50 urte Giuseppe Tomasi di Lampedusa hil zela
Duela 50 urte, 1957ko uztailaren 23an hil zen Giusseppe Tomasi di Lampedusa, Il Gattopardo eleberriaren egilea. 1896ko abenduan Palermon jaioa, Palmako duke eta Lampedusako printzea, liburu bakar honekin iragan da literaturaren historiara. Sizilian Garibaldiren garaian kokaturiko istorioa, gizarte klase baten gainbeheraren eta batez ere osatzen duten pertsonaien erretratu bikaina egiten duena, ez zitzaion erraza gertatu lana argitaratzea. Eta ez zuen egileak ezagutu, 1958an plazaratu baitzuen Feltrinelli etxeak, Giorgio Bassani idazle eta editorearen ekimenez plazaratu ere. Koldo Bigurik euskaratu zuen Lampedusaren Il Gattopardo, eta Literatura Unibertsala bilduman plazaratu, Ibaizabal argitaletxearekin, 1995ean. Hemen duzu osorik.
Il Gattopardo liburuaren euskarazko edizioan hitzaurrea idatzi zuen Koldo Bigurik, eta ederki jasotzen Lampedusaren berri:
“Giuseppe Tomasi, Palmako dukea eta Lampedusako printzea, Palermon jaio zen 1896ko abenduaren 23an, eta hemen aurkezten dugun Gattopardo honegatik igaro da literaturaren historiara. Gazte-gaztetandik irakurle ase-ezina izanik, oso ondo ezagutu zituen Frantziako, Inglaterrako eta Errusiako literaturak, jatorrizko hizkuntzan gainera, bai eta bere garaian Europan eta Ameriketan nagusi ziren literatur korronteak ere; Stendhal, Proust, Joyce eta Virginia Wolf ziren bere idazlerik gustukoenak. Alabaina, bere bizitza ia guztian ez zuen literaturarekin bestelako harremanik izan, harik eta 1953tik 1955ra bitartean bere mundu aristokratikoko bakardadea utzi eta Palermoko intelektual gazte batzuekin halako literatur-zenakulu bat antolatu eta zuzendu zuen arte; bere irakurketa ugarietan sakon ezagutzera iritsi zen literatura ingeles eta frantsesaren garapen historiko osoa jorratu zuen, bere idazle-jardunaren atarian”.
“Ordurako, Tomasi di Lampedusak urteak zeramatzan eleberri historiko bat idazteko asmoarekin, Sizilian girotua, Garibaldi lehorreratu zen garaian, bere birraitona baten, Giulio Tomasi di Lampedusaren figuran oinarrituz. 1954an bere lehengusu poeta bati lagundu zion idazle-batzar batera, eta horrela ezagutu ahal izan zituen garai hartako Italiako literaturgilerik onenak, baina izatez jendearentzat irekia ez izanik, ez zen inorekin harreman luzerik edukitzera iritsi. Halere, beharbada han ikusitako giroak akuilaturik, bere buruarekin konfiantza hartu eta ordura arte bazter utzia zuen sorlanari ekin zion, su eta gar, eta pare bat urteren buruan Il Gattopardo moldatu zuen, bai eta bost ipuin eta Stendhali buruzko azterlan bat idatzi ere”.
“Hortaz, hirurogei urterekin hasi zen idazten. Zoritxarrez, 1957. urteko udaberrian gaisotasun larri bat diagnostikatu zioten, eta Erromara joan zen sendatzeko asmoz, baina uztailaren 23ko gauean hil zen, bere literatur lanak argitaratuta ikusi gabe”.
Giorgio Bassani, Feltrinelli argitaletxerako idazle garaikideen liburu bilduma bat zuzentzen zuenaren eskuetara iritsi zen eleberria, lagun siziliar batek igorria, eta Il Gattopardo 1958an plazaratu zen; eta berehala sekulako arrakasta lortu zuen irakurleen artean (Strega saria jaso zuen 1959an). Liburua erabat bukatu eta orraztu gabea zegoela, eta egilea hilda, Bassaniren eskua ikusi izan dute askok eleberrian.
Liburuaren harrera ona izan zen, baina kontrako iritzirik ere jaso zuen. Ohartu behar gara neo-errealismoaren garaia zela, II. Mundu Gerra ez aspaldi joana eta gertakizun historiko baten kontaera, aristokraziako familia bat duela obraren ardatz, ez zela oso “garaikoa”.
Esan bezala, beste hiruzpalau lantxo ezagutzen zaizkio Lampedusako printzeari: ipuinak, testu autobiografiko labur bat, saioren bat eta Stendahli buruzko lan bat.
Literatur mundutik erabat aldendutako pertsona, lehen mundu gerran parte hartu zuen, preso egin zuten, eta ihes egin zuen. Rigan ezkondu eta Palermon finkatu zen, eta handik aurrera bizitza osoa Palermon eman zuen, irakurtzen, paseoan, kafeak hartzen. Tertuliaren batera-edo azaltzen omen zen, baina normalean esku hartu gabe. 1954an literatur bilkura batera ere joan zen, lehengusu bati laguntzen, Eugenio Montale eta Giorgio Bassani bera ezagutu zituen, eta, agi danean handik bueltan, aspaldi buruan zuen eleberria idazteari lotu zitzaion. Eta bukatu, 1956an. Handik gutxira, berriz, gaixo, Erromara sendabide batera joana zela, hil zen, 1957ko uztailaren 23an, eleberria artean argitara eman gabe zela.
Eleberri ezaguna, 1963an Luchino Viscontik egindako filmak ere ospea eman dio.
Internet: