Eliz literatura
Gure literatura klasikoak nagusiki erlijioaren esparruko gaiak izan ditu ardatz, eskuarki, teologiaren labarretan ausartu gabe, eliz mezua zabaldu baino egiten ez zutenak. Horren erakusgarri, eta J. A. Mogelen idazlan guztiak biltzeko ahaleginean, haren Kristaubaren ikasbidea (XVIII.mendea: 1987) eta Kristau Erakasle Euskalduna (XVIII.mendea: 2004) eskaintzen ditu Klasikoen Gordailuak gaurkoan, bi-biak katiximen arlokoak. Beste multzo batean datoz Juan Mateo Zabalaren Sermoiak-I (1816-1833: 1996) eta Sermoiak-II (1816-1833: 2000). Txomin Agirreren Sermoiak (1898-1916: 2000) izeneko bildumak emango dio amaiera gaurko irakurraldiari. Nolanahi ere, erlijio-literatura urruti duenari interesgarri egingo zaizkio Mogelen lehen liburuaren erdarazko hitzaurrea eta Agirreren sermoien artean galdutako harribitxia, hots, Euskeraren alde izeneko hitzaldia.