1.000 ebook saldu ditu Susak
2011ko azaroaren 2an abiatu zuen Susa argitaletxeak ebook salmentarako plataforma. Baziren merkatuan eta inguruan eredu zenbait, baina Susak berea landu eta asmatu zuen: DRM giltzarraporik gabekoa eta 3 euro (+BEZ) ale bakoitzaren salneurria, 2 euro idazlearentzat eta 1 argitaletxearentzat.
Paperezkoari oraindik itzalik egiten ez badio ere, onartu behar dugu positiboki harritu gaituela ekimen honek izan duen harrerak. Lehenengo hiru hilabeteetan oso handia izan zen gunearen martxa, egunero, hutsik egin gabe, gutxienez erosketaren bat tarteko zela. Hasmentako enbata horren ondoren, jaitsi egin zen abiada baina ez da eten, eta horrelaxe iritsi gara aste honetan 1.000. alea saltzera.
Albiste pozgarria da, gure proposamenak harrera ona izan duela berresten digulako; baina horretaz gain, euskal liburu elektronikoak erosten eta irakurtzen dituen jendea badagoela erakusten duelako. Izan ere, hainbat liburu saldu izanak bezainbat harritu gaitu 355 erosle diferente izan ditugula, gutxienez liburu bat erosi dutenak. Denera 53 idazleren 108 titulu saldu dira 1.007 ale arte.