Aza 11 22

Emakume nekazariak eta parte hartzeaz, Leire Milikua

Argia. Fokua. Ikusgarritasuna. Aitortza. Bai, horiek guztiak behar dira existitzeko, ikusiak izateko, eta, hala, eragin ahal izateko. Alabaina, hori da patriarkatuaren ezaugarrietako bat, emakumeen gaineko itzala. Eta hori da zeharkatzen gaituen sistema. Leire Milikua Larramendiren Lur gainean, itzal azpian liburuan emakume nekazarien parte hartzearen egoera gerturatzea da asmoa: batetik, erakusteko emakumeek sistema patriarkaleko edozein arlo eta eremutan dituzten egiturazko ezaugarriak partekatzen dituztela; eta, bestetik, ikusarazteko nola landatar eta nekazari izaerak zapalkuntza-geruza gehigarriak dakarzkien testuinguru urbanozentrista eta kapitalistan. Irakurgai duzue Leire Milikua Larramendik emakume nekazariez eta parte hartzeaz Lisipe bilduman idatzitako saiakera.

Lur gainean, itzal azpian - L Milikua - azala(1)

Aza 09 22

Peri Rossiren 15 poema

Uruguaiko eta Espainiako diktadurei ihes egin behar izan die Cristina Peri Rossi poetak, egun Bartzelonan bizi denak, eta bere ahotsean esperientzia unibertsalak topatuko ditugu. Maria Osesek euskarara ekarri dizkigu, poetaren urtemugaren karietara, haren 15 poema, hementxe eskaintzen dizkizuegunak.

peri

Aza 04 22

Andima Ibinagabeitiaren idazlanak

Duela 55 urte, 1967ko azaroaren 2an hil zen Caracasen Andima Ibinagabeitia. Euskal kultur eta literaturaren langile handia, Euzko Gogoa aldizkariarekin egindako lana azpimarratzekoa da. Beste hainbat alorretan lanean jardundakoa, idatzi ere idazten zuen, eta Pako Sudupek osatu zuen, Elkar etxeak plazaratua, Andimaren idazlan hautatuak  obra. Ibinagabeitiak idatzitako artikuluen antologia bikain batetaz gain, hark idatzitako artikulu guztien erreferentzia dakar. 2000. urtean, berriz, Erbestetik barne-minez kaleratu zuen Susa argitaletxeak, Ibinagabeitiaren gutunak jasotzen dituen liburua. Biak dituzue irakurgai.
andima

Aza 03 22

Leopoldo Zugaza gogoan

Editore eta kultur eragile inportantea izan da Leopoldo Zugaza durangarra. Atzo zendu zen. Euskal letren munduan aspaldi murgildua, 1975etik aurrera euskarazko liburuak eta euskal gaien ingurukoak kaleratzen hasi zen, Leopoldo Zugaza argitaldaria izenpean.
1975etik 1979ra bitartean ia 40 liburu argitaratu zituen, horietatik lehenetakoa Mikel Zarateren Ipui antzeko alegi mingotsak. 1977an Irrisko sorta poema liburuen bilduma abiarazi zuen Manu Erzillaren Hitzik ainitz idatzi dut poemarioarekin, eta gero beste zazpi etorri ziren, 1979ra arte.
Gerediaga elkartearen eta Durangoko liburu azokaren sortzaile eta bultzatzaile, oraindik Durangon zabalik dagoen Hitz liburudenda ere sortu zuen Zugazak.  Zarautzen Olerti etxea sortu zuen.

Urr 28 22

Erromantizismoaren haizeak

Erromantizismoaren ordezkari biren efemerideak ekarri dizkigu urriko azken asteko hego-haizeak. 250 urte bete dira urriaren 21ean Samuel Taylor Coleridge jaio zela; eta 150 urte hil zela Teophile Gautier, hilaren 23an. Bide desberdinak hautatu zituzten, nolanahi, hala bizitzan nola literaturan. Pentsamenduaren alorra landutakoa, poesian eman zituen bere onenak Coleridgek, Kubla Khan eta Joseba Sarrionandiak euskarara ekarritako Marinel zaharraren balada ospetsua (Pamiela, 1995). Bidaiaria, kazetaria, eleberriek, narrazioek eta kronikek osatzen dute Gautierren obra. Onofre, gizon amorrazia narrazioa euskaratu zuen Gerardo Markuletak (Infomart, 1999). Biak eskaintzen dizkizuegu osorik.

