Abe 16 15

Somerset Maughamen oharrak

Parisen jaio, umea zelarik gurasorik gabe geratu, Ingalaterran osaba batek ez oso samur hazi, totel samarra izanik eskolako lagunen trufabide, William Somerset Maugham kondenatua zirudien sufritzera. Baztertu askok bezala, idatzian aurkitu zuen bere burua erakusteko modua, eta berehalako arrakastak, antzerkian bereziki, bizimodu eroso bat ekarri zion. Batera eta bestera bidaiatu zuen, Ingalaterra Handiaren inperioaren dekadentzia ikusi ahal izan zuen bertatik. Mendebaldeko irakurleari exotikoak zaizkion gertalekuetan kokatu zituen ipuinak eta nobelak. Fededun liberala eta moralista pragmatikoa bezala azaldu zen hainbat gaitan, tolerantea esango genuke gaur egun, eta bere istorioak axalekoak direla esan izan dute irakurle zorrotzek. Baina Maughamek dohaina zeukan kontatu nahi zuena indarrez eta ekonomiaz emateko, eta errealitatetik harturiko pertsonaiak azaldu zituen beti. Ez da ahanztekoa, bestalde, bere ironia baitezpadako tresna izan zuela ingelesen kolonia-ondoko mundua erakusteko. Somerset Maugham ipuinlari, nobelagile, antzerkigile, bidaiari eta espioi handia hil zela berrogeita hamar urte direnez abenduaren 16an, entresaka labur bat eskaintzen dizuegu haren Idazle baten oharrak obratik (A writer’s notebook, 1949).

Agenda

Efemerideak

Kritikak