Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

HITZAURREA

 

      Gaur arte Sebastian Salaberria bertso jartzaile bezela ezagutzen genduan.

      1963garren urtean, Hernanin, Txirritaren omenaldian, lehenengo bertso-paper txapelketako sariak banatu ziran. Bigarrengoa Salaberriak jaso zuan Ama Euskerari jarritako bertsoekin. Mikrofonora alderatu eta bertso polit bat kantatu zuan, eskerrak emanaz.

      Orain hilabete pare bat, berriz, bigarren bertso-paper txapelketan ere bigarren saria irabazi zuan, Donostiako Manuel Matxain eta Itsasondoko Jesus Letekin batera.

      Hontaz gainera, badu beste zenbait bertso inprentatuta, eta asko eta asko paperean jarririk.

      Orain, berriz, Agoraren nobela saria irabazi du, bere lehenengo nobelarekin beste seiri eraginda.

      Oso nobela herrikoia da, hasieratik bukaeraino euskal herrikoitasun garbi-ederrenez jantzia, bai sentimentuz eta bai hizkaraz ere.

      Gure herriko gizonek holako kontaera asko dute, eta haiek berrituaz denbora-pasa egoten dira askotan lagunartean eta etxeko sukaldean. Gaia, Salaberriari bezela, bizitzak erakutsi die, eta kontatzeko abilidade aparta dute askok, Jaungoikoak dohai hori emanda.

      Oraindainokoan, paperera gabe ahotik ahora ibili izan dira kontaera horiek. Salaberriak, ordea, berea paperera paseaz, euskal literaturan bide berri bat azaldu du.

      Bejondaiola, beraz, eta Jaunari nahi dakiola, Salaberriak urratutako bidetik beste asko etortzea haren ondoren.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964