Nagib Mahfuzen heriotza
95 urte zituela hil da, 2006ko abuztuaren 30ean, Kairon noski, Nagib Mahfuz idazlea. XX. mendeko Egiptoko idazle eta intelektual inportantea, Mirarien karrika liburua medio ezagutu da, hein handi batean, Mendebaldean, eta batez ere 1988an Nobel saria jaso zuelako. Ipuinak idazten hasitakoa, 1947koa da Mirarien karrika, eta 50eko hamarkadakoa bere obrarik esanguratsuena, Kairoko Trilogia (Bi jauregien artean, Azukrearen kalea, Desiraren jauregia). Lehenago hasitako eleberri historikoak utzi eta arlo sozialagoko narrazioetara lerratua zen Mahfuz. Gerora beste hainbat eleberri, ipuin-bilduma eta filmetarako gidoi idatzia da literatura arabiar modernoaren aitatzat jotzen den Nagib Mahfuzek (Lapurra eta zakurrak; Miramar…). Euskaraz ere irakur daiteke. Patxi Zubizarretak ekarri du euskarara Mila eta bat gauen gauak, eta Txalapartak kaleratu 2006ko maiatzean. Mirarien karrika ere, Literatura Unibertsala bildumakoa, euskaratua du Zubizarretak, aurten argitaratuko dena.
Mila eta bat gauen gauak liburua eskaintzen dizugu.