Abu
15
07
Kontrakoa dirudien arren, Klasikoen Gordailuaren helburua ez da inor kristau legera makurtzea. Haatik, irudipen hori indartzera gatoz aste honetan ere, antzinako bost doktrina berrargitaratuta. Haien balio nagusia, antzinakoak izatea, 1656tik 1739ra bitartean argitaratu ziren eta. Zaharrena, Martin Otxoa Kapanagaren Dotrinea, XVII. mendekoa. Ondotik dator Jose Otxoa Arinen Doktrina kristianaren explikazioa (1713), argitaratu izan den gipuzkerazko lehen liburua. Beranduxegokoak dira beste hiruak: Martin Arzadunen Doktrina kristianeen explikazinoa (1731), Franzisko Elizalderen Apezendako dotrina kistiana uskaraz (1735), eta Juan Irazustaren Doktrina kristiana (1739), ostera berragitalpen eta moldaketa gehien izan dituena.
Abu
14
07
Santi Onaindiak bultzatu eta burututako Olerti aldizkariak ez zion tarte handia eskaini literatur kritikari, sorkuntzazko lanen argitaratzeari baizik. Olerkiak —jatorrizkoak eta itzulpenak—, bertsoak eta prosazko zenbait lan kaleratzen zituen, batez ere, aldizkariak, baina hamar liburu kritika ere bildu zituen, 60ko hamarkadan agertutako liburuena. Olerki liburuak ia denak (Iratzederren Zeru-menditik, Arantzibiaren Bitargi, Gandiagaren Elorri, Bergiliren lanak…), Nemesio Etxanizen Lur berri billa ere bai (1967koa kritika, Santi Onaindiak dio Alain Robbe-Grilleten tankerakoa duela ipuin bat). Aldizkariaren egile eta sustatzaile nagusia zen Onaindia da kritika gehienak idatzi zituena, eta berarekin batera Zeleta, Aurre Apraiz eta Basabil. Hemen dituzu hamar kritikok. (gehiago…)
Abu
08
07
Antzerti yayan izan naz antzezlanaren eta Irribarrea galtzen denean eleberriaren artean 50 urteko tartea dago, eta urte horietan guztietan jardun zuen —hainbat urtetako isilaldiez, jakina— Eusebio Erkiagak, poemak idazten, kazetaritzan —Eguna egunkariko erredaktore izan zen—, euskararen aldeko lanetan… Lekeition jaioa 1912an, Euzkerea eta Yakintza aldizkarietan hasi zen poemak argitaratzen, eta 1936ko Lekeitioko Olerti Egunean aipamenik erdietsi zuen. Olerkiak idatzi eta argitaratzeari utzi ez bazion ere (liburu gisa ere bai, baina batez ere aldizkarietan: Olerti, Karmel, Egan), gerraren etenaren ostean eleberrigintzara jo zuen. Poemetan erakutsitako hizkuntza jori eta aberatsean, sei eleberri idatzi zituen, hiru 1950-60etako aroan —gaur Klasikoen Gordailura dakartzagun Arranegi (1958), Araibarko zalduna (1962) eta Batetik bestera (1962)— eta hiru 80etan, lanetik erretiroa hartuta: Txurio Txoria, Jaioko dira eta Irribarrea galtzen denean. Eleberri kostunbristak dira gaur Gordailura dakartzagunak, batez ere Arranegi, Txomin Agirreren Kresala-ren ildokoa dena, itsas giroko nobela. Hirira garamatzate besteek, eta pertsonaia diferenteagoeara, janzkera modernoa ematen diotenak, nahiz eta protagonisten bizibideetan —galbideetan batik bat— idazlearen ikuspegi morala larregi nabaritzen den. Hementxe hiru eleberriok.
