Lauaxetaren poemak
Duela 100 urte, 1905eko abuztuaren 3an jaio zen Estepan Urkiaga Lauaxeta Laukizen. Senez prosista, bokazioz baino konbikzioz poeta, hizkuntzaganako maitasunak eraginik idatzi zituen bere poemak. Honela aitortu zuen: “eztot gixonakaitik egin, Aberrijagaitik baño”edo “soluan atxurretan Aberrija goralduko nebala uste baneu, laster itxiko neuke lan au”. Poesia europarrari begira, formetan eta gaietan euskal poesia bide berrietan abiarazten saiatu zen, baina betiere idazkeraz eta ideologiaz bere alderdiari loturik: “Olerkarija barik Jeltzale benetakua nazala entzutiak atseginduko nau”. Bide barrijak (1931), Arrats beran (1935) liburuak bezalaxe, hemen irakurriko dituzu poema solteak (1925-1937) eta poema itzuliak (1927-1931), adibidez: Tennyson, Hugo, Jammes, Baudelaire, Verlaine.