Uzt 24 07

Erramun Maruri: Barne sentimenduen olerkigintza

1884an Bizkaiko Maruri herrian jaio zen Alejandro Bilbao, Erramun Maruri izenaz ezagutzen dugun idazlea. Apaiz kaputxinoa, hainbat komentutan jardun zuen, elizgizon, Hondarribian, Iruñea eta Tuteran. 1932an ordena utzi eta gazteleraz ateratako komentuko bizimoduari buruzko gogoeta liburuan —Memorias o ¿Una esclavitud ignorada?, Errenteriako Makazagarenean— eliz agintarien hainbat jarrera gaitzesten zituela eta zigortua izan zen —ezin zuen jaunartu…—. Armintzara aldatu eta han bizi izan zen 1966an hil zen arte. Eta han jarraitu zion, tarte luze baten ondoren, 1920ko hamarkadan hasitako idazle lanari. 1920ko hamarkadan hasi zen, beraz, aldizkarietan olerkiak argitaratzen —Gure Herria, Euskal Esnalea, Arantzazu—, eta 1927an bertan plazaratu zuen bere lehen liburua, gaur hemen dakargunetako bat: Biotza abeslari. 1927an Zornotzan emana, hiru sail ditu: Jainkotiak izenpean gaia erlijioa eta fedea duten olerkiak biltzen ditu; Landako loretxuak atalean natura du kantagai, eta Naskaldiak izenekoan (Nahaskaldi, denetarik agertuz Baserritarra eta Bizkaitarra aldizkari aranatarretan sail baten izena zen) berriz, bere familiaz, oroitzapenez eta barne-sentimenduez dihardu. Forma aldetik berritasunik gabeak, barne sentimenduak indarrez adierazteko ahalegina da poemotan dagoena. 1928an Lili-Txingar poema-liburua atera zuen— lehendik irakurgai duzu—, eta 1929an gaurkoan Gordailura dakargun bigarren liburua, Txomin Arlote. Haurrentzako liburuxka moduan kaleratua, koloretako azalarekin, hala azala nola barruko marrazkiak Txikik eginak dira. Marrazkiekin batera, lau bertso-lerrotako ahapaldietan, Txomin Arloteren elezaharra dakar. Maiz elkarrizketa dena hitz neurtuetan ematen ondo asmatzen du. Hiru publikazio hauetan azpimarragarria da bikoitza egin zuela edizioa, bizkaieraz eta gipuzkerazko bertsioekin. 1960an, azkenik, bere olerki liburu ezagun eta sakonena plazaratu zuen, bere barne borroken isla dena, lehendik ere Gordailuan dagoen Txingor egadak. Hemen dira, beraz, Erramun Mauriren lanak osatzera datozen Biotza abeslari eta Txomin Arlote.

Agenda

Efemerideak

Kritikak