100 urte Georg Trakl hil zela
Kokaina gaindosi batek eraman zuen, 1914ko azaroaren 3an, Georg Trakl poeta alemana. XIX. mende amaiera eta XX. mende hastapenean Austria-Hungariako inperioan bizi izan zen loraldi kulturalaren partaide izan zen, eta baita inperio haren gainbeheraren testigu ere, eta tarte historiko horretan, alemaniar erromantizismoaren eta espresionismoaren arteko katebegia da. Beñat Sarasolak dioskunez, Alemanian modernismoari ateak irekitzen dizkion poeta. Izadiaren zabala bere obran agertzen duena, maiz istanten bitartez emana, halako tristezia batek blaituta. Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratu du Susa argitaletxeak, Anton Garikanok euskaratuta, Georg Traklen poemen antologia bat, osorik irakur dezakezuna. Antologiaren sarreran ematen dizkigu autoreari buruzko zertzelada zehatzak Sarasolak, batzuen ustez XIX. mendeko erregimen zahar eta XX.eko berriaren arteko benetako muga den 1914ko gerlaren hasieran hil zena.