Uzt 27 16

Mikhail Lermontoven poemak

Literatura errusiar erromantikoaren ordezkari nagusienetakoa, Gure garaiko heroia eleberria da, zalantzarik gabe, Mikhail Lermontoven idatzirik behinena, Jose Moralesen itzulpenari esker euskaraz irakur daitekeena, Armiarman lehenagotik on-line jarria. Eleberriez gain, haren hainbat poema ere ekarri izan dira euskarara, 80etan aldizkarietan (Hotsizki, Maiatz) eta  itzulitako poemen bilduma batean (Hezurrezko xirulak, Elkar 1991). Lermontoven heriotzaren 175. urteurrenean, hemen dituzu irakurgai poemok.

Uzt 14 16

Henri Caleten abertzaletasuna

Sortzez Raymond-Théodore Barthelmess genuen Henri Calet, eta senez idazlea, idazlea artikuluak eta oroitzapenak ematen zituenean ere. Erdi kronika erdi nobela, autobiografiaren eta fikzioaren arteko obra berezi bat eraiki zuen, bere burua erakusten duen historiagile baten gisan. Caleti interesatzen zaion historia ordea ez da orri handiena, XX. mendearen lehen erdiko Parisen jasotzen dituen hosto xeheena baizik: klase apaletan, beren bizitzaren jabe ez direnen historiarik gabeko historian, proletalgotik marginalitatera sartu-irten bizi den mundu garratz eta hunkigarri horretan aurkitu zuen gaia. Begi erneko idazleak badu bihotzik hala ere, eta jendea maite duenez,  malenkoniaz kutsaturiko ironia gozo batean harrapatzen du irakurlea (La belle lurette, 1935; Le tout sur le tout, 1948; Monsieur Paul, 1950…). Erresistentzian sartu zen, atxilotu egin zuten, ihes egin zuen, erresistentzian jarraitu zuen. Gero, 1945ean, Fresnesera itzuli zen ostera eta paretetan idatzitako guztia bildu zuen, argitaratzeko, historiaren higieneak oihu haiek isil zitzan baino lehen (Les murs de Fresnes, 1945). Henri Caleten aipatu ezaugarriok ederki islatzen dira kolaboratzaile finkoa izan zen Combat aldizkarian azaldu Danbor hotsik gabeko abertzaletasuna artikuluan (Patriotisme sans tambour, 1945). Uztailak 14 zituela hil zen orain hirurogei urte.

Eka 17 16

Paco Urondoren poemak

Zuen baimenarekin / nahiago dut bizirik jarraitzea” idatzia zuen; baina ez zioten baimenik eman. Gaur 40 urte, 1976ko ekainaren 17an, Argentinako Armadak tiroz eta buruan kulataz jota hil zuten Francisco Paco Urondo poeta. Alaba txikienak amarekin ihes egitea lortu zuen, Urondok ez. Ekintzaile montoneroa zen eta, beste askok legez, errepresioaren gordina jasan zuen —bera hiltzeaz gain, alaba zaharrena eta suhia desagerrarazi zituzten—. Lehenago egona zen espetxean, jardun politikoa landutakoa baitzen Urondo, kultura alorrean ardurak izandakoa. Baina oroz gain idazlea. Argentinako poesigintzaren berritzaileetako bat, kazetaritza, antzerkia eta poesia landu zituen, 46 urte zituela hil zuten arte.  Jose Luis Otamendik ekarri dizkio euskarari Paco Urondoren zortzi poema, guztion gozagarri.

Eka 10 16

Vercorsen
Itsasoaren isiltasuna

Parisen jaio eta hazia, ilustratzailea, istorio grafikoen eremuan egin zituen lehen lanak Jean Bruller Vercors idazleak. Bigarren Mundu Gerran mobilizatua, Erresistentziari lotu zitzaion eta Vercors mendien abaroan jardun sasiko lanean. Kultura alorreko ekintzailea, bere konpromiso politikoa ez zuen sekula utzi eta Ohorezko Legioari uko egin zion Aljeriako gerraren aurkako bere jarreragatik. Erresistentziako jardunean idazkuntzari ere lotu zitzaion, besteak beste. Eta gaueko lan honetako kide Pierre Lescurerekin batera, hain zuzen, Editions de Minuit sortu zuen 1941ean, eta hantxe argitaratu 1942an bere libururik ezagunena, Le Silence de la mer. Gaur 25 urte hil zen Parisen Vercors, eta haren omenez dakargu lan horixe, Ibon Sarasolak euskaratutako Itsasoaren isiltasuna.

