Ezenarroren koadro morala
Sei urteko zela ama hil eta Donostiara ekarri zuten, aitaren gurasoenera, Juan Ezenarro. Ikasle ona eta pilotari bikaina azaldu zen. Antza denez, pilotaren ondorioz elbarritu zen lepahezurretik gaztetxoa zela. Irakurtzeari eman zion orduan, idazteari. Aitak Errenterian zeukan tailerrean ikasi zuen gero Irunen bizimodua ateratzearren baliatutako espartingintza. Hainbat olerki publikatu zituen 1910 eta 1920ko hamarraldiko aldizkarietan. Hendaiara jo zuen frankistek Irun hartu zutelarik, eta bost urte eman zituen bere gain zabaldu zuen saltegiari esker, naziek zein frankistek baimena eman zioten arte Irunera itzultzeko. Bitartean, olerkigintzan segitu zuen Txori-Txiki izenarekin sinaturiko aldarri abertzale eta sentimentaletan. Baina olerkia barik, Ezenarrok hitz lauz egin zuen lan bakanetakoa eskaintzen dizuegu, Patxi Harro ipuina, izan behar zukeen pilotari profesionalaren munduan oinarritua jokoaz, emakumeaz, familiaz, euskaltasunaz ehundutako koadro morala. Idazlearen ezaugarriak zuzen islatzen dituelakoan.