Oier Guillanen gabeziak
eta bakarrizketak
Lehiaketen zurrunbiloan gutxietsitako Oier Guillanen bi liburu dakarzkizugu gaurkoan. Gabeziak elementu gutxi batzuekin sortutako mundu poetikoa da, kontrastez antolatua: mugarik gabeko izarak eta gela bat, gela bat baino ez hiriaren erdian: besterik behar ote dute maitaleek, ordea, orainak eta orbainak trukatzeko? Baina amodioaren zurrunbiloak baditu bere pausaldiak, zalantza zirraragarri bihurtu beharrekoak. Poema labur eta gardenak, adimenaren eta sentimenaren uztarketa begia, iluna eta azala bitarte. Bakarrizketa poetikoak lana jokalari bakarrerako lau bakarrizketak osatua da, lauak gaiaren garapenaren zerbitzuan: jokalekurako poesia, genero zaila eta Oier Guillan bera lantzaile bakarra dukeena gure literaturan. Mundua, benaz, hilapaindegia da, itxaropenak esperantza gutxi. Heriotza, argi dago, ezoroitzea da: zer da lekukotasunik gabeko bizitza hau? Heriotza ekiditea, ez dago besterik, horixe da guri eskaini zaigun mandatua. Itzaliko da jokalekua argitzen duen argi xumea. Larruazala ezpain bihurtuko zaio ikusleari, oroitzen ez zuen ahots huraxe etorriko zaio akordura.