Eka 09 16

Erramun Astibiaren mendeurrena

Bihar ehun urte beteko dira Erramun Astibia (Errenderi Aba, elizako izenez) hil zela, bizitza gehiena Lizarran eta Tuteran eman ondoren. Inguru erdaldun honek edukiko zuen zerikusia, seguruenik, bere olerkigintza zibilaren gaietan: hizkuntzaren heriotza, Euskal Herriaren gainbehera… eta Sabin Aranaren figura, gure Aitalehen modernoa, esperantza eta galera. Mezu zuzeneko eta irudi errazeko olerkiak landu zituen, hala elizako nola batzokirako. Etsipenaren eta itxaropenaren arteko, esan liteke deitoreak eta himnoak eman zizkigula Astibiak. Horrela, kanturako testuak bezala harturik, asko irabazten dute bere olerkiek. Letragile segurua da, neurriaren eta kadentziaren zentzua dauka, eta estrofa molde berritan saiatzen da. Entzutekoak izango ziren letra haiekin Alfonso Uriartek eta Astibia bezala kaputxinoak ziren Aita Donostiak eta Aita Elduainek sortu zituzten doinuak eliza eta antzoki beteek kantari. Elixabete Perez Gazteluk bildu eta editatu zituen sakabanatuak zeuden orriak eta eskuizkribuak Erramon Astibia «Errenderi Aba» (1881-1916) Idazlanak izeneko CDan (Errenteriako Udala, 2003), eta horretaz baliatu gara Errenderi Abaren abesti ez zerutar baizik euskotar batzuk eskaintzeko oroigarri gisa.

maiatza 24 16

Josep Romanilhari ebatsiak

Okzitaniako idazlerik garrantzitsuenetakoa da Josep Romanilha. Eskolako errienta, Federi Mistral izan zuen ikasle eta, urteetara, elkarrekin jardungo zuten Felibreen mugimendu linguistiko-literarioa sortzen eta zabaltzen. Idazle ez ezik editorea ere izan genuen, eta okzitanierazko literaturaren harroaldiko epizentroa izan zen bere liburu-denda. Poesian hasi bazen ere narrazioan atera zituen zakukoak, ahozko tradizioa jaso, edertu eta piperrez ondua emanik bere herriari. Robert Lafon irakasle eta saiakeragile handiak frogatua duen bezala, Alphonse Daudet ezagunaren zenbait obra Romanilhari eginiko plagioak dira, manipulatuak, noski, protagonista jator eta politikoki ez biziki zuzenak ziren okzitaniar lotsagabeak paristarren eta oro har turisten gustuko etnotipoak bihurtuta. Romanilhak, ondarea aberasteaz gain, idazkera  molde berri bat proposatu zuen, proventzala oinarri, latinisten eta populisten artekoa, publiko zabalaren mesederako. Urtez urte Mon Dimanche astekarian eman zituen ipuinak bilduman argitaratu zituen Li conte Provençau (1883) tituluarekin, eta data hori ezarri ohi da okzitanierazko prosa modernoaren sorreratzat. Ipuinotan dago Cucugnan-go medikua ospetsua (Lou mège de Cocugnan), Daudetek aurrez beretzat hartua edo saldua (Le medecin de Cocugnan). Plagio honek beste bi plagio probokatu zituen gure letretan: Jean Hiriart Urrutik berea balitz bezala sinatu eta iturriarekiko inolako aitorrik gabe Hilak hil izenarekin argitaratu zuen (RIEV, 1907) Cucugnan herria Garroze herria bihurtuz;  geroago Leon Leonek bertsio labur bat argitaratu zuen Bihurriko medikua izenarekin (Gure Herria, 1927) Bihurri herria asmatuz Cucugnan (edo Garroze, auskalo) ezkutatzearren. Hiriart Urruti baita apez saindu biotan Romanilharen testuari lotuena, haren plagioa eskaintzen dizuegu aste honetakoan, Okzitaniako literaturari barkamena eskatuz eta Josep Romanilha handiaren gorazarre gisa, 125 urte direnez hil zela: Gora Romanilha gurea eta kiskal bitez infernuan ohoinak oro jeloskorrez!

