsaldero bezala, Zozabarro aurrean eseririk, bere begi ameslariak tristurak janik, gitarra zaharra esku batean zuela eta beste eskuaz patrikako azken txanponak kontatzen. Eupada batek atera zuen bere amets ilunetik.

      — Zer, Iparra, egonean?

      — Beharko egon, jota negok, ez diat ezertarako balio!

      — Baina arkume-iztar bati hautsak kentzeko bezain jota ez, ala?

      — Ez ezak pentsa, neguak gaizki hartu natxiok eta jateko ere ez nauk lehengoa... euria ere atertu gabe ari duk eta nire hezurrak ere...

      — Tira, tira! Utz itzak kontu epel horiek eta hator gurekin afaritara. Berehalaxe uxatuko dituk makalkeriak.

      Nafarroatik ekarri berria ditek zahagia, eta ardoa aparta atera omen duk. Ez hadi berriketan ibil!

      — Badakik nola nabilen munizioz ere...

      — Berdin duk, motel, hik noizean behin bertsoren bat bota ezak eta egina zegok. Mikeleteen sargentoa eta ni betiko lagunak gaituk, ezagunak. Perretxiko mordoxka bat ere badiagu.

      Urde goseak ezkurra amets esan ohi da eta urdailak arrazoi handiegirik behar ez zuelako edota kantatzeak penak ahazten laguntzen duelako, Iparragirrek gehiegi erregutu beharrik ez zuen izan arrats hartako afarian parte hartzeko. Mahaira eseri eta ardo gorria dastatu bezain laster ekin zion kantari: Oi nafarraren miraria!

 

                  Biba Rioja, biba Naparra

                  arkume onaren iztarra

                  emen guztiok anaiak gera

                  ustu dezagun pitxarra

 

      Mahaikideak ere berehala piztu ziren eta ezaguna zuten leloari heldu zioten:

 

                  glu, glu, glu,

                  glu, glu, glu,

 

      Zerbitzaria jakiarekin agertu zenean Iparraren begiak dir-dir jarri ziren.

 

                  Gure sabela bete bear da

                  al bada gauza onarekin

                  dagoen lekutik! eragin bapo!

                  aupa mutillak! gogoz ekin

 

                  glu, glu, glu ...

 

      Lehenengo erratilukadak ziplo garbitu zituzten, eta afaltiarrak gero eta berritsuago jartzen ari ziren. Asko zirikatu gabe bota zuen Joxe Marik hirugarrena.

 

                  Ardo fina eta jateko ona

                  jartzen badute gaur ugari

                  gure barrenak berdindurikan

                  jarriko dira, guri, guri.

 

                  glu, glu, glu...

 

      — Aupa Joxe Mari! Bejondeiala!

      — Ez haiz makala!

      — Ikusten? Kanpoko euriari burla egiteko, ardoa barrura! Ha, ha.

 

                  Ez ikaratu dagon artean

                  jan eta edan gaur gogotik

                  ustutzen bada ekarriko degu

                  berriro lengoko tokitik

 

                  glu, glu, glu...

 

      Zozabarroko atarian umoreak goia jo zuen. Hango irria, barrea eta oihua! Pitxarrak ekarri ahala ziplo husten ziren eta jendea lotsagabetzen ere hasita zegoen.

 

                  Umoria da gauzik onena

                  naigabeak ditu aztutzen

                  uju eta aja asi gaitean

                  euskal doņuak kantatzen

 

                  glu, glu, glu...

 

      — Hori duk arrazoia, Iparra! Ez zegok hi bezalakorik!

      — Gora gu ta gutarrak!

      Gaueko orduak aurrera zihoazen. Goian behe ari zuen euria. Bi baserritarrak hurrengo egunean behiak goiz eraitsi behar zituztela eta mahaitik altxatu ziren, mikeleteei eta Iparragirreri eztenka eta zirika.

      Geratu ziren hiruren artean beste pitxarkada bat hustu zutenean, sargentoa ondoezik zegoela, hotzikarak sentitzen zituela eta lagunarekin etxera abiatu zen. Iparragirre ere, bakarrik aurkitzean, gitarra besapean hartu eta etsietsian Txapartegirako bideari ekiteko prestatu zen. Gau iluna eta bustia zen eta Iparragirrek gurutzatu behar zuen erreka hazi-hazi eginik zetorren. Hala ere, Zozabarron gaua pasatzeari baino hobeto iritzi zion etxeratzeari.

 

 

III

 

      — Zatozte, bizkor hona! Lagundu! Gizona dago estalpean!

      — Gizona? Nor etor zitekeen honelako gauarekin?

      — Ene Jainkoa! Joxe Mari, Iparra da! Nolatan zu hemen?

      — Urak eraman du zubia eta... ezin nintzen bestaldera pasa... eta orduan, hemen eman dut gaua...

      — Aitaren eta semearen...! Hezurretaraino blai eginik zaude eta hotzez dardarka. Zatoz, zatoz sutondora!

      Zozabarroko etxekoandreak katilukada esne beroa eta senarraren arropa eman zizkion. Iparragirre zurbil eta dardara bizian zegoen. Berehalaxe oheratu zuten baina bertsolaria ez zen bere onera etortzen. Ezpainak ubeldurik eta handituta zituen. Egunak joan eta egunak etorri bertsolari bizar zuria borroka gogorrean ari zen biziarekin. Alboan, ohe buruan zeukan gitarra pixkanaka lehortu zen baina jabea ez zen lehengoratu.

      Egun gutxitara apaiz eta eskribaua eskatu zituen:

      — Testamentua egin nahi al duzu?

      — Bai...

      — Nori uzten dizkiozu ondasunak?

      — Hum...

      — Emaztearentzat uzten al dituzu zeure ondasunak?

      — Bai...

      Iparragirreren begiak gero eta lausoago eta itzaliagoak ageri ziren. Noizbehinka inork ulertzen ez zion hitzen bat marmarikatzen zuen bizar artean. Argizarizko esku luze zuria atera zuen astiro-astiro izarapetik eta gitarrarantz luzatzen ahalegindu zen. Bekokiko izerdi tantoak eta malkoak bat egin ziren. Eguerdiko ordu biak jo berriak ziren eta eguzkiak argiune bat eskaini zuen. Iparragirrek emaztearen eta seme-alaben izenak esateko ahaleginak egin zituen baina ezpain lehorrek ez zioten obeditzen. Ingurukoak ohera bildu ziren. Hasperen sakon bati jaregin eta hil egin zen.

 

 

 

Iparragirre
Xabier Mendiguren Bereziartu

Elkar, 1981