Ots 21 07

W. H. Auden-en jaiotzaren mendeurrena

1907ko otsailaren 21ean, duela 100 urte, jaio zen Wystan Hugh Auden, poeta, kritikari eta antzerkigilea, askoren ustez XX. mendeko poesia ingelesaren gailurra. Poems (1928) liburutik hasi eta 1971ko Academic Graffitti libururaino, hala poesian nola antzerkian, mende oso bateko poeta bilakatu zuten. Juanjo Olasagarrek euskaratu zuen haren poemen antologia bat eta Susa argitaletxearekin publikatu, osorik irakur dezakezuna (Poema Antologia, Susa 1994). Rikardo Diaz de Arregiren hitzaurre batekin, liburuak W.H. Audenen bibliografia ere badakar. Horretaz gain, euskaraz Joseba Sarrionandiak jarria zuen Forma fin bat ikus dezazuenean (When you see a fair form) eta Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan argitaratua (Pamiela, 1985).

Ingalaterrako Yorken jaio zen Wysten Hugh Auden 1907an, baina familia Birminghamera aldatu zen hurrengo urtean. Han hazi zen W.H. Auden. Lehen mailako ikasketak Surreyn egin eta gero, graduatu mailakoak egitera Oxfordera jo zuen gaztetan geologoa izan nahi zuenak, 1925ean , eta han talde esanguratsua sortu zen bere inguruan: nerabe garaian ezagututako Cristopher Isherwood, Cecil Day Lewis, Louis MacNeice, Stephen Spender. Politiko eta sozialki ezker joerako taldea. Cecil Day Lewis-ek, adibidez, Espainiako 36ko gerra zela eta Nabarra poema luzea idatzi zuen, Nabarra bouaren hondoraketari buruzkoa (Labayruk Idatz & Mintz aldizkariko separata moduan argitaratua, Luigi Anselmiren itzulpenaz eta Jesus A. Etxezarragaren sarreraz).

Urte garrantzitsuak izan ziren horiek. Cristopher Isherwoodekin batera Alemanian egonaldia egin zuen 1928-1929an, Bertolt Brecht eta beste hainbat autoreren lana ezagutzeko parada eman ziona, Ingalaterrako gizartean topa ezin zezakeen askatasuna aurkitu eta gozatu zuela. Bere homosexualitatea adieraztekoa, besteak beste.

1928an argitarapen pribatuan kaleratua, 1930ean, T. S. Eliot-ek bultzatu zuen Poems poemarioaren publikazioa, W.H. Auden poesiaren alorrean toki seinalatu batean jarri zuena.

Espainiako 36ko gerrara eraman zuen bere jarrera sozialak, anbulantzia bateko gidari. Spain 1937 poeman kontatzen ditu ordukoak. Ez zen bidaia bakarra izan: Islandian egon zen (Letters from Iceland) eta Txinara ere egin zuen txangoa hango gerra ezagutuz (Journey to a War).

1930eko urte haietan, poesiaz gain, antzerkiaren alorrean lana egin zuen. Cristopher Isherwoodekin batera hainbat obra kaleratu zituen, eta opera eta musika-ekitaldietan Benjamin Britten musikagilearekin ere lankidetzan jardun zuen.

1940ko hamarkadan AEBetara jo zuen, non bizitzen jarri baitzen. ez zen, hala ere, geldirik egon. Atlantikoaren alde batetik bestera maiz ibili zen, poesia errezitaldi eta kultur ekitaldietan, eta halako baten biharamunean, Vienan poesia errezitaldi baten biharamunean, zendu zen, 1973ko irailaren 29an.

Berrogeitaka urtetan garatu zen bere literatur lanetan bilakaera ere ikus daiteke, hala bere pentsamenduan —marxismotik fede protestantera egindako bidea— nola bere poesigintzan: mende hasierako modernismoa, forma tradizionalagoak, forma barrokoen eta pop estilokoen alternantzia, gizartearen porrotaren isla, azterketa psikologikoak…

Oso zabala da bere bibliografia, eta handia hari buruzko lanen zerrenda. Interneten horiek denak aurki daitezke.
Bere bizitza eta lanei buruzko gune interesgarri batzuk hauexek dituzu:

Auden Society

Wikipedia

American poetry Academy

Horrez gain, mendeurrena dela eta egiten ari diren ekitaldien berri ere jakin daiteke, eta, bestalde, Audenen beste arlo batzuk ezagutzeko:

Auden poema bat irakurtzen

Elkarrizketa luzea W.H. Audeni The Paris Review aldizkarian

Hiruzpalau elkarrizketa Audeni BBCren artxiboan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak