Edorta Jimenez Atoiuntzia
Ipuin liburu bikaina da aste honetan osorik eskainiko dizuguna: Atoiuntzia. Edorta Jimenezek 1990ean idazle mundakarrak murgil egin zuen narratibaren uretan, eta txukun asko egin gainera. Omar Nabarroren izenpean poema-liburuak ezagutzen genizkion ordura arte (Itxastxorien bindikapena, Egutegi esperimentala, Gaua zulatzen duten ahausietan…), eta bere poemetakoaz gain beste mundu batzuk ere nabiga zitzakeela erakutsi zigun. Atoiuntzia-ko narrazioetan bere inguruari, geografikoari eta historikoari, begira jarri zen Jimenez eta begiratu beharrekoa dela erakutsi. Gerora bere eleberri batzuetan jorratu dituen elementuak (Azken fusila, Kilkerren hotsak) antzeman daitezke ipuin eder hauetan.