HAR ZAZU PARASOLA
Jean Hiriart-Urruti

Eskualduna, 1903-07-17
armiarma.eus, 2015

 

      Norbeit etxetik norapeit urrun doanean, anglesak erraiten omen dio:

      —Ateri balin bada, har zazu parasola.

      Nere ezagun angles bati galdatu nion behin:

      —Egia dea, baduzuela erran hori?

      —Ba, baitugu; eta nolaz?

      —Halako bitxi bat hor zautalakotz.

      —Baia? Zuk uste baino zuhurrago da hori —daut ihardesten begietara so.

      Bihurtzen nitzaio:

      —Erradazu beraz, jauna, eta euria ari balin bada, ez duta behar hartu parasola?

      —Erran gabe doa; ce qui veut dire en basque ez duzula orduan nehork erraitearen beharrik, parasolaren hartzeko.

      — Hala da futxo!

 

      Egundaino geroztik gogoan dakart anglesaren ateraldia. Iduri du zozokeria bat, ez dea hala?... Ne!...

      Nahuzuen bezen bitxia ba, anglesa. Guk ez dugun asko itzal duena. Bainan,  

berrogoia!, zozoa ez. Anglesa ongi ezagutzen duenak ez dautzu erranen zozoa dela, non ez den bera hala.

      Banuke beldur, ez ote giren, huntan behinik behin, zozoenak gu!

      Anglesa beti biharamunaz oroitik baitago; beti sarri, beti bihar gogoan.

      Gu aldiz frantsesak, ba eta ere gu, eskualdunak, etxetik urrun, euria hastearekin ohartzen gira, hobeki eginen ginuela parasola harturik.

      Berantegi, muñu.

      Zenbat zeretan ez zauku gertatzen... parasolaren ahanztea?

 

      Ez da erraiteko baizik. Behazue. Hainbertze urte baditu haizea makur dugula Frantzian; geroago eta makurrago, bihurriago. Deus, edo deus kasik ez dugu ikusten alde. Noiznahi euri elementa, barazuza, harria.

      Iraganak iragan, zeru zola beti samur, oro hedoi beltz. Eta gu? Gu beti buruhas, larruhas, deus fitsen beldurrik ez baginu bezala.

      Gu noiznahi etxetik kanpo ibilki... aiaio, haur batzu bagine bezala. Ez da egia? Hala ez bada erradazue, isil nadin.

      Hala baita ordean, ez baita hor harat-hunatik. Euria jauts ahala buruaren gainera heldu, zer diot? Ja jina, ja burrustan ari, eta gu etzanik bustitzen, edo ahoa zabaldurik, zut-zuta, hezurretaraino sartzen zaukula uri hotza.

      Ah! guk ez ukanen parasola bat!

      — Egia zuk, orizu. Eta nik, horri datxikola, erranen dautzut beharrira bertze egia bat.

      — Eta?

      — Baginukela parasola.... hartu baginu egun goizean, edo atzo.

      Egungo makur guziak hortarik datozi; eta biharkoak bardin beldurtzeko da horrek berak dakarzkigutzan: ateri deno ez baikira oroitzen parasolaren hartzeaz.

      Euria hasi eta ere oroitzen bagine, edo oroitu eta, higitzen norapeit?

      Nor higitzen da? Nork non nor ikusten duzue, egin dezan euri ala beltzuri, ximixta eta ihurtzuri, laster bat egiten duela, ez eta urrats bat, aterbe bila, edo parasola keta?

      Ez dire gero hauk josta eleak. Zin-zinez mintzo nitzauzue: zernahi buruen gainera eror dakigun axolarik ez baginu bezala gaude: jiten dena jin. Geroaz ez gira oroitzen; edo iduri dugu ez dakigula, garbiki, euritik begiratzeko aski dela parasolaren hedatzea.

      Hedatzeko, behar baita ordean eskuan. Eskuan ukaiteko, ez baitzen utzi behar etxean.

      Zertako duzu alabainan beti hetsirik zokoan dagon parasola? Hura ala gabea, bardin dukezu. Gabea merkeago.

 

      Orotakoa dugu: geroaz grina guti. Zor egitean, zor hura gero han izanen dela, ez zauku iduri.

      Egun sendo dena ez da oroitzen, bihar eritasun bat datorkiokela.

      Gazteari ez aipa zahartzerik. Ezkongeiari ez mintza ezkon biharamunaz. Zeru gaina urdin ederrik dagono, zer heldu zauzkit bihar eginen duen aroaz erastera?

      Holaxet, idurizko elerik gabe, pinta paria nezoke nahi duenari: egungo egunean ezkontzen diren neskatxen erdiek ez dutela, eztei egunean, beren zingoleria guziekin, parasola egiazko bat, parasolaren izena merezi duenik.

