Ots
17
05
1998an kaleratu zuen Iñigo Aranbarrik Harrien lauhazka poema liburua, osorik 155. Literatur Emailuan eskaini genizuena. Poema liburu eder horretara gatoz berriro ere, irakurtzera ez ezik entzutera. Liburuko dozena bat poema grabatu ditu Aranbarrik, eta hemen eskaintzen dizkizugu poetaren ahotsean entzun ahal ditzazun.
Urr
14
04
Gaurkoa bezalako egun batean (baina 1933an) jaio zen Gabriel Aresti. Idazlea gogoan, Euskeraren izen poetikoak hitzalditik 8 poema-audio ekarri ditugu, Hernanin 1967an Jesus Mari Olanok grabatuak: Besteak beste: “Bilbaoko kaleak”, “Euskal Harria”, “Marea-gora bizia”, “Aurresku eta acesku”. Gabriel Arestiren 4 poema-audio eman genituen duela bi urte: “Egia bat esateagatik”, “Nire aitaren etxea”, “Gizonaren ahoa” eta “Azken euskaldunaren heriotzea”. Beraz, hamabi poema dira orain entzungai.
Eka
03
04
1991n plazaratu zuen Juanjo Olasagarrek Gaupasak poema-liburua, Susa argitaletxearekin. Jarraitu zaio poesiaren bideari eta haren ostean etorri ziren Bizi puskak eta Puskak biziz, non Olasagarrek lurralde poetiko oso bat definitu duen. Ez da poesia izan, ordea, landu duen genero bakarra: antzerkia argitaratua du (Hegazti errariak), kronikarik ere bai (Mandelaren Afrika), eta aurten eleberri bat kaleratu du: Ezinezko maletak. Osorik eskaintzen dizugu bere lehen liburua, Gaupasak. Liburuko poema batzuk Susa argitaletxearen webgunean entzun ere egin ditzakezu, autoreak errezitatuak.
Abe
11
03
100. Literatur Emailua duzu aste honetakoa, eta berezia izan dadin saiatu gara. Entzutekoa den Emailua da hau, disko baten moldekoa. Sei poetaren errezitala duzu ia ordu beteko grabazioan, 48 poema denera. Pako Aristik, Jon Benitok, Igor Estankonak, Juan Ramon Madariagak, Miren Agur Meabek eta Kirmen Uribek zortzina poema irakurri dituzte zuretzat, Zarautzen azaroan Jexuxmai Lopetegi musikariak jasoak. Poema bakoitza bi formatutan daukazu, aukeran: Real Player eta MP3.
Badakizu, bestalde, entzuteko poema multzo handia duzula lehendik Susaren webguneko audioa atalean: Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Jose Luis Otamendi, Xabier Montoia, Edorta Jimenez, Iñigo Aranbarri, Itxaro Borda, Andolin Eguzkitza, Rafa Egiguren, Gabriel Korta, Jon Arano, Joakin Balentzia, Juanjo Olasagarre, Andoni Tolosa, Xabier Aldai eta Harkaitz Cano.
Urr
16
03
1933ko urriaren 14an jaio zen, Bilboko Berroeta-Aldamar kalean, Gabriel Aresti idazlea. Euskal literaturari astinaldia eman eta gure letren ikur bilakatutakoa, 30 urte zituela jaso zuen, 1963an, Orixe Saria bere lanik izendunena bihurtua den Harri eta Herri liburuak, eta 1964an argitaratu Itxaropenan. Poeta bilbotarraren lanak irakur ditzakezu Susa argitaletxearen web orrialdean, eta bere ahotsean entzun bere lau poema.
Uzt
03
03
Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari poema liburua duzu aste honetan osorik eskaintzen dizuguna, Susak 1995ean argitaratua. Gainera, liburuko zazpi poema Otamendik berak errezitaturik entzun ditzakezu, eta nahi izanez gero beste hamalau ere bai “Zainetan murrailak” eta “Poza eta gero” liburuetakoak. Datorren astean: Unai Iturriagaren Berandu da gelditzeko nobela.
maiatza
08
03
Aste honetako liburua Harkaitz Canoren lehendabizikoa duzu: Kea behelainopean bezala, 1994ko apirilean argitaratua. Liburuko bost poema entzun ere egin ditzakezu, idazleak berak irakurririk. Datorren asteko liburua: Jon Alonsoren Katebegi galdua nobela.
Ots
20
03
Bitoriano Gandiaga hil zela bi urte beteko dira otsailaren 21ean. Poetaren ahotsa grabatu zuen Erein argitaletxeak 1997an, “Ahotsik behartu gabe” liburuarekin batera disko bat plazaratu. Disko hartatik ekarri ditugu hamar poema, Gandiagak berak irakurriak: Elorri, Hiru gizon bakarka, Uda batez Madrilen, Denbora galdu alde eta Ahotsik behartu gabe liburuetatik bina.
Uzt
04
02
Joseba Sarrionandiak 1985eko uztailaren 7an ihes egin zuen Martuteneko kartzelatik, igande honetan hamazazpi urte. Idazleak berak errezitaturiko poemak eskaintzen dizkizugu aste honetan, Hau da ene ondasun guzia disko-liburuan 1999an argitaratutako hamaseietatik sei, Esan Ozenki eta Txalaparta argitaletxeei esker. Liburu horretako zenbait poema gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez ere badaude Interneten. Sarrionandiaren poema gehiago sarean: Gartzelako poemak (Susa, 1992); poema gehiago ere irakur ditzakezu Interneten. Esklabu erremintaria poema 25 hizkuntzatara itzulia dago jada.Fernando Pessoaren Marinela antzerki lana euskaratu zuen eta osorik da Teatroa.com gunean.
maiatza
30
02
Gabriel Aresti 1975eko ekainaren 5ean (igandez) hil zen Bilbon. Gabriel Arestiren heriotzaren 27. urteurrenaren karietara, poetak berak errezitatutako lau poema eskaintzen dizkizugu: Egia bat esateagatik eta Nire aitaren etxea (“Harri eta herri” liburuan argitaratu zituenak 1964an) eta Gizonaren ahoa eta Azken euskaldunaren heriotzea (“Euskal Harria” liburuan 1967an argitaratu nahi izandakoak, baina zentsuratu egin zizkiotelako beranduago inprimatuak). Gabriel Arestik errezitatutako lau poema hauek bere bi hitzalditatik jasoak dira. Lehen bi poemak 1964ko irailaren 19an Donostiako Udal Liburutegian izandako “Lengo eta oraingo euskal poesia erritarra” hitzaldian Patxi Mujikak grabatuak. Eta ondoko biak 1967an Hernaniko udaletxeko biltzar aretoan izandako “Euskeraren izen poetikoak” hitzaldian Jesus Mari Olanok grabatuak. Susa literatura argitaletxeak Gabriel Arestiren obra osoa argitaratu zuen 1986an hamar liburuko bilduman.