Abu
07
07
Literatur Atalen Sorta azpizenburuarekin plazaratu zen Idatz & Mintz aldizkariaren lehen aletik, 1986tik, 2007ko azken alera arte literatur kritikari tokia eskainiz jarraitu du Labayru institutuaren ekimenez plazaratzen den aldizkariak. Hogei eta gehiago zenbakietan asko dira iruzkindutako liburuak, 20 urtez gure literaturak eman dituen lan esanguratsu anitzen komentarioa bilduz. 55 dira guk jaso ditugun kritikak, aldizkariaren 37. zenbakira bitartekoak. (gehiago…)
Abu
02
07
Euskarazko bidaia kronika lehenetakoa da Aprikako basamortuan, Augustin Anabitarterena (bereaz gain, Martin Ducq, Jon Izurrategi, Jean Etxepare aipatu ohi dira). 1891n Donostian jaioa, merkataria, aldizkarietan ekin zion idazle lanari: Argia, Euskal Esnalea, Euzkadi. Dibulgazioko lan batzuez gainera, 36ko gerra aurretik giro eta eduki kostunbristako bi eleberri idatzi zituen —Klasikoen Gordailuan jada dauden Usauri eta Donostia—, prosagile fina erakutsiz. Kostunbrismotik haratago, edukiari dagokionez ausartagoa da Poli eleberria, 1958koa, Donostiako kai eta kaleetan bizi den Poli umezurtzaren istorioa kontatzen diguna. Barojaren protagonisten eiteagokoa, Anabitarte eleberrigile destakatu moduan berretsi zigun. Aprikako basamortuan izan zen euskarazko bere azken lana, Poli bezala Itxaropena argitaldariaren Kuliska Sortan plazaratua (1961ean). Bidaia kronika, idazleak —bidaiaria zaletasunez, bere bidaien argazki sortak ere egiten zituena— Marseillan hasi eta Aljeriako basamortuan 1954an egindako ostera kontatzen du, paisajearen, herriaren, bidailagunen eta bizilagunen kronika bixia osatuz. Gerraosteko Anabitarteren bi lanok bildu ditugu Klasikoen Gordailura.
Abu
02
07
Euskal Idazleen Elkarteko agerkaria den Hegats aldizkariak hasieratik bertatik landu ditu, sorkuntzazko literatur lanekin batera, kritikagintza eta literatur azterketa. Hainbat gairen inguruko artikuluez gain, liburuen literatur-kritika hertsia ere egin izan du. 1989an hasita 2004ra arte —oraindik ere badihardu, eta horiek Kritiken Hemerotekan jasotzen ditugu—, berrogeita hamarretik gora dira iruzkindutako liburuak. Sakon aztertutakoak zenbait, batzuk liburu-kritika hertsia bainoago zenbait libururen azterketa sakona baitira (aldizkariaren 8, 10 eta 12 zenbakiak osorik horretara eskaini ziren, liburu azterketara, Biderako arrastoak izenburuaren pean). Aldizkariak liburu inportanteen eta 90eko hamarkadako euskal literatur bideen segimendua egin duen heinean, denak bildu ditugu, 58. (gehiago…)
Uzt
29
07
Estu eta luze, Ozeano Barearen ertzean, Hego Amerikan. Raul Zurita eta Ariel Dorfman. Mauricio Electorat eta Pablo de Rokha. Alejandro Jodorowsky, Marcela Serrano eta Luis Sepulveda. Egungo poeta txiletarren antologia bat.
Uzt
26
07
1980an hasita, 1994ko abendura arte kaleratu zen Susa aldizkaria. 14 urtez, 33 zenbakitan, literatur aldizkarietan erreferentzia bilakatu zen. Literatur kritikak ere izan zuen tokirik —sail berezia urte batzuetan, Motxilako liburutegia izenekoa, oso interesgarria, liburuen erreseina eta komentarioengatik—, 1989ra arte (orduan plazaratu zuen azken kritika), eta urte horietan guztietan 80ko hamarkadako euskarazko produkzioaren segimendua egin zuten. 53 liburu kritika argitaratu ziren, hemen dakartzagunak. (gehiago…)
Uzt
24
07
1884an Bizkaiko Maruri herrian jaio zen Alejandro Bilbao, Erramun Maruri izenaz ezagutzen dugun idazlea. Apaiz kaputxinoa, hainbat komentutan jardun zuen, elizgizon, Hondarribian, Iruñea eta Tuteran. 1932an ordena utzi eta gazteleraz ateratako komentuko bizimoduari buruzko gogoeta liburuan —Memorias o ¿Una esclavitud ignorada?, Errenteriako Makazagarenean— eliz agintarien hainbat jarrera gaitzesten zituela eta zigortua izan zen —ezin zuen jaunartu…—. Armintzara aldatu eta han bizi izan zen 1966an hil zen arte. Eta han jarraitu zion, tarte luze baten ondoren, 1920ko hamarkadan hasitako idazle lanari. 1920ko hamarkadan hasi zen, beraz, aldizkarietan olerkiak argitaratzen —Gure Herria, Euskal Esnalea, Arantzazu—, eta 1927an bertan plazaratu zuen bere lehen liburua, gaur hemen dakargunetako bat: Biotza abeslari. (gehiago…)