      Ombrela ba; baten orde biga. Datorla uhar bat, hara hanxet andre esposa, hegalak biribil.

      Bainan erraiten dautzuet, orotakoa dugula. Egun ateri, bihar euri; egun ase, bihar gose. Geroko aterbeaz, geroko biziaz, ala iazko haizeaz bardintsu axola. Kaskoinak diona: tan gagna, tan chifla. Eskuaraz erraiteko, jina jan, jitekoa edan, eta gaineratikoa altxa... zer gerta ere. Zuhurtzia, hori da!

 

      Bateko dena, bertzeko ere ba; ez dena, ez da. Bainan deusetan ez duzu hobeki ageri, zoin esku hila dugun, guk, parasolaren goiti xut idekirik atxikitzeko zoin gogo hirauna, edo ahanzkorra, bihar zeri gauden oroitzeko egun; deusetan diot ez dela hobeki ageri, nola Frantziako eta gure Eskual Herriko, ba eta zoin guhauren herrietako goiti-beheitiari buruz dugun kartalazokerian, edo ez dakit nola erran, ahulezia zolarik gabean.

      Jakin futxo, geroa eskuko ginukela, nahi baginu, eta ez bakarrik parasola, ez, eskuko, bainan euri eta ateri, aroa bera. Un ala txar, guhaurek egiten ahal. Jakin, eta ez nahi hartako behar dena egin. Ez uste, deus egitekorik badukegula; edo beldur, ahalge, uzkur. Barneak ez ekartzen, deusen egiterat.

      Eta gero erauntsi bat datorla, ezin ihardok. Makil-ukaldiei bizkarraz egoiten baizik ez jakin.

      Zer egin bertzalde orduan?

      Lehenago, lehenago, ateriz, behar ziren teilatu xiloak tapatu: eta bertzerik egin ez bazitaken, guzia berritu.

      Egia handia dio anglesak, bai alafede. Eta guk hori ahanzten; ez oroitzen gu, aitzinetik, geroko aroaz. Egunez egun, jin arau, mintzo ba minduru, apostolu batzu bezala: «Hauk dire denbora hitsak! Noiz arte ditugu hauk? Ez ote du norbeitek azkenean zerbeit eginen? Eta ez baita atertzen etsaiaren gaixtakeria!»

      Emadazue hortik bakea... eta parasola bat; euri edo gorri, zahar edo berri, bustitzen ari bainiz.

 

      Bitxi baino bitxiago dena, hau duzu: berekin bertzeak bustitzen ikusi nahiago baitituzte anitzek, bakotxa bere buruaren euritik zaintzen baino.

      Edo parasola bat on dela, behar dela onesten ba, bainan berek hauta zuretzat zoin, eta nolakoa, zenbatekoa, zoin koloretakoa. Hura baizik ez onik.

      Ez haizu bertzerik hartzea, non ez dituzun zureak entzun nahi: buruahul bat zirela, edo tripustel bat.

      Zer ez du aditu behar, egungo egunean, parasola besazpian derabilanak?

      —Zer duzu piltzar hori? Hori ez da deus.

      Gabez bila dabilanari, aldiz, lepora jauzi orok (izanik ere berak bardin gabeak).

      —Har zazu zetazkoa —dio batek.

      —Oihalezkoa —bertzeak.

      Utz nezazue otoi orok isilik ea badukedanetz bat, izanik ere ixtupazkoa. Azken beltzean orotako hoberena hura izanen baita, ahal dukedan hura.

      Nihaurek egin behar banu ere, ez nauke gabe.

      — Egin ba!

      —Zertaz?

      — Astoaren buztanaz!

      Hala da ordean, karako. Ezin jasanez hein hau, nehor nehorat higitzen ez ikusiz, beren ahala egiten dutenak, eskuin edo ezker, Piarres edo Jakes buruzagi, ez utziko bada isilik! Erogarri da egiazki.

 

      Hauxe da, noraino ereman gituen anglesaren solasak! Balaki, haren eleak hementxe,  zer eta zenbat ume daizkun egin! Eta hauk baino gotorragorik eginen, agian, irakurtzaile baten edo bertzeren kaskoan!

      Zertako ez orotan?

      Ah!, noiz ikasiko dugu, gure egitekoetan, bederen beharrenetan, baitezpadakoetan, geroari goizik gogo, begi, esku atxikitzen?

      Noiz izanen gira, hortan, angles?

 

HAR ZAZU PARASOLA
Jean Hiriart-Urruti

Eskualduna, 1903-07-17
armiarma.eus, 2015