Suetena Belfasten
Irlandako herriari eta hango gatazkari begiratu izan diogu, eta begirada hori fintzen lagundu ziguten Imanol Murua Uria eta Hunberto Unzueta kazetariek 1996an Susarekin kaleratu zuten Suetena Belfasten liburuarekin. Kronika liburu bikaina, Irlandan egindako hilabeteetan kazetariok herri hartako gatazka armatuaren muinari heldu nahi izan zioten, eta hura ezagutu eta entenditzeko lanabesak eman irakurleari historia, kronika sozialak, pasadizoak, protagonisten ahotsa, biktimena… estilo zuzen eta bizi batez jasoz. Kazetaritzak eta literaturak bat egiten duten eremu horretan murgildu ziren, trebetasunez, Murua eta Unzueta, eta orain zeu murgil zaitezke haien lanean liburu osoa hemen irakurriz.