MAKILA KEN
Jean Hiriart-Urruti

Eskualdun Ona, 1905-12-29
armiarma.eus, 2015

 

Hauxe da bitxikeria!

      Bainan egia ote da gero: Donapaleoko tribunalak Mauleko arrondizamendu guzian, Bidarraitik Santa Garaziraino, debekatu duela eskualdun makila? Holetan ba, egia da. Makila ferratua, zolan burdina eta plomuduna, iraupenaren eta haztarengatik egiten diren bezalakoa, hots, izendatzea aski da konprenitzeko: eskualdun makila debekatua da Xuberon eta Baxenabarren. Ez haizu nehor makilarekin jalitzera; ez auzo herri batetarat, ez merkaturat, ez nehorat joaiteko.

      Arme prohibée, le makila; défendu par la loi.

      Ederra dugu hau !

      Bazautzuea? Bertzeak bertze, barkustarrak Atharratzeko merkaturat, oraartarrak Garrozekorat, eta orotako bitxiena, irisartarrak Heletako eta Donibaneko merkaturat, ez haizu joaiterat makilarekin? Egundaino nork ikusi du, ez eta entzun, holakorik? Lehenago etxean egonen dire, merkaturat esku huts joanen diren baino.

      Makila du eskualdunak bideari lotzeko bere laguna. Apaindura bat ere zaio Eskualdunari bere makila. Atorra papo, mahunga xuri, zamarra sorbalda ezkerretik dilindan, esku eskuinaz makila lurrari deratxikola, ez da nehoren beldur, ez ahalge, Eskualduna. Makilarik gabe jalgi Eskualduna bere etxetik urrun? Iduri lakioke buluzirik doala. Hogoita bortzek nahiago lukete boneta eta oskiak etxean utzirik joan, buru has, untuts, ezen ez makilarik gabe.

      Zer debru nahuzue egin, jaun jujeak, Eskualduna eta makila elgarretarik ezin bereziak balin badire, kasik... senar-emazteak bezala? Diot kasik, hala nahi baitut erran, izariz mintzatzeko.

      Uri ala ateri, ombrelarekin beharko naski ibili hemendik harat gizon eskualdunak; edo zarea besoan, emaztekiak bezala!...

      Xo, bizkitartean. Zaharoño bat haizuko zeie; ba eta naski nahi bezen lodia ere, burdinarik gabea den ber.

      Joan, labe hagarekin, edo mahasti pazot bederarekin, edo aitzurra bizkarrean... atx, haatik, burdina badu zolan aitzurrak ere. Bainan, futxo, gizona zerbeit eskuan gabe ez duzu gizon. Eskualduna eskualdun makila gabe ez duzu Eskualdun. Ez da hor harat-hunatik.

      Eta gero, zer egin behar dute bizitzeko makila-egileek. Halako langile pollitak baitire, zoinek eskuaire ederrago ari direnak, bihi batek ez baitu nik dakidan batek baino ederrago. Zer nahuzue bilaka diten, beren bizipidea galduz geroz?

      Ororen gainera, ez luke deusen beharragorik Eskualdunen aipamenak. Ja eskuara gure mintzai zahar maitea kendu nahiz ahal guziak egin ondoan eta eginki oraino beti aitzina; gure erlisionea bera, orotako beharrena kendu nahiz bakerik ez demuntre hoiek; eta orai makila ken eskuetarik, eskualdunaren azken marka, azken ohorea, azken indarra.

      Ken bezagute debruetarat Eskualdun izena bera. Izana kenduz geroz, ez dugu izenaren beharrik.

      Zer zuzenez, edo bederen zer estakuruz eta zer xedez du ekarri debeku hori Donapaleoko Tribunalak? Zera delakotz omen: zenbeit aste huntan prozedura eta auzi anitz bazelakotz Xuberon eta Baxenabarren makil-ukaldi gero eta gehiago elgarri emanik omen gizon eskualdun batzuek.

      Ez da orduan makila ukaldiez makila hobendun, bainan ba hura derabilan besoa, eta guziz burua. Jo hutsean dena, jo behar bezen azkarki eta zorrozki. Ez da, Jinkoari esker, lege eskasik Frantzian, kolpekarien ezabarazteko. Dela amanda, dela presondegi; dela gizonari doazkon eskuen galtze... boz emateko esku eta bertze. Bota kolpekariei burutik behera  gaztigu garrazki, freska diten norapeit. Eta gero, utz hantxet itzalean, beren penitentzia egin arte, azken eguneraino.

      Egonen dire, ba, nonbeit, aski gaztigatuz. Bainan gizon aztore basa zenbeitengatik makila debeka Eskualdun etxekojaun guziei; egundaino uli bati min egiteko besoa altxatu ez dutenei eta orori, zerk eman deieike hori gogorat? Irriegingarri ere bada.

      Hortarik ageri da, zerentzat gauzkaten Eskualdunak oro, nonbeitik hunat jin kargudun arrotz beren buruez hartu batzuek:

      —Des sauvages, tous ces Basques.

      Iduri bertzetan ez den gaixtaginik.

      Nahi dut, Eskualduna, makurrerat itzuliz geroz, ez dela bertzeak baino hobea. Hartakotz dire bada eskualdunaren kaltetan ari, kalte handitan, erlisionea kendu nahi diotenak.

      Zer uste dute, ala Jinkoaren beldurra gal eta ezazol bilakatu ondoan, bildotsa bezen ezti egonen zeiela menditarra, hiritar etendu, xutik doi-doia dagozin batzu bezen geldi eta maltso?

      Zaldi azkarrari krasturi azkar, esku azkar eta ezti, zaldun on, gidari xuxen, xut eta trebe. Zaldunak du zaldia galtzen, errebes bilakarazten, hamarretarik bederatzietan.

      Buruzagienganikako larderia galduz geroz, makila edo azote, harri edo kanibet, dantzaturen da zerbeit; bereziki jaidura tzarren zapatzalerik hoberena, erlisionea, kenduz geroz jendearen gogotik.

      Hortara goazi gu beti, hortan baita gakoa, nahi ala ez.

      Zibilizatzearen beharra badugula erran, eta zibilizatzeko moienik hoberena, bakarra, ken: gaineko Jaun Handi haren beldurra. Ez da joko ona. Gero eta hobeki ageriko da hau.

      Berritan hemen aipu ginuen Donapaleolik auzo berri batean gauaz merkatutik etxerat zoazilarik bi gizon, batek bertzeain kokotseko larrua eta ezpain puska ausikian ereman zazkola. Handi da tribunalak ez baitu ezarri legea, merkaturat doazila Eskualdunak hortzak etxean utzirik....

      Armes défendues!

 

MAKILA KEN
Jean Hiriart-Urruti

Eskualdun Ona, 1905-12-29
armiarma.eus, 2015