Urr 21 22

Anna Akhmatovaren poesia

Bere gizaldiko poeta errusiarretan gailenetako bat izan zen Anna Akhmatova. Zenbait adituk akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute; ordura arteko sinbolismoaren kontrakarrean, poesia lurtarragoa egin nahi zuten akmeistek, hitzaren artisautzat jota beren burua, eta Akhmatovak ere hizkera poetiko konkretua eta gardena hautatu zuen. Ohiko samarra den gisan, amodio-desamodioez eta intimotzat jo ohi diren beste gai batzuez idatziz urratu zuen bidea. Ordea, San Petersburgoko Tsarskoie Selo aristokrata-auzoan pasatutako gaztaro pindartsuaren eta hasierako arrakastaren ondoren, errotik aldatu zitzaion bizimodua Urriko Iraultzaren ostean, eta beste zidor batzuk hartu zituen halabeharrez haren poesiak ere. Hein handi batean, heriotza, pairamendua, memoria eta dolua gailendu zitzaizkion maitasunaren gai ardatzari. Edukiari ez ezik formari ere erreparatuta, Josu Landak egina da itzulpena Munduko Poesia Kaierak bildumako ale berri honetan, online hemen irakur dezakezuna.

Akhmatova MPK - azala

Urr 20 22

Federico Garcia Lorcaren kaiera

Lehen poema liburuetan herri tradiziotik edan zuen Federico Garcia Lorcak: sehaska kantek, koplek eta jolas kantek poesia biluzi, soildu eta estilizatu bat inspiratu zioten, eta erromantzeek gai tragikoak lantzeko bidea eman. Andaluzia, ijitoak, hango folklorea… gai unibertsalei buruz hitz egin zuen tokian tokiko osagai kultural oso bereizgarrien bitartez. 1929-30ean New Yorken lehenik eta Kuban gero eginiko egonaldiek arrasto eraldatzailea utzi zuten Lorcaren poesian. Muturreko metaforen pilaketek surrealismoranzko luizia sorraraziko dute: irudiaren eta adieraziaren arteko distantzia ikaragarri handituko da, eta ordura arte olibondoek, ilargiak eta sutegiek osatutako sinbolo finkoen paisaia krokodiloek, amiantoak eta intsektuen antena herdoilduek beteko dute orain. Horiek denak jasotzeko moduko antología bildu eta euskaratu du Juan Luis Zabalak, eta Munduko Poesia Kaierak bildumara ekarri izandako bizitzak, eta heriotzak, literaturaz gaindi bestelako dimentsioa eman zien poeta. Hona osorik kaiera.

Lorca MPK - azala

Urr 13 22

Tonino Guerraren 14 poema

Zinema munduan da ezaguna Tonino Guerra: XX. mendeko europar gidoigile miretsienetako bat izan zen. Antonioni, Vittorio de Sica, Francesco Rosi, Tarkovski, Angelopoulos eta Fellini zuzendariekin batera lan egin zuen, besteak beste. Baina literaturan ere eman zuen alerik, eleberriak, narrazioak eta poesia. Haren poemak itzuli dituen Xabier Bovedak dioen bezala, lurrari eta haurtzaroari lotutako poesia da Guerrarena, ahozkotasunetik oso hurbil kokatzen dena. Hemen dauzkazu, erakusgarri, Labayru aldizkarian argitara emandako 14 poema.

Urr 07 22

Hushang Ebtehaj Sayeh, poeta irandarra

Bi egun iraun zuten, abuztu amaieran, Sayeh poetaren hileta ekitaldiak Iranen, Teheran eta haren jaioterri Rachten. Milaka lagunek agurtu zuten belaunaldi konprometitu bateko partaide izan zen Hushang Ebtehaj Sayeh. 1928an jaioa, hala sha-ren erregimenaren pean nola errepublika islamdarrarenean —zeinak espetxeratu ere egin zuen tarte batez—, ezkerreko balioen eta herritarren aldamenean kokatu izan du bere ahots libre eta herrikoia. Interneten poemak errezitatzen entzun daitekeen ahotsa. Haren heriotzan, hiru poema dakartzagu euskarara.

hushangEbtehaj

Ira 29 22

Emile Zola hil zela 120 urte

Émile Zola 1902ko irailaren 28-29ko gauean hil zen, lo zegoelarik monoxido karbonikoz itota; askoren iritziz, idazlearen arerioek etxeko tximinia blokatu zuten pozoitu zedin. Urriaren 5ean ehortzi zuten Montmartre-ko hilerrian. Hiletan Anatole France idazleak esan zuen: “Giza kontzientziaren momentu bat izan zen Zola“. Idazlearen heriotzaren 100. urteurrenean, Iñigo Aranbarrik euskaraturik eskaini genuen Émile Zolak 1898an L’Aurore aldizkarian argitaratutako Salatzen dut…! (“J’Accuse…!”) gutuna, Dreyfus aferako epai-akatsen eta gehiegikeria politikoen kontra.

2017an Egan aldizkarian Juan Luis Zabalak euskaraturiko Katuen paradisua eta Michu handia jarri ditugu online efemeridearen karietara.
XIX. mendeko Frantziako gizarte eta literatur giroa ilustratzeko, Joseba Sarrionandiaren Idazlegoa eta iraultza artikulua duzu irakurketaren lagungarri (“Marginalia”, 1988, Elkar).

zolasalatzen

Ira 23 22

Landura eta Bar Gloria liburuei idazleek egindako aurkezpenak

Susa literatura argitaletxeak plazaratu dituen azken bi liburuak dira Landura eta Bar Gloria. Normalean, idazleek eta editoreak aurkezten dituzte liburuak hedabideen eta lagunen aurrean. Ekitaldi sozialak ere bilakatzen dira sarritan, eta atsegin dugu hori ere. Literatura partekatzeko baita. Une oro. Eta Jose Luis Otamendik Landura aurkezteko prestatutako idatzia; eta Bar Gloria nobelaren aurkezpenean Nerea Ibarzabal Salegik irakurritakoa sarean daude irakurgai.

Landura - JL Otamendi - azala Bar Gloria

Ira 16 22

Eduardo Blanco Amor-en Parranda

Narratiba galegoari berritasuna eman ziola Parranda (A esmorga, 1959) liburuak, hura modernosmoari begira jarriz, hala diote kritikariek. 1897ko irailaren 14an, duela 125 urte, jaio zen Eduardo Blanco Amor, idazle galego ezinbestekoa. Espainiako gerra bitartean poesía idatzitakoa, narratiba eta, batez ere, antzerkia landu zituen ondorenean. Bizitzaren garratza erakusten du Parranda eleberriak, testu heterodoxo eta ausart batean. Igela argitaletxeak 2015ean plazaratu zuen, Ramon Etxezarretaren itzulpenean. Hona liburuaren pasarteak, nobelan barneratzeko gonbit gisa.

Ira 08 22

Nerea Ibarzabalen Bar Gloria nobela

Nerea Ibarzabal Salegiren nobela berria da Bar Gloria.

Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan —gorputz gaixo baten itzala ilunpean—, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin.

Mundu bat kabitzen da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta denboraren ate ezberdinetatik sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan. Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso. Iragan hurbil baten hitzezko filmatze bat dakar Nerea Ibarzabal Salegiren estreinako nobelak. Asteartean aurkeztuko dugu Donostian, Mandasko Dukearen aretoan, goizeko 11etan, eta sarean irakur dezakezue Bar Gloria. 

Bar Gloria

Ira 02 22

Landura, Jose Luis Otamendiren poema liburu berria

Euria egiten bizi, euria egiten bizi. Landura izatearen lokatzetan arakatzen du Jose Luis Otamendiren poemategi berriak. Mundu zahar baten amiltzea haztatzen du poetak eta behin asmatutako etorkizun puskez eta bizi duen sasoiaz itaundu; noren alde ari den jendea lanean non, zerk egiten duen jendea herri, aspaldiko hitzetatik zeinek balio duen elkar ferekatzeko gaur. Gauza txikien uxarrean dabil —ahoan gerezi hezur bat—, samurtasunaren azal gordinez. Astelehenean -irailak 5- aurkeztuko dugu, Donostiako Pandora tabernan, goizeko 11etan, eta osorik irakur dezakezue gaurtik aurrera sarean.

Landura - JL Otamendi - azala

Abu 25 22

Armiarma.eus Eskozian

Edorta Jimenez idazlea Eskozian burutuko den Transcending borders jaialdira gonbidatu dute, eta datorren abuztuaren 27an (larunbata) euskal literatura eta armiarma.eus ataria izango ditu hizpide Eskoziako Peebles herrian emango duen hitzaldian. Jaialdian, ibilbide poetiko bat ere egingo du Edorta Jimenezek bertako idazle eta literaturzaleekin, eta Mixel Ducau eta Caroline Philips musikariek kantu emanaldia eskainiko dute. Hipotesi demokratikoa Thomas Lacoste zuzendariaren filma ikusteko parada ere izango dute Transcending borders jaialdian.

Agenda

Efemerideak

Kritikak