Italo Calvinoren Kuba
Italiak eman duen idazle handienetako bat, Italo Calvino, kubatarra zen sorlekuz. Ez ordea kasualitatez: Mario Calvino eta Eva Mameli, Kubako nekazaritzan lehenarena eta geroaren arteko marra ezarri zuten lankide eta senar-emazteak, buru-bihotzez lotu ziren guajiroen lurrari eta kubatarren aberriari, sortu zuten Ikerketa Zentroa zuzentzeak eta uharteko nekazaritzaren egitura ekonomiko-soziala berritzeak eskatzen ziotenaz haraindi. Uharteak aztarna sakona utzi zuen familian betirako. Italo hogei urteko zela sartu zen partisanoetan, faxisten eta tropa alemanen aurka. Bigarren mundu gerrako urte haietan bizitutakoa erakusteko bihurtu zen idazle (Armiarma habien bidezidorra, 1947). Ez da harritzekoa, beraz, atxikimendu handiz jarraitzea Sierra Maestrako gerrillarien borroka: gazte denboraren akordua sorlekuaren nostalgian bildua. La Habana bisitatu zuen iraultzaileak nagusitu zirenean, eta Casa de las Américas antolamenduarekin kolaboratu zuen. Kuba eta USA harreman diplomatikotan hasi diren uneon, interesgarria iruditu zaigu Italo Calvinoren Ernesto Che Guevara eta Kubako Iraultzarentzat artikulu laburrak ekartzea.