Urt
29
26
1899ko urtarrilaren 29an jaio zen Rianxon (Galizia) Rafael Dieste idazlea. Gaztetandik Galiziako kultur mugimenduari lotua, Galiziako Berpizkundean parte hartu zuen, besteak beste herrikidea zuen Manoel Antonio poetarekin. Kazetari jardun zuen hainbat agerkaritan, 1939an Ameriketaranzko erbesteko bidea hartu behar izan zuen arte. Buenos Airesen editore jardun zuen eta 1961ean Galiziara itzuli zen. Galegoz zein espainolez idatzi zuen, narratiba eta saiakera eta Dos arquivos do trasno, bere lehen narrazio liburua, da bere obrarik esanguratsuena. Narrazio liburu indartsua, bultzada eman zion Galiziako literaturari erruralismo tradizionalarekin hautsi eta modernotze bidean. Liburua horixe euskaraz irakur daiteke, Intxixuen artxibotik, Koldo Izagirrek euskaratua, Elkarrek kaleratua 1993an.
Urt
23
26
Ideien poeta gisa definitzen dute Wallace Stevens (1879-1955), AEBetako XX. mende hasierako abangoardismoan lerratu zen idazlea. Hizkuntza oso aberatseko poeta, imajinazioa eta errealitatearen artean mugitu zen bere lanetan, eta XX. mendeko idazle ingeles askorentzat izan da erreferentea. 13 poema goza ditzakegu orain euskaraz, haren lanaren lagintxo eder bat, Iñigo Astizen itzulpenari esker.
Urt
15
26
Hamabigarrenez, Baztanen nobela beltza eta enparuekin gozatzeko tenorea heldu zaigu. 2026ko ilbeltzaren 19an hasi eta 25ean akituko da aurtengoa, eta zer entzun, ikusi eta dastatu izanen da aurten ere.

(gehiago…)
Urt
12
26
Maite Aizpuruak sortutako Infinitudrama konpainiaren hiru testurekin osatua da Herrenaren promesak liburua, Ganbila bildumako azkena: Erresistentzia arazo fisikoa da, Promesa berdina egin diegu lagun guztiei eta Promesarik txikiena. Bakarka egindako lehen pieza hark (2020) aski lilura sortu zuen antzerkizaleen artean, taularatzean agertzen zuen indarragatik, eta euskal gaitegira ekartzen zituen ardatz berriengatik. Infinitudramaren azken bi obretan —gaur egun oholtza gainean ikus daitezkeenak— adiskidetasuna da ardatza, baina obra hauen erraietan kontatzen dena askoz zabalagoa da: jendarte gisa gure artean harremantzeko bideak, XXI. mendeko munduan bazterrekotzat jo izan diren bizimoldeak erdigunera ekartzeko jarrera, eta estutzen gaituzten normak ezbaian jartzeko umorearen erabilpen propio bat.

Urt
12
26
Ganbila bildumako 30. aleak Kamikaz Kolektiboaren bi obra bildu ditu, Fikziraultzaileak izenburupean: Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi (2021) eta Renata (2025). Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias dira Kamikaz Kolektiboko zutabe nagusiak. Renatan, Xanti Agirrezabala ere batu zaie proiektuan. Umore ezerosoko obrak dira biak. Lehenean, minetik abiatzen dira zirtoa egiteko, normaltasunak ezkutuan dakarren min historikoa plazaratuz, ironia eta autoironia sekula abandonatu gabe. Renatak, berriz, heriotza du gai, komikiaren estetikara garamatzan izaera distopikoa hartuz; heriotzaren gaia hartu eta urrunago, sakonago, zorrotzago eramango dute egileek, distopietan ohi den bezala, bueltan egungo jendartearen erretratu deformatua emanez.

Urt
07
26
Politikaria, idazlea, marrazkigilea, Galiziako literaturaren maisu handia da Alfonso Rodriguez Castelao, erreferentzia nagusia galegismoan murgil egin nahi duen edonorentzat.
Gabriel Arestik euskaratu eta eman zuen argitara lehenengoz, 1974an, testu laburrez lagundutako haren marrazki bilduma bat den Nos / Gu. Antonio Maria Labaienek Antzerti-n teatro lan bat eskaini zigun, Agureok maitemindu bear. Baina itzulpen-egitasmo osoena Susa argitaletxeak egin zuen, lau liburu plazaratuz 1986an: Zirtzilak: Kristalezko begia (Koldo Izagirrek ekarria); Gauzak (Ramon Etxezarreta); Betiko biak (Ramon Etxezarreta) eta Beti Galizan (Bego Montorio). Urtarrilaren 7 batez hil zen Castelao ezagutzeko lagin ezin aproposagoa.
Urt
07
26
Duela 40 urte, 1986ko urtarrilaren 7an hil zen Juan Rulfo. Ameriketako idazle handietarik bat, “errealismo magikoa” deitutakoaren aitzindaria, eta argazkilari aparta, Pedro Páramo, bere lehen eleberria, literatura unibertsaleko maisu-lana da, eta euskarari ekarri zion Juan Garziak 2002an. Urte batzuk lehenago, 1986an, Lautada sutan ipuin-bilduma euskaratua zuen Koldo Etxabek, Baroja argitaletxean. Duela urte batzuk idazle mexikarraren bigarren eleberria ere, Urrezko oilarra, euskaratu zuen P. Onaindiak. Aipaturiko lehen biak osorik irakur ditzakezu.