Uzt
23
07
Duela 50 urte, 1957ko uztailaren 23an hil zen Giusseppe Tomasi di Lampedusa, Il Gattopardo eleberriaren egilea. 1896ko abenduan Palermon jaioa, Palmako duke eta Lampedusako printzea, liburu bakar honekin iragan da literaturaren historiara. Sizilian Garibaldiren garaian kokaturiko istorioa, gizarte klase baten gainbeheraren eta batez ere osatzen duten pertsonaien erretratu bikaina egiten duena, ez zitzaion erraza gertatu lana argitaratzea. Eta ez zuen egileak ezagutu, 1958an plazaratu baitzuen Feltrinelli etxeak, Giorgio Bassani idazle eta editorearen ekimenez plazaratu ere. Koldo Bigurik euskaratu zuen Lampedusaren Il Gattopardo, eta Literatura Unibertsala bilduman plazaratu, Ibaizabal argitaletxearekin, 1995ean. Hemen duzu osorik. (gehiago…)
Uzt
22
07
Nobela beltzak azken urteetan izandako bultzadaz hitz egitera etorri zen Donostiara. Juan Ramon Biedmarekin mahai-inguru batean parte hartzekoa zen asteartean. Gijongo (Espainia) Aste Beltzak Donostia Kulturarekin duen akordioaren bidez heldu ziren. Nobela beltzaren indar eta esparruez, Kubaz eta marjinalitateaz dihardu elkarrizketan.
Uzt
19
07
Euskarazko prosa klasikoak oso eremu murritzetan jardun izan du oro har: erlijioa eta morala batez ere. Salbuespena den Martin Aranbururen kasua dakarkigu aste honetan Klasikoen Gordailuak. Gutxi dakigu haren bizitzaz, 1886tik 1931ra arte Deban mediku aritu zela izan ezik. Argitaratu zuen lehen idazlana 1899koa da, Manuel Bagorekin batera idatzitako Manual de higiene y medicina popular elebiduna, euskarazko izenburua Erriko jendeentzat osasun legeak eta medikantzako argibideak izan zuena. Handik gutxira, Erari espirituzkoak geiegi eratetik… idazlan laburragoarekin, Azpeitiko Itz Jostaldietako saria lortu, eta 1901an kaleratu zuen, hau ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Merezi du irakurtzea tartean hain “espirituzkoak” ez diren edari batzuen apologia, sagardoarena batik bat.
Uzt
18
07
1986an Eusko Jaurlaritzak abian jarritako laguntza batzuk medio, hiru urte t’erdiz, egunkari formatoko euskarazko astekaria kaleratu zuten Deia-k eta Egin-ek, Eguna eta Hemen izeneko agerkariak. 1990 bitartean, astero, euskaraz landu zituzten hainbat gai, egunkari formatuan, edukiari begira astekariak zirela ahantzi gabe. Hainbat kazetarirentzat formazio-toki ere izan ziren, 1990eko abenduan, beste bide batetik, euskarazko egunerokoa, Euskaldunon Egunkaria, kaleratu bitartean. Eguna agerkariak literatur kritika landu zuen, prentsaren ohizko formatuan. Hogei bildu ditugu, denak ere Jon Kortazarrek sinatuak, 1986-1987ko produkzioaren kritika egiten dutenak. (gehiago…)
Uzt
15
07
Egungo idazle frantsesik interesgarrienetako bat den Jean Echenozen azken lana itzuli du Gerardo Markuletak euskarara. Maurice Ravel musikariaren azken bizi puska kontatzen du nobelan. Ravel errealetik Ravel fikziozkora egiten du salto abilezia handiz, erreala eta nobeleskoa banandu ezinak eginez.
Uzt
12
07
XX. mendeko euskal kultur eta literatur aldizkarien erreferentzia ezinbestekoa, erbestetik euskararen aldarria egin zuen Euzko-Gogoa agerkariak ere heldu zion literatur kritikari, hasieratik, 1950eko bigarren zenbakitik. Zaitegirekin batera aldizkariaren motor zen Andima Ibinagabeitiak egindakoak gehienak, 71 kritika edo azterlan kaleratu zituen, 1950eko hamarkadako euskal literaturaren produkzioari segimendua eginez. Gerraosteko belaunaldiaren agertoki, iruzkindutako egileen zerrenda ere horixe da: Iokin Zaitegi, Jon Etxaide, Orixe, Salbatore Mitxelena, Nemesio Etxaniz, Xabier Iratzeder, A.M. Labaien, Agustin Anabitarte… Hemen dituzu kritika guztiok. (gehiago…)