Ots
24
19
Garai batean idazle askorentzat letren plazara jalgitzeko atea baliatuta, Irun Hiria saria irabazita, Kutxak kaleratu zuen 1992an Arantza Etxeburuaren Hitz hits, paperezko mihisetan lits poema-liburua. Beste kasu askotan bezala, eta generoak hemen badu esangurarik, eta ez hain zuzen literarioak, segidarik izan ez zuen bidea. “Garai eta molde askotako euskal poema eta euskal olerkien oihartzunez” osatua aurkeztu zigun kritikak Etxeburuaren poemarioa, orain osorik eskaintzen dizueguna.
Urt
13
19
Duela hiru urtetik sarean irakurgai zegoen Hiltzaile baten bila, Xabier Gereñoren nobela, mitikoa bihurtuko zen Jurgi kapitaina pertsonaiaren estreinako lana (1975). Ordukoan itsasontzi bateko kapitaina zen Jurgi Arregi, baina hurrengo nobelan (Espioitza) jadanik langabezian dago, eta Baionatik Bilbora joango da beharrera, detektibe agentzia batera. Laguntzaile etengabekoa bihurtuko zitzaion Peru Alikarekin batera, denetariko kasuak eta misterioak argituko zituzten nobela ugarietan, baita den-denak arrakastaz argitu ere. Gudari bat eta Iruineako asasinatzea nobelak ere horren adibide garbiak dira. Hirurak, 1977 urtekoak, eskura dituzu orain.
Urt
06
19
Irun hiria Literatur saria irabazi zuen 1994an Joakin Balentziak, Olerki sailean, Amaigabeko zikloa poemarioarekin. Sei urte lehenago Espaloian dago munduaren xilkoa lanean erakutsi zuen bidea jorratzen jarraitu zuen, ni-tik epikara hurbiltzen diren deien ildotik. Urte amaiera/hasiera honetan osorik dakargu, liburuari izena ematen dion poeman dioenez, “(…) agian zu, ni eta gu / berriro sortuko gara / amaigabeko zikloa errepikatzeko moduan…”.
Abe
21
18
Kutxak antolatzen zuen Irun Olerki Saria bereganatu zuen 1984an Joannes d’Iraolaren poema bilduma obrak, Patziku Perurena leitzarraren lanak. Haurtzaroa, Gaztaroa eta Heriotza atalek batasun bat iradokitzen badute ere, eta nolabaiteko batasunik bada, poemak independenteak dira, eta haien bitartez Perurenak hainbat irudi eta gai jorratu zituen bere lehen poemarioa izan zen honetan, gerora landu duen ibilbidean bere unibertso literarioa osatu dutenak. Osorik eskaintzen dizuegu.
Aza
22
18
Harkaitz Cano Fakirraren ahotsa nobela berriarekin dator, Twist argitaratu eta zazpi urtera. Osorik eskaintzen dizugu sarean, azaroaren 26an jendaurrean aurkeztu aurretik. Gainera, liburuari buruzko elkarrizketa egingo dio Leire Palaciosek egileari Literaktumen. Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra…, mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan luzatzen den nobela hau, sortzailearen hauskortasuna, musikaren ahalmen katartikoa, bizitza bohemioa eta denboraren igaro lasterra bezalako gaiei buruzko hausnarketaz betea eta errealitateari maileguan hartutako pasarte eta pertsonaiez josia.
Aza
13
18
Nola bizi atzoko guztiak hainbesteko pisua badu. Horra Iñigo Aranbarrik hamar ipuinotan dakarren galdera. Ezinarekin borrokan, adiskidantzaren ertzen eta sentimendu primarioen artean dabiltza ipuin liburuko pertsonaiak erantzunaren bila. Kontu kitatze bat desagertzen ari den mundu batekin, hura ederretsi gabe. “Ez dun nostalgia, garai hura ez zunan hobea”, dio pertsonaietako batek. Lehengo mundu hori oraingoarekin gainjarrita ageri da ipuinotan, giza flysch basa batean bezala. Atzorik gabe ulertzerik ez dagoen oraina, hamar kontakizun fikziozkotan. Munduko tokirik ederrena ipuin liburua osorik irakurgai duzue sarean.
