Gerla Handia: Ez dugu bertze minik herrikoa baizik
Errusiak alemanak garaitu ditu Kaukason, turkiarrak larri omen dabiltza, Belgikan ere metroak irabazten, Reims aldean “guk galtze guti; etsaiak hilak trumilka”, iIa oro da bihotz-altxagarri, “gure baionetak ez dire alfer egon” leitzen dugu aste honetako Eskualduna-n. Kazetariak ohartarazten digunez, “iraunen dutenek ukanen dute sarrixago zer konda”. Jean Etxeparek barneko ospitaletan gertatzen ari direnak aletzen dizkigu, txerto eskasia, zirujauen garrantzia, mendikuntzaren aitzinamendua, X izpiak kasurako. Jean Saint-Pierre besteak beste negu ustelaz mintzo da, “Oldar handiagokoaren egiteko, aroa dugu gehienik eskas”. Bestalde tiratzaile on baten balentria berritzen digu eta ondarrean erregu bat, musean aritzeko karta joko bat galdatzen du, kartak piltzartu baitzazkie. Gutun bat ere argitaratzen du aste honetako Eskualduna-k, frontean diren euskaldunen gogoeta gisa. Kirikiñok Euzkadi-n dioskunez euskaldun soldado zaurituak Pariseko Orly jauregian elkartu dituzte. Tolosako batzokian bildu behar omen dituzte haiendako gutunak, eta Tolosatik Baionara igorri.