Urtarrilaren 14tik 20 berriz ere (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea Baztanen.
Liburu aurkezpenak, solasaldiak, zinema, susmagarrien gaua eta testuen irakurketa izango dira besteak beste aste osoan zehar.
Irun hiria Literatur saria irabazi zuen 1994an Joakin Balentziak, Olerki sailean, Amaigabeko zikloa poemarioarekin. Sei urte lehenago Espaloian dago munduaren xilkoalanean erakutsi zuen bidea jorratzen jarraitu zuen, ni-tik epikara hurbiltzen diren deien ildotik. Urte amaiera/hasiera honetan osorik dakargu, liburuari izena ematen dion poeman dioenez, “(…) agian zu, ni eta gu / berriro sortuko gara / amaigabeko zikloa errepikatzeko moduan…”.
Duela 50 urte, 1968ko abenduaren 20an, zendu zen John Steinbeck. XX. mendeko AEBetako idazle handietarik bat, gizarte estatubatuarraren erretratugile zorrotza izan zen, langile eta nekazarien munduarena, bi kostaldeen artean dagoen eremu zabaleko biztanleena. Horren adibide duzu Krisantemoakipuina (The Chrysanthemums, 1937), Steinbecken narrazio bikain bat. Mikel Elorzak euskaratua eskaintzen dizuegu.
Kutxak antolatzen zuen Irun Olerki Saria bereganatu zuen 1984an Joannes d’Iraolaren poema bilduma obrak, Patziku Perurena leitzarraren lanak. Haurtzaroa, Gaztaroa eta Heriotza atalek batasun bat iradokitzen badute ere, eta nolabaiteko batasunik bada, poemak independenteak dira, eta haien bitartez Perurenak hainbat irudi eta gai jorratu zituen bere lehen poemarioa izan zen honetan, gerora landu duen ibilbidean bere unibertso literarioa osatu dutenak. Osorik eskaintzen dizuegu.
XX. Mendeko Poesia Kaierak plazaratu zituen Susa argitaletxeak 2000 eta 2002 urteen bitartean. Koldo Izagirrek apailatuak, joan den mendeko euskal poesiaren bilduma aparta osatzen dute. Epub formatura ekarri ditugu kaierok eta Susa argitaletxearen webguneko dendan eskura daitezke orain. Lau emanalditan aurkeztuak, aurkezpen gisa Izagirrek emandako hitzaldiak XX. mendeko euskal poesiagintza ezagutu eta ulertzeko konpendio paregabea dira; horiek ere argitaletxearen webgunean irakur ditzakezu.
Beste alor batzuk landu bazituen ere (musikaria, Puto Amoak Matematiketan taldeko kide), hitzen apasionatua zen Markos Gimeno Vesga, joan den abenduaren 7an hil zena. Hitzen ertz, aurki eta ifrentzuen esploratzailea, Twitterren #hitzokei hitz-jokoaren asmatzailea, palindromoa izan zen haren pasioetako bat. Webguneko lanaz gain, 131 (aza) lana eman zuen argitara, 131 palindromoz eta hauen inguruko glosa eta komentarioez osatua. Obra ausarta, brillantea tarteka, segidan eskaintzen dizkizuegu Markos Gimenok sortutako 131 palindromo. (gehiago…)
Mikel Laboak hiru ildotan sakondu zuen bere sormen lana: Herri kantagintzaren berreskurapen eta hedatzean, esperimentazioan (lekeitioak) eta idazleen testuen ahairetzean. Bere heriotzaren 10. urteurren honetan, musikatzeko aukeratu zituen testu batzuekin osatutako LP bat proposatzen dizuegu, jakinik Laboaren kantagintzak euskaldunon belaunaldi askoren imaginarioan duen eraginak mugatuegi ere bihur dezakeela, nork bere LPa duela.
Emari eta sakonera handiko ibaia harri batetik bestera jauzika zeharkatzeko ahaleginean irudikatu dugu Laboa. Gabriel Aresti musikatu zuen lehenik, artea artearen aldeko aldarri ozenarekin eta klase kontzientziatik euskal poesia modernitatera ekarri zuen hura, Ez Dok Amairun bidelagun izango zituen Artze eta Lete, Arestik itzulitako Brecht, Aresti aitapontekotzat izan zuen Atxaga, Atxagaren bandakide izan zen Sarrionandia. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza, gure hitzak esan, ez daitezela gal, ez daitezela ahaztu. Nekez uzte du bere sorterria, sustraiak han dituenak. Oroitzen zaitugunean…
OHARRA: Datak kantak argitaratu ziren urteei dagozkie, ez testuak sortu zirenekoei.
Bi itzulpen-lan eman zituen argitara Idatz&Mintz aldizkariaren 64. zenbakiak, biak ere itzulpen lanetan ohiko kolaboratzaile duen Xabier Bovedak eginak. Jorge Luis Borgesen poemak, alde batetik, idazle argentinarraren obra poetikoaren ale batzuk euskaratuz; eta, horrekin batera, Marcel Schwoben Umeen gurutzada lana. Biak eskaintzen dizkizuegu.