Aza
06
18
Sarean eskaintzen dizuegu osorik Idurre Eskisabel Larrañagaren aurreneko poema liburua, Goseak janak. Inozentziaren galerak eta nortasunaren eraikitzeak ardazten dute liburua. Nor izateak dakartzan funtsezko galderak, ekinak, jarrerak, begiratzeko erak, errotze berriak eta deserrotze eta gabetze minberak. Zenbat dagoen haututik eta zenbat ezarritakotik, amore ematetik, norbere ekinetik, konformatzetik. Eta nola jazotzen zaigun hori dena mundu honetan, nola baldintzatu eta eraldatzen gaituen besteekin dugun harremanak, nola mamitzen den gure gorputz partikularrean. Jabetze edo ahalduntze esperientzia gisa ageri da bizitza poema organiko hauetan.
Urr
30
18
Yoseba Peñak bere azken nobela aurkeztuko du urriaren 30ean: Hariak. Aita aberatsaren nahiaren kontra, Zarautzera ezkonduko da Irene, eta hantxe biziko du 36ko gerraren aurreko giro nahasia. 50eko hamarkada bukaeran, oihartzun urrun bat da gerra Xexilirentzat. Han eta hemen entzundakoekin joango da osatzen gerrak kendu zionaren haria, eta senarrarekin eta ahizparekin ezagutuko du beste mundu baten aukera. Txiki fusilatzekotan direla panfletoak banatzea izango da Olatzen aurreneko ekintza politikoa. Handik gutxira hilko dute herrian guardia zibilen burua. Euskal Herriaren berrogeita hamar urteko intrahistoriari erreparatu dio Yoseba Peñak nobela honetan. Hiru belaunalditako emakumeen bidez, memoriaren transmisioan, justizian, kulpan arakatu du idazleak.
Urr
27
18
Lisipe bildumak laugarren liburua argitaratu berri du, Ezagutzaren matazak, Emagin elkarte feministak idatzia. Mugimendu feministak eta ekinbide komunitarioek azalarazi dutenez, ezagutza elkarreraginean eta elkarlanean sortzen da beti. Hala izanda ere, egitura akademiko eta hierarkikoak dira nagusi ezagutza kudeatzerakoan eta hedatzerakoan. Liburuxka honetan, gogoeta feminista kolektiboa gorpuztu dugu ezagutzaren inguruko korapilo zenbait askatzeko asmoz (prozedurak, ikergaiak, metodologiak, erakundeak…). Aldi berean, askatu gabeko korapiloak eta hari-muturrak ere ikusgarri egin nahi izan ditugu, askotariko ikerketa-jardunetan zer-nolako erronka feministak ditugun xehatu ahal izateko.
Urr
11
18
Naziengandik ihes egin zuen familia judutar baten abaroan Argentinan jaioa, Alejandra Pizarniken poesian aski presente da arroztasun sentipena, inon errotzeko zailtasuna, nonahi atzerritar sentitzearena. Sentimendu hori, baina, geografikoa bainoago existentziala izatera iristen dela esan liteke, ni-aren eta munduaren artean arrakala gaindiezina egongo balitz bezala. Hala, Pizarniken poesia, nitasun indartsu baten aldarrikapena da. Honakoa aukera bikaina dugu Pizarniken lana autoreari buruzko ideia topikoez —depresioa, histeria, arazo psikiatrikoak, suizidioa— erauzirik irakurtzekoa. Asier Sarasolak ekarri ditu euskarara haren poemak.