maiatza 17 16

Mario Benedettiren 13 poema

Uruguai eta oro har Hego Ameriketako urte ilunei letren argia jarriz bizi izan zen Mario Benedetti. Eleberrigile, antzerki autore eta poeta, Hego Ameriketako XX. mendeko bigarren erdialdeko literatur mugimenduetan ahots nabarmenetakoa izan zen, gizartean zapalduei ahotsa eman ziena, hain zuzen ere. Maiatzaren 17an sei urte hil zela, haren hamahiru poema dakartzagu sarera, Xabier Bovedak euskaratu eta Idatz& Mintz-eko 59. alean argitaratutakoak.

maiatza 07 16

Jerzy Lecen Aforismoak

Galitzia eskualdeko Lwow herrian jaio zen Stanislaw Jerzy Lec (1909-1966), Polonian. Poema eta artikulu satirikoak publikatu zituen gaztetan. Judua zenez, Tanopol kontzentrazio eremura eraman zuten alemanek Polonia inbaditu zuteneko (1941). Bi urte geroago ihes egin zuen suntsimenetik, eta partisano poloniarrekin ekin zion erresistentziari. Gerra amaitutakoan Szpilki aldizkari satirikoaren sorreran hartu zuen esku, baina, gerraurreko ildoari jarraituz, poemagintzan saiatu zen bereziki: Bizitza umorezko poema da (1948), Poema berriak (1949) eta Israelen bizi izan zen bi urteren emaitza zuen Jerusalemgo eskuizkribua (1956). Estalinismo aroaren amaierarekin (1956), trabarik gabe publikatu ahal izan zituen bere senaren emaitzarik onenak, aforismoak, arrazoiketa sakonik eta argudiatze sendorik behar ez duten pindarrak, espiritu zorrotzaren txinpartak (Ilea laztutako pentsamenduak, 1959). Bitxia da nolako argitasunak ematen dituzten Jerzy Lecen pentsamenduok estalinismoaz honatago ere kritika eta kontzientzia manipulatu nahi zituen sistema bati buruz. Agian, ez zaigu hain bitxia gertatuko egilea alderdi komunistako kidea zela eta Poloniako Herri Armadako itzulpen eta propaganda unitatean jardun zuela jakinik.

maiatza 05 16

Haroldo Contiren
ahots isilarazia

Gaur 40 urte eraman zuten, gaur arte. Argentinako Armadaren Inteligentziako 601 Batailoiak hartu zuen preso Haroldo Conti idazle eta irakaslea, eta desagerrarazi.  Hainbat eleberriren egilea (En vida; Mascaró), bere belaunaldiko idazle aipagarrienetako bat da. Idazlea eta ezkerreko militantea, Argentinako diktadurak jasaten ez zuen konbinazioa. Haren omenez, idazle buenosairestarraren eguna da Maiatzaren 5a, eta guk Anaia baten heriotza narrazioa eskaintzen dizuegu, Gotzon Barandiaranek euskaratua.

maiatza 03 16

Padraig Mac Piaraisen
hamar poema

1916ko maiatzaren 3an, gaur 100 urte, fusilatu zituzten Dublinen Tomas O Cleirig, Tomas Mac Donnchadha eta Padraig Mac Piarais, Pazkoko Altxamenduko buruzagietarik hiru. Altxamendua amaitu eta astebetera exekutatu zituzten matxinadaren lehenengo buruzagiak. Politikariak, iraultzaileak eta langile mugimenduko liderrak izateaz gain, haietako batzuk idazleak ere baziren. Inoizko iraultza literarioentzat joa izan da Irlandakoa. Eta haien artean, nabarmen, Padraig Mac Piarais, izen ingelesarekin ezagunagoa, Patrick H. Pearse (Thomas Clarke eta Thomas MacDonagh, kideenak). Poeta eta antzerkigilea (MacDonnchadha ere hala zen), euskaraz paratu ditugu haren hamar poema.

Api 24 16

Pazkoko Altxamenduaren mendeurrena

Gaur 100 urte, 1916ko apirilaren 24an aldarrikatu zen Irlandako Errepublika, Dublinen, Pazkoko Altxamenduan. Irlandako gizon eta emakumeei zuzendutako manifestu batekin, abertzale irlandarrek errepublikaren aldarrikapena egin eta Britainia Handiarekiko askatasuna deitu zuten. Urteetan ernatzen joandako abertzaletasunak eta nagusiekiko herrak 1916ko Aste Santuan egin zuten eztanda, eremu abertzaleak eta langileak batuz 5 egunez luzatu zen matxinada batean. Orduan bost egun, baina luzarora eragin erabatekoa izan zuen mugimendu batean. Britainia Handiko Armadak gogor borrokatu zuen bolondres irlandarrek armez hartutako Dublingo eremua, eta ondorengo errepresioa oso bortitza izan zen, altxamenduaren buruzagiak exekutatuz, eta zientoka lagun espetxeratuz.  W.B. Yeats poetak hurbiletik jarraitu zituen gertakariok (Pizkunde 1916 poema ezaguna adierazgarri), eta egun haien inguruan ondutako beste bi poema eskaintzen dizkizuegu, mendeurrenaren karietara.