Urt
03
26
Ez ditugu askotan ekarri Venezuelako idazleen lanak euskarara. Armiarman Gustavo Pereira poetaren lana aurkeztu zigun Jose Luis Otamendik, haren hamabi poema euskaratuta. Ostera, euskal autoreen lanekin, erbesteko lanekin izan dugu aipagai XIX. mendetik aurrera eta bereziki 36ko gerraz geroztik euskal erbesteratuei, hala politikoei nola ekonomikoei, harrera egin izan dien herri hegoamerikarra. Martin Ugaldek Hiltzaileak narrazio-lan bikaina lehenik Caracasen 1961ean argitaratu zuela gogoratzeaz gain, Joakin Arregi Txe bertsolariaren lanak ere irakurri ahal izan genituen, Karibetik Kantaurira liburuan jasoak datozenak, eta Euskal Herriaren eta Venezuelaren artean bizi izandako zizurkildarraren bertsoak biltzen dituena. Venezuelako iraultza bolibarianoa izena du azken sortak, AEBeko Armadak gaur bonbaz isilarazi nahi izan duenaren abiatzeaz dihardu.
Urt
01
26
1849koa da poema, baina joan berri den urtekoa dirudi: Europa berriz ere isilik dago. Hau Sandor Petofirena da, Hungariako poeta nazionalarena, Urteberri egunez jaioa 1823an. Abertzale ekina, 26 urte zituela hil zen, soldadu, bere herriaren aldeko borrokan. Joseba Sarrionandiak euskaratu zituen haren hiru poema. Hiru dira, halaber, Iñigo Aranbarrik itzulitako Adonis poeta siriarraren poemak. Urtats egunez jaioa hau ere, 1930ean, poesia arabiar modernoaren aitzindarietakotzat jotzen da. Poesiaz estrenatu dezagun urtea Armiarman.
Abe
25
25
1943ko Eguberri egunez jaio zen Vassilis Alexakis idazlea, Atenasen. Unibertsitate ikasketak egitera Frantziara jo zuen eta han egin bere bizitzaren zati handi bat. Eleberri eta ipuin askoren egilea, ironia samur batez janzten zituena bere lanak; eta hala frantsesez nola grezieraz idazten zuen. Bere ipuin ezagunetako bat ekarri zuen euskarara Beñat Oihartzabalek, eta Maiatz aldizkarian argitara eman. Hemen duzue Aita.
Abe
14
25
1935eko abenduaren 14an jaio zen Paul Eluard poeta, Saint-Denisen. XX. mendeko poesiagintzan izen ezinbestekoa, surrealismoaren idazlerik idazleena, jardun politiko antifaxistan engaiatua, askatasuna idazten zuen poeta. Gernikaren garaipena poema, Mikel Antzak euskaratua, dugu engaiamendu antifaxista horren adibide guretzat hurbila. Horrekin batera, Imanol Goienagak Ttu-Ttuá aldizkarian emandako zenbait poema, Koldo Izagirrek itzulitako hamar poema eta Ekaitz Sirventek ekarritako zortzi ere irakur daitezke euskaraz. Ahots eskertzekoa Eluardena, bizi ditugun arootan.

Paul Eluard. Argazkia: Man Ray
Abe
13
25
Duela 25 urte, 2000ko abenduaren 13an, Gabriel Arestiren Harri eta herri poema liburuaren aurkezpena egin zen Bilboko Kalderapekon.
Koldo Izagirrek egindako hitzaldiaren ondotik, Natxo de Felipe eta Joseba Tapia musikariek kontzertu labur eta hunkigarria eskaini zuten.

(gehiago…)
Abe
11
25
Honela definitu zuen bere burua Grace Paley (1922-2007) ipuingile eta poeta estatubatuarrak: bakezale borrokalaria eta anarkista kooperatiboa. Vietnamgo gerraren kontrako protestetan maiz atxilotu zuten, eta 1978an kartzelatu egin zuten Etxe Zuriaren aurrean arma nuklearren aurkako pankarta bat zabaltzeagatik. Jasone Larrinagak euskaratu zuen Agur eta zorte on, New Yorken antzoki batean txartel-saltzaile lanean ari izandako Rosie Lieber-en istorioa dakarren ipuina. Irakurgai dakarkigu idazlearen jaiotegunean.
Abe
04
25
Durangoko Azokan, Barrenkaleko ertzean topatuko duzue aurten ere Susa literatura argitaletxea. Abenduaren 5ean (barikua) hasi eta abenduaren 8ra (astelehena) bitarte; aurtengo nobedadeak, azken urteetako liburuak, idazleak eta lagunak bertan izango gara, irakurleekin tarte bat hartu, eta literaturaz gozatzen ahalegintzen.
Aurtengo nobedadeak
Amorante frantsesa aurkeztu zuen Miren Agur Meabek udaberrian, eta Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen, Hedoi Etxarteren lehen nobela den Izen baten promesa eta Harkaitz Canoren Silueta aurkeztu berri ditugu narratiba sailean.

Hezur berriak poema liburuarekin ezagutu dugu Ane Labaka poeta, eta Ane Zubeldiak Kontra poemarioarekin, biak udaberriak argitaratuak.
Mikel Ibarguren eta Hasier Larretxeak poema liburu bana aurkeztu dute udazkenean, Haize begitik eta Guztia urruntzea da hurrenez hurren. Eta sail honetako 100. liburuarekin, Susako poema liburuek diseinu berria daukate orain.

(gehiago…)
Abe
04
25
Palestinako herriaren sufrimendua, erresistentzia eta borroka kontatzeko modu asko daude, eta poesiarena da horietako bat. Israel Gazan burutzen ari den genozidioa salatuko dugu Durangoko liburu Azokan, eta asmo horren baitan Susa argitaletxeak liburuxka bat plazaratu du, 16 poema Palestinako, 16 poeta palestinarren poema banarekin, Durangoko liburu Azokan gure irakurleen artean banatuko duguna.