Urr
10
18
Greziako poeta moderno handienen artean kokatu ohi du kritikak Yannis Ritsos. Alderdi Komunistako kide, bere obra esetsia izan zen eta kartzelaldiak bizi izan zituen. Ritsosen obran, gorabehera makur horien eragina agerikoa da, hala esplizituki auzi politikoak agertzen direlako, nola, zentsura ekidin nahian, errepresio garai batzuetan beste bide poetiko kriptikoagoak hartu zituelako. Obra oparoa ondu zuen Ritsosek, entseatu zituen neurri eta forma poetikoei dagokienez nahiz baliatu zituen poesia-genero ezberdinei dagokienez: lirika, bakarrizketa dramatikoak, poema epikoak… Joannes Jauregik ekarri ditu grekotik euskarara haren poemak.
Urr
04
18
Gotzon Barandiaranek bere azken liburua aurkeztuko du urriaren 9an: Hitzen ahairea. Kantagintzaren inguruko gogoetak irakurriko dituzu liburuan: idazleek idatzitako letrekin sortutako kantuei, literaturak eta musikak eskuz esku sortutako piezei buruzkoak. Zein harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin? Zenbateko eragina du entzuten dugunak gure diskurtsoan? Zeintzuk dira gure erreferenteak? Zergatik irauten dute kantu batzuek gure gogoan betiko iltzaturik? Gure euskaltasunean zenbat zor diogu literaturaren eta musikaren lankidetzatik sortutako kantagintzari? Zergatik ez dugu kantatu emakumeek idatzitakorik? Inork kantatu ote dio bere hizkuntzari euskaldunok baino gehiago? Eta bihar, zeri kantatuko diogu? Galdera horiei erantzun guran harilkatutako gogoetek hasi eta buka zeharkatzen dute liburua. Osorik irakur dezakezue Susaren webgunean. Eta liburuaren soinu-banda ere entzungai (140 kantu / 227 grabazio).
Ira
25
18
Hil berri da Junes Casenave zuberotar idazle ugaria. Narrazioak eta saiakerak ez ezik, poemak ere ez gutxi idatzi zituen; haietako bat, Amoros gaixoa, Oskorrik 1984an musikatua. Hiztegigintza, gramatika, sendabelarrak, erlijioa… askotarikoak izan dira Casenavek ereindako alorrak. Baina, oroz gaindi, pastoral idazle bezala izanen da oroitua: hogeitik gora idatzi, eta haietatik hamabi bat jokatuak izan ziren. Obra zabal horren lagin gisa, bost liburu eskaintzen dizkizugu osorik: Basabürüko ipuinak narrazio liburua, Aroa saiakera, eta hiru pastoral: Santa Kruz (1992), Santa Engrazi (2006) eta Eñaut Elizagarai (2007).
Ira
08
18
Berlingo Plötzensee espetxean urkatu zuten 1943ko irailaren 8an, duela 75 urte, Julius Fucik kazetari, idazle eta militantea. Txekoslovakiako Alderdi Komunistako kide sorreratik, kazetari lanak uztartu zizkion militantzia lanari. Eta naziek Praga okupatuz geroztik, erresistentzia lanari. 1942ko apirilean atxilotu zuten, luzaz torturatu Pragako Prankrac kartzelan, eta 1943ko udan Berlinen epaitu eta heriotzara zigortu zuten. Atxiloaldiko 13 hilabeteetan Urkamendira bideko erreportaia izenburuko diarioa idatzi zuen, atxiloaldi eta torturen kronika gordin eta latza, haren alargunak eskuratu eta 1947an argitaratua. Elena Ituartek euskaratua, Txalaparta argitaletxeak kaleratu zuen 1988an, orain osorik eskaintzen dizueguna.
Abu
10
18
Duela 30 urteko Felipe Arrese Beitia saria eskuratu zuen Arantza Aldalurrek Hainbat gau izarrik gabe…! poemarioarekin. Hurrengo urtean Euskaltzaindiak eta BBK-k argitaratua, tristura tonua nagusitzen diren poemak dira, zu hartzaile bat dutenak maiz xede, baina negar eta samin artean, zu horrenganako loturan aurrera egiteko oinarria aurki liteke. Bigarren poema liburua zuen Aldalurrek, argitalpena izan zenetik titulua zuzenduta, orain osorik eskaintzen dizueguna.