Gerla Handia:
Gauberri armadetan
Aliatuak aitzina omen doaz gerra-toki orotan. Alemanek xafraldi gaitzak hartu omen dituzte bai Belgikako bai Poloniako fronteetan. Aste honetako Eskualduna-k tarte zabala eskaintzen dio Poloniako fronteei. Errusiak aurre egin die Alemaniari Varsovia aldean eta Austriari Krakovia inguruan. Ingelesek nagusi darraite itsasaldean eta bestalde, Afrikako iparraldea ari dira bereganatzen, Egipto ingelesen esku eta Maroko Frantziarenean geratu dira. Serbia beti gerran, turkoen kontra, bulgariarren kontra, orain austriarrei hartu die aurre. Serbiarrak sorlekuari atxikiak dira. Eskualduna Alemania eta Turkiaren arteko adiskidantzaz trufatzen da, Turkiak Van der Goltz alemaniarra jarri omen du armada zuzentzen, aleman bat fedegabeen buru. Suitzan aldiz katoliko bat hautatu dute lehendakari, Motta Frantziaren aldeko jotzen du kazetak. Ez da poesiarik falta aste honetakoan, Gauberri armadetan bertsoak lekuko, eta ohi den gisara balentria bat pausatzen digu Eskualduna-k, Ekialdeko Pirinioetako Filipe soldadoaren egina aurreko astean loriatu zuen J.P. Bergararen balentriaren pare jartzen baitu.