Harkaitz Cano Fakirraren ahotsa nobela berriarekin dator, Twist argitaratu eta zazpi urtera. Osorik eskaintzen dizugu sarean, azaroaren 26an jendaurrean aurkeztu aurretik. Gainera, liburuari buruzko elkarrizketa egingo dio Leire Palaciosek egileari Literaktumen. Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra…, mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan luzatzen den nobela hau, sortzailearen hauskortasuna, musikaren ahalmen katartikoa, bizitza bohemioa eta denboraren igaro lasterra bezalako gaiei buruzko hausnarketaz betea eta errealitateari maileguan hartutako pasarte eta pertsonaiez josia.
Aurtengo udaberrian argitaratu zen Keinu konplizeak, Karlos Cid Abasoloren poema liburua. Oraingoan, poema haietako bost, audioz grabatuta entzun ditzakezu. Bestetik, Xabier Goik egindako itzulpenean, ingelesez ere irakur ditzakezu beste sei.
Nola bizi atzoko guztiak hainbesteko pisua badu. Horra Iñigo Aranbarrik hamar ipuinotan dakarren galdera. Ezinarekin borrokan, adiskidantzaren ertzen eta sentimendu primarioen artean dabiltza ipuin liburuko pertsonaiak erantzunaren bila. Kontu kitatze bat desagertzen ari den mundu batekin, hura ederretsi gabe. “Ez dun nostalgia, garai hura ez zunan hobea”, dio pertsonaietako batek. Lehengo mundu hori oraingoarekin gainjarrita ageri da ipuinotan, giza flysch basa batean bezala. Atzorik gabe ulertzerik ez dagoen oraina, hamar kontakizun fikziozkotan. Munduko tokirik ederrena ipuin liburua osorik irakurgai duzue sarean.
Literatura beste hainbat diziplinekin elkarrizketan eta gaur egungo eztabaidei lotuta antolatu dute Literaktum jaialdia aurten ere Donostian azaroaren 13tik 24ra bitarte. Idazleekin hitzaldiak, solasaldiak eta irakurraldiak prestatu dituzte aurtengo egitarauan. Euskarazko saioak ekarri ditugu Emailuetara:Katixa AgirreAmek ez dute nobelari buruz arituko da Eider Rodriguezekin azaroaren 14an (asteazkena) 19:00etan Donostiako Elkar aretoan; Euskal idazleen ahotsak baliatuta Afoniak izeneko irratsaio berezia atondu eta aurkeztuko dute Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbek azaroaren 16an (ostirala) 19:00etan Donostiako Victoria Eugenia aretoko klubean; Kulturari buruz arituko dira solasean Danele Sarriugarte eta Antonio Casado da Rochaazaroaren 17an (larunbata) 12:00etan Donostiako Kaxilda liburudendan; Esti Martinez Diaz de Cerio eta Peru Iparragirrek Literaturaren bide berriak hartuko dituzte hizpide azaroaren 19an (astelehena) 19:00etan Donostiako liburutegi nagusiko aretoan; Harkaitz Cano eta Leire PalaciosFakirraren ahotsa nobela berriari buruz solasean arituko dira azaroaren 22an (osteguna) 19:30ean Donostiako Lugaritz Kultur etxean; Bernardo Atxaga eta Jose Kruz Gurrutxagak Martuteneko kartzelan irakurraldi dramatizatua egingo dute azaroaren 24an (larunbata) 20:00etan Donostiako Loiolako kultur etxean.
Azaroarenzortzian 65 bost urte beteko dira Ivan Bunin (1870-1953) hil zela, XX. mendeak eman zituen errusiar idazle handietako bat eta hizkuntza horretako lehen Nobel saria, 1933an. Gainbehera egindako lurjabe familia batean sortua, eskolak baino naturak eta nekazariek erakarri zuten areago. Tolstoi eta Turgenev irakurriz aurkitu zuen bere bokazioa, eta gazterik hasi zen poemak argitaratzen, hizkuntzak ikastearekin batera: Byron eta Longfellow itzuli zituen. Hiru aldiz jaso zuen Pushkin Saria. Baserri bat nobelak (1910) ospea eta itzala eman zizkion. Frantziara exiliatu zen Iraultza Sobietikoaren ondorioz, eta atzerrian Errusia eternoa eduki zuen gogoan beti, nostalgiaz beteriko maitasun ipuinetan. Horietako bat eskaintzen dizuegu, Udazken hotza (1944).
Sarean eskaintzen dizuegu osorik Idurre Eskisabel Larrañagaren aurreneko poema liburua, Goseak janak. Inozentziaren galerak eta nortasunaren eraikitzeak ardazten dute liburua. Nor izateak dakartzan funtsezko galderak, ekinak, jarrerak, begiratzeko erak, errotze berriak eta deserrotze eta gabetze minberak. Zenbat dagoen haututik eta zenbat ezarritakotik, amore ematetik, norbere ekinetik, konformatzetik. Eta nola jazotzen zaigun hori dena mundu honetan, nola baldintzatu eta eraldatzen gaituen besteekin dugun harremanak, nola mamitzen den gure gorputz partikularrean. Jabetze edo ahalduntze esperientzia gisa ageri da bizitza poema organiko hauetan.