Api 18 16

Gabriel Celaya hil zela 25 urte

Mundua aldatzeko tresna zuen poesia Gabriel Celayak, eta hala erabili nahi izan zuen, elite eta goi tokietatik urrun, humanizatuta, behe munduetara ekarrita. Baina konpromisoarena eta ikuspuntu sozialarenaz gain, gizakia ardatz hartzen duen kantua ere bada Gabriel Celayarena. Hainbatek euskaratua (Gabriel Aresti, Pello Zabaleta, Felipe Juaristi…), poetaren heriotzaren 25 urte betetzen diren honetan Koldo Izagirrek zazpi poema euskaratu ditu. Hementxe dituzu.

Api 14 16

Jose Revueltasen
Inor gabeko hizkuntza

Erreferente handienetako bat da, Mexikoko egungo idazleentzat, Jose Revueltas. Ekintzaile politikoa,  langile eta nekazarien alde aritu zen. Eta hirutan eraman zuen jardun horrek espetxera, ezagunena 1968ko ikasleen matxinadaren karietara, Lecumberriko presondegi “izendun”era. Behartsuen,  indioen munduak, behe mailako planetek: prostituzioa, espetxea… isla zuzena daukate haren literatur lanean, eleberri eta ipuinek osatua batik bat. El Apando narrazio ezaguna, eta beste asko. Gidoigile ere lan handia egin zuen. Klase arteko tentsioaren salaketa bikaina dago Inor gabeko hizkuntza ipuinean, Iñigo Aranbarrik euskarara ekarri diguna, Armiarman eskaintzen duguna Revueltas hil zela 40 urte bete diren honetan. Ipuinaz gain, Lecumberriko espetxetik Octavio Pazi bidalitako gutun bat ere irakurgai daukazue.

Api 07 16

Annie Vivantiren lau poema

Idazle italiarra dugu Annie (Anna Emila) Vivanti, ingelesez ere idatzi zuen arren. Lindau idazle familia alemanekoa zuen ama. Ingalaterran, Suitzan eta Estatu Batuetan ibili zen antzerkian eta literaturan. Exilioa amaiturik, Aitaren lurraldean kokatua, Carduzzi handiak bere poema bildumari eginiko hitzaurreak ekarri zion ospera. Idazle erraz eta popularra, arrakasta izan zuen Italiatik kanpo ere nobelagile bezala. Alabaina, Annie Vivantik jakin izan zuen literatura jasoa egiten, jasoa eta amorragarria: alemanek Belgikako emakumeei eginiko bortxaketak azaldu zituen (The Invader, 1915), Lehen Mundu Gerra osteko gizartea salatu zuen (Naja tripudians, 1920)… Lanok arazoak ekarri zizkioten, eta zentsura ere bai. Bizitza pribatuan, «maitasun molde libreegian» bizitzea zentsuratu zioten. Beti azaldu zen Britainiar Inperioaren aurka Egipton eginiko sarraskiak salatuz (Mea culpa, 1927), eta Sinn Feinekin kolaboratu zuen. Aurten 150 urte jaio zela eta, lau poema ekarri dizkiogu gurera.

Mar 28 16

Virginia Woolfen
Gela bat norberarena

Emakumeei eta fikzioari buruz jarduteko eskaera bati jarraiki idatzi zuen Virginia Woolfek Gela bat norberarena saiakera. Emakumeen genero-rolak aztertu zituen bertan, idazleak, sortzaileak eta fikzioko pertsonaiak diren aldetik. Emakumeen idazkuntza tradizio patriarkalaren baitan hizpide hartzen duen saiakera hori 1929an argitaratu zen eta manifestu feminista inspiratzailea bihurtu zen berehala. “Fikzioa idatziko badu, emakumeak dirua behar du eta gela bat beretzat”. 2012an Consonni argitaletxeak Gela bat norberarena liburua itzuli eta argitaratu zuen, Maria Coleraren eskutik. Virginia Woolf hil zela 75 urte bete direnez 1941ko martxoaren 28an, liburua online partekatu nahi izan dute.

Agenda

Efemerideak

Kritikak