Ira 04 03

Abere madarikatuak

Narrazioen bidetik egin zuen jauzi, idazleen plazara, Antxon Gomezek, 1997an, Abere madarikatuak narrazio liburuaz. Idazleen plazara esan liteke edo, zergatik ez, idazleen zelaira edo basora edo errekara… Izan ere, liburuak dakartzan sei ipuinek natura dute kokaleku, eta denetan animalia bat da protagonista nagusi. Animaliak dira protagonista, bai, baina gizakiez hitz egiten dute ipuinok. Hurrengo astean: Galera errepikatuak, Juanra Madariagaren poemak.

Abu 28 03

Olerkiaren abartxoetan Senperen

Senpereko Hatsa elkartea eta Maiatz literatura aldizkariak poesia ekitaldi bat antolatu dute irailaren 6 (larunbata) eta 7rako (igandea) Senpereko Oxtikenea etxean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez ekitaldiaren helburu nagusia “olerkizaleek eta olerki idazleek, eurak maite dituzten euskarazko olerkiak publikoari aurkeztea eta publiko artean olerki trukeak egitea” izango da. Ekitaldi berezi horretan parte hartzeko ez da ordu finkorik izanen, baina izena emateko epea abuztuaren 31arte dago finkaturik.
Parte hartzeko igorri mezuak: hatsaelkartea@aol.com edo maiatz@caramail.com helbideetara.

Abu 28 03

Gartzelako egunkaria

Ho Chi Minh-en Gartzelako Egunkaria euskaratu zigun Iñaki Aramaiok eta 1985ean argitaratu zuen Susak. Buruzagi vietnamdarra 1942an preso hartu eta kartzelan idatzitako poemak dira gartzelako egunkari hau osatzen dutenak, 101 poema, Iñaki Aramaiok Txinan baizik Espainiako kartzela batean, Herrera de la Manchan, euskaratuak. Euskaratzaileak hitzaurrean dioenez, poesiaz gain testigantza ere aurkituko du irakurleak. Hurrengo astean: Antxon Gomezen narrazio-liburua, Abere madarikatuak.

Abu 28 03

Abbadiaren Koplari Guduak

Orain dela 150 urte, 1853ko abuztuaren 29an, jokatu zela lehen Lore Jokoa, Anton Abbadiak antolatutakoa, diote kronikek. Data hori hartu da estreinaldi ofizialtzat, baina ez dirudi hala denik, Patri Urkizuk prestatutako Anton Abbadiaren Koplarien Guduak (1851-1897) liburuan ikus eta irakur daitekeenez. Liburuan bildutako 400 poema-sortak irakur ditzakezu hemen, eta izen zerrenda oparoa kausituko duzu: Etxahun, Iparragirre, Dibarrart, Zaldubi, Duvoisin, Elissanburu, Hiribarren, Etxeto, Otaño, Arrese Beitia, Lopez Alen, Iraola…

Abu 21 03

Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri

Michele Angiolillo anarkistak Arrasateko Santa Ageda bainuetxean hil zuen, 1897ko abuztuaren 8an, Canovas del Castillo Espainiako gobernuko presidentea. Bergarako kartzelan preso atxikia, gerra kontseilua egin eta bertako patio zabalean hil zuten Angiolillo, garrotez, abuztuaren 20an. Hil aurretik, hitz bakarreko mezua aldarrikatu zuen: Germinal! Michele Angiolillo (Lilio) da Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobelako protagonista nagusietako bat; nobela 1998an argitaratu zen eta orain osorik emana daukazu hemen. Eta gainera, nobela hura idazten ari zelarik egindako baina argitaratu gabeko kapitulu berezi bat ere eskaini digu Izagirrek. Hurrengo asteko liburua: Ho Chi Minh-en Gartzelako egunkaria.

Abu 21 03

Mañariko Errose Bustintzaren ipuinak

Duela 50 urte, 1953ko abuztuaren 20an, hil zen Errose Bustintza Mañariko. Euzkadi aldizkariko kronikalaria, poesiak eta kantu-letrak ere idatzi zituen, baina bere ipuinek egin dute ezagun. Hainbat aldizkaritan argitara emanak, Jaime Kerexetak bildu zituen Jesus’en Biotzaren Deia eta Anaitasuna aldizkarietan Euskalerriko ipuiñak izenburupean. Liburu gisa 1990ean kaleratu zituen Gero argitaletxean, Kerexetak berak zuzenduriko edizioan, Ipuiñak izenburuaz eta Santi Onaindiaren hitzaurrearekin. Osorik irakur ditzakezu hemen.

Abu 14 03

Asteroko liburua: Mugarri estaliak

Castillo Suarezek 2000n eman zigun argitara bere lehen poema-liburua, Mugarri estaliak. Indar handiko poemak dakartzana, liburuak ahots propio adoretsua erakusten du. Osorik irakur dezakezu hemen. Hurrengo astean: Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri, Koldo Izagirrek 1998an kaleratutako nobela.

Abu 14 03

Txirritaren bertso jarriak

Gaurko egunez, abuztuaren 14an, jaio zen Juan Manuel Lujanbio “Txirrita” bertsolari handia. Bere bertso ezagunak dio: “nere aitamenak izango dira beste larogei urtian”. Bistan da larogei baino askoz ere urte gehiago iraun duela Txirritaren itzalak. Bizirik balego, 143 urte beteko zituen gaur. Udako freskagarri bezala eskaintzen dizkizugu haren bertso jarri guztiak.

Abu 07 03

Idauze Mendiko Ramuntxo pastorala

80 urtean pastoralik egin gabe egon ondoren, Idauze-Mendi herriak atondu eta ondu du aurtengo pastorala, Pierre Loti idazle frantziarrak 1897an idatzitako “Ramuntxo” nobelan oinarritutako izen bereko pastorala. Pier Pol Berzaitz musikari eta pastoralgileak idatzi du testua, batetik, Lotiren eleberrian ageri den euskaldunen arketipoak, eta, bestetik, istorio horren unibertsaltasunak erakarrita.
Berriak pastorala osorik eskaini du bere webgunean; eta testu osoa irakurri, afixa ikusi eta emankizunetako argazkiak ere kontsulta daitezke.

Abu 07 03

Anjel Lertxundi eta Iban Zalduaren hitzaldiak

Iragan uztailaren 17tik 19ra, Hasier Etxeberriaren zuzendaritzapean, “Idazketaren esperientzia: intuizioak eta irtenbideak (I)” izeneko jardunaldia izan zen EHUko Udako Ikastaroetan. Egun haietan entzun ahal izan ziren hitzaldietatik bi eskaintzen dizkizuegu oraingoan: Anjel Lertxundiren Ni poetikoa eta mentura eta Iban Zalduaren Euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko plan estrategikoa.

Abu 07 03

Astero liburu bat: Itzalaren ertzean

Idazle zaildua dugu Pablo Sastre, liburu mordoska bat argitaratua. Narrazioak, bere jenero ohikoenetako bat, jasotzen ditu Itzalaren ertzean liburuak, orain osorik eskaintzen dizugunak. 1996an argitaratu zuen, Susa argitaletxearekin. Hurrengo astean: Castillo Suarezen poesia-liburua, Mugarri estaliak.

Uzt 31 03

Asteroko liburua: Anemometroa

Anemometroa poesia-liburua izan zen Igor Estankonak ekarri zigun lehendabizikoa, 1998an. Artearrak arrakasta lortu zuen lehen poemario horrekin, eta 2002an kaleratu zuen bigarrena, Joseba Jaka beka irabazitakoa, Susa argitaletxeak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak argitaratutakoa: Tundra. Bere lehenengo liburua, osorik eskaintzen dizugu orain. Hurrengo astean: Pablo Sastreren narrazio-liburua, Itzalaren ertzean.

Uzt 24 03

Azpeitiko literatur uzta

Literatuzta, literaturako gehigarri berezia aurkeztu zuen Uztarria Azpeitiko aldizkariak, pasa den uztailaren 18an. Literatur gehigarriaren lehen zenbaki hau herriko 18 gazteren ipuinez, poemez, bidaia-kontaketez… osatua dator, eta dohainik banatuko zaie aldizkariaren bazkideei. Urtean bi zenbaki kaleratzeko asmoa azaldu dute. Agerkariaren aurkezpenean, idazleek euren testuak irakurri zituzten, irudiz eta musikaz lagunduta.

Uzt 24 03

Asteroko liburua: Itsu-mandoka

Ustela Sailaren 16. alea izan zen Itsu-mandoka, Jon Casenaveren narrazio-liburua. Bilduma berean Zutaz amoroski eta Kalean dilindan kaleratuak zituen (bigarrena Martin Larzabalekin batera), eta 1981ean Itsu-mandoka plazaratu zuen. Narrazio edo prosa-pieza laburrez osatua, hiru atal ditu liburuak: Haurkeriak, Joko Krudela eta Itsu-mandoka. Sakatrapuren marrazkiez hornitua, osorik irakur dezakezu orain. Hurrengo astean: Igor Estankonaren lehen poema-liburua, Anemometroa.

Uzt 24 03

Hegats 32 kalean

Plazaratu du Euskal Idazleen Elkarteak Hegats aldizkariaren 32. zenbakia. Txosten monografikoa du zientzia-fikzioaz, Iban Zalduaren Zenbait gogoeta zientzia fikzioaren inguruan lana dakarrela, Begoña del Tesoren Baina, benetan egiten dugu amets ardi elektrikoekin idatziaz lagunduta. Horretaz gain, Antonia Vicens eta Olga Xirinacsen lanak, 2000.eko Galeuscan aurkeztuak, eta Henrike Knörren Zuri, euskal gazte horri poema luzea irakur daitezke. Emilio Lopez Adan Beltza-ri Lorea Agirrek eginiko elkarrizketa ere badu, eta ohi bezala, zenbait liburu-kritika. Honekin batera, EIEKo bazkideei Kalegats agerkariaren 2. zenbakia ere helarazi die elkarteak. Bata zein bestea osorik irakur ditzakezu EIEren webgunean, www.idazleak.org, argitalpenen atalean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak