Euskal lokuzioak sarean
Euskaldun guztiei euskarazko lokuzioak ezagutzeko eta lantzeko aukera emango dien gunea sortzea izan du helburu Koldo Izagirre, Joxan Elosegi eta Josu Landak abian jarritako lantaldeak. Intza Proiektuaren abiapuntua eta oinarria Koldo Izagirreren bilduma (Euskal Lokuzioak, Hordago Argitaletxea, 1981) izan zen, baina osagarri garrantzitsuz hornitua. Alde batetik, ikuskatu, zuzendu eta txukundu egin dute liburu hartan bilduriko materiala, eta, bestetik, sarrera emango zaie taldeak berak eta beste laguntzaile askok, han eta hemen ahozko jardunetik eta idatzizko hainbat iturritatik jasoriko lokuzioei. Une honetan, 6.230 lokuzio daude batuta eta sailkatuta. Etengabe hazten doan proiektua duzue hau, eta astean gutxienez bi aldiz berriztatzen dituzte